Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria: 24 urteren bueltan uhinetako okupak gara oraindik

2011-11-25

SILLERO ALFARO, Maider

Komunikabide tradizionalak gero eta zailtasun handiagoak dituzte biztanleriara iristeko. Internet eta teknologia berriak mesede egin diete hainbat puntutan, baina beste zenbaitenean kalte. Komunikabideek izpiritu berritzailearekin egin behar izan diote aurre egoera berriari atzean geratu nahi ez badute. Gainera, zailtasun hauei finantziazioaren arazoa gehitu beha diogu. Hau gutxi balitz, Euskalerria Irratiaren kasua oraindik labainagoa da. 1988ko azaroaren 7tik ari da emititzen Iruñean eta oraindik ez du emititzeko lizentziarik lortu.

Mikel lehendabizi azaldu beharko diguzu zein puntutan dagoen lizentzien kontua.

Nafarroako Gobernuak konkurtsora aterako ditu emititzeko lizentzia batzuk abenduan, Licencia de Prestación de Servicios de Comunicación. Hau da, komunikazio zerbitzuak emateko lizentziak. Nafarroa guztian 42 izanen omen dira, baina horietatik Iruñean 2 bakarrik.

Aurreko aldietan gertatu direnak ezagututa, komeni da gauzak ongi egitea oraingo honetan. Eta honek esan nahi du behar den bezalako konkurtso bat egitea. Arau, lehentasun, irizpide... zehatzekin eta aldez aurretik esandakoekin. Lizentzia horietan “zerbitzu” hitza azaltzen da, baina nolako zerbitzuaz ari dira defini dezatela eskatzen dugu eta gero, horren arabera, zehaztu ditzatela baloraziorako erabiliko dituzten irizpideak etab.

“Aurreko aldietan gertatu direnak ezagututa” esan duzu, baina zer gertatu izan da aurreko aldietan?

Aurreko aldietan gertatu da konkurtsoak oso zabaletik joan direla, diskrezionalidade margen ikaragarri handia izan dute eta gainera epaimahaian prestakuntza egokirik gabeko jendea jarri dute. Irratiarena komunikazio sozialaren arloko gai bat da eta ez da posible, eta aurreko aldietan egin dute, balorazio-mahian ez egotea kazetari bakar bat ere; hau da, informazioaz eta komunikazioaz espezializatua dagoen inor. Oraingo honetan ere bide hori hartu dezakete...

“Komunikazio zerbitzu bat ari gara eskaintzen Iruñealdeko euskal jendeari eta horretan jarraitu nahiko genuke ahal den zerbitzu hoberena emanez.”

Eta horregatik aurkeztu dituzue 38 alegazio...

Orain, konkurtsoa atera baino lehen, esku artean Foru Dekretu bat dute eta horren bidez terrenoa prestatu nahi dute. Horregatik garrantzi handikoa da orain Dekretua behar den bezala definitua gelditzea eta horregatik egin ditugu alegazioak. 38 dira, hauetako batzuk bere azpiatalak dituzte, baina funtsean eskatzen duguna da egin dezatela konkurtso bat behar den bezalakoa. Egia da beste gauza batzuk esaten ditugula, gogorarazten dugu, adibidez, aurreko konkurtsoa, 1998an hasitakoa, inkonklusoa dagoela, oraindik bukatu gabe.

Lehengo Gobernuak erabakia hartu zuen, gu auzitara jo genuen eta epaileek arrazoia eman ziguten eta baliogabetu egin zuten. Gobernuak berriro hartu zuen erabakia, berriro ere gure ikuspuntutik oker, eta berriro ere baliogabetu zuten epaileek. Bigarren aldi honetan Nafarroako Gobernuak auzia Madrilera eraman zuen kasazio-errekurtsoa Auzitegi Gorenera. Horregatik esaten diegu konkurtso berria antolatu baino lehen aurrekoa bukatu beharko luketela. Eta nola? Ba Iruñeko epaileek esan zietena betez eta erretiratuz Madrilera eramana duten kasazio-errekurtso hori.

Bestalde, kontuan hartzeko noski, Nafarroako hizkuntza-errealitatea eta hizkuntzaren gaiarekin dauzkaten betebeharrak. Eskatzen dugu egin dezatela hemen, Nafarroan, irratietan zer eskaintzen den aztertuko duen estudio bat, aztertu dezatela dagoen gizarte-demanda, ze sektore dauden behar bezala atenditu gabeak, eta estudio horretatik atera ditzatela zein diren lehentasunak, zein irizpideak eta horrela egin dezatela Konkurtsoa.

Izan ere Euskalerria Irratia Iruñean euskara hutsez dagoen irrati bakarra da.

Irrati lokal bakarra da bai, eta 24. denboraldiaz ari gara emititzen gainera. Euskaraz eskaintzen dugu informazioa, komunikazioa, entretenimendua, dibulgazio kulturala, kirol erretransmisioak... Guk daukagun ahala edo gaitasuna ez da 24 orduz euskarazko programazioa egiteko. Guk gure lan taldearekin eta hemen, Iruñerriko euskal jendeak sortzen duen euskarazko komunikazioarekin, egunean 6-7 orduko programazioa egin dezakegu. Gainerako beste ordu guztietan Euskadi Irratia ari gara sartzen. 24 orduko zerbitzua eskaintzen dugu baina tarte batzuetan gure programazioa eta beste batzuetan Euskadi Irratiarena. Aplikatzen dugu beste irratiek egiten dutena, conexión / desconexión, hau da, programazio lokala eta tokikoa ez denean sare zabalagoa sartuz, kasu honetan Euskal Herri mailakoa Euskadi Irratiaren bitartez.

Lizentzia ez izateak ze eragozpen sortzen dizkio Euskalerria Irratiari? Edo alderantziz planteatuta, lizentzia izateak ze aldaketa ekarriko lituzke?

Lizentziak segurtasun juridikoa ekarriko luke. Edozein jardueratan aritzeko bai pertsonek eta bai erakundeek behar duten segurtasun juridikoa; gure eskubideen titular dira eta eskubide horiek errekonozituak izan behar dute. Segurtasun juridikorik gabe edozein aktibitate zalantzazkoa bihurtzen da. Pentsa ezazu, kontratazio bat egiten dugunean ez dakigu noiz arte iraun ahal izanen dugun. Momentu honetan, eta 24 urteren bueltan, gu gara uhinetako okupa batzuk. Gu gaude etxe bat erabiltzen jabe izan gabe edo jabetasun titulurik eduki gabe. Segurtasun juridikotik deribatzen diren arazoak dira guztiak.

Egoera honek ere laguntza ofizialetatik kanpo uzten zaituztete...

Bai, hori da. Asko edo gutxi, ez dira batere oparoak Nafarroako Instituzioek ematen dituztenak, baina horiek hartzeko eskubiderik ez dugu. Baina ez hori bakarrik, publizitatea kontratatzera goazenean galdetzen digute ea legalak edo ilegalak garen eta mila esplikazio eman behar. Egia da, denborarekin sendotu egin dela.

Hemen Iruñerrian euskara hutsezko irrati bat egitea ez da gauza erraza euskaldunen kopurua mordoxka bat izanda gutxiengoa delako erdaldunen ondoan. Hala ere ari gara. Berez zailtasunak dituenari traba gehigarriak jartzen dizkio, era guztietako problemak dira gainera.

Traba guztiak jarrita ere, 24 urtez zuzenean. Ez da gutxi.

Askotan esaten dut hau, baina badakizu zer gertatzen den? Euskalerria Irratiaz akordatzen zaretenean, eta guk eskertzen dugu hori, besteek egiten digutenaz galdetzen diguzue eta gu nahiago genuke guk egiten dugunaz hitz egitea. Egiten diguten horri erantzuna emateko esfortzu gehigarria behar dugu. Guk nahiago genuke, orain galdetu diguzun bezala, esatea ari garela, poliki-poliki eta geure onena ematen. Komunikazio zerbitzu bat ari gara eskaintzen Iruñealdeko euskal jendeari eta horretan jarraitu nahiko genuke ahal den zerbitzu hoberena emanez. Eta horretara eman nahiko genuke geure indarra eta ematen ditugun esplikazioak horren inguruan izatea, baina gertatzen zaigun beste problema horretan energia joaten zaigula auzietan, erreklamazioak egiten, protestak egiten etab. Eta hau da guretzat besteek egin behar ez duten lan gehigarri bat.

Zenbat langilek osatzen duzue irratiko lan taldea?

12 pertsonako lan taldea dugu definitua. Gure tamaina ahal ekonomikoak mugatzen du. Lan taldearentzako soldata atera beharra daukagu eta badakizu guk finantziazioa hanka bat baino gehiagoren gainean daukagula; Alde batetik publizitate komertziala, gure komertzialek iragarkiak kontratatzeko ahaleginetan ibiltzen dira eta iruditzen zaigu irrati hau medio egokia dela iragarkiak zabaltzeko. Badugu ere Euskalerria Irratiaren adiskideen elkartea eta 800 pertsona dira urteroko kuota ordaintzen dutenak eta guretzako diru sarrera garrantzitsua da. Ahal dugunean diru laguntza batzuk lortzen ditugu; azken urte hauetan Udalbiderekin lan hitzarmena egin dugu eta Eusko Jaurlaritzatik ere lortu ditugu laguntzak, ez hedabide moduan, baina bai euskalgintzaren deialditik, euskararen erabilera sustatzeko. Honek tamaina bat du eta tamaina honek ez du gehiagorako ematen.

Gero, beste gauza bat da hemen Iruiñerrian zenbat euskaldun garen eta zenbateko komunikazioa sortzen duen hemengo jendeak. Nahiko genuke gehiago izatea, gu ere gehiago izatea, baina gaurko egunean hor gaude: 11 errealitatean baina gure plangintzen arabera lantaldeak 12koa izan beharko luke.

Nolakoa da kazetagintza / irratigintza egitea Iruñean euskaraz?

Hor ere muga batzuk sortzen dira, noski, baina horretara egokitu beharra dugu. Saiatzen gara egiten beste edozein irrati konbentzionalak egiten dutena gehi esaten ez dutena, hori ere. Esate baterako, hauteskunde kanpaina iristen denean; euskaraz espresatzeko kapazak diren pertsonak batzuk dira eta horiei elkarrizketak egin ahal dizkiegu baina ezin dugu elkarrizketarik egin euskaraz ez dakienari. Eta politikan den bezala gizartearen eta jakintzen beste arlotan horixe bera gertatzen da. Giro eta testuinguru batzuetan pertsona batzuk baditugu baina jende gehienak ez daki euskaraz eta horregatik solaskideak bilatzen ibili beharra dago. Egia da urtetik urtera poliki-poliki jende gehiago badela, baina oraindik dira zenbait esparru euskaraz aritzeko solaskide egokirik gabe, hori ere bada. Bestalde, guk oso argi daukagu eta beti hasieratik definitu dugu Euskalerria Irratiak irrati profesionala izan behar duela, jendeak dedikazioarekin eta erantzukizun batekin lan egin beharra du eta hori garrantzizkoa da irizpide bezala. Askotan nahiko genuke topatzen ditugun solaskide baino gehiago aurkitzea. Limitazio batzuk baditugu, hemengo errealitate soziolinguistikoak jartzen dizkigunak.

“Saiatzen gara egiten beste edozein irrati konbentzionalak egiten dutena gehi esaten ez dutena, hori ere.”

Urte luzez zabiltza kazetaritzaren munduan, Mikel. Esaten da kazetari profesionalen irudia edo prestigioa arriskuan dagoela, behera egin duela azkeneko urteetan... Nola ikusten duzu zuk hori?

Beti gogoan dut Pablo Antoñana (1927-2009) zena, Nafarroako idazle handia, honek bere liburuen aurkezpenetan, behintzat azken boladan, liburua presentatu eta kazetariek galderarik egiten ez ziotenean Antoñanak gazteleraz eta bere modura, esaten zuena: “gaur eguneko kazetariek ez dakizue galdetzen ere”. Eta egia da... nik ikusten dut kazetari asko irizpiderik gabe, eta hori ez da posible. Eta nola eduki liteke irizpidea? Batetik kazetariak informazioa behar du, kazetari batentzat nire perspektibatik, titulazioak baino gehiago balio behar luke ezagutzak, jakiteak, informatuta egoteak. Zenbateraino? Ba ez dakigu, baina ze ingurutan zauden jakin beharra daukazu. Esate baterako, Euskal Herriko gizarte elebidun batean ez da posible kazetari izatea euskara jakin gabe, hori gauzarik elementalena da. Gizartea bietan mintzo da, beraz euskara entenditu, ez hitz egin, baizik eta entenditzen ez duen kazetariak ezin du hauteman gizarte horrek esaten, egiten eta sortzen duena. Baina horretaz aparte informazioa eduki behar da. Lan talde txikiko irratian eta medio askotan ere behar da diziplina anitzeko jakintza bat. Gure lankide batek beti esaten du irakasle batek esan omen ziona, kazetaritzak luze-zabalera handikoa, nahiz sakonera txikiko jakintza behar duela. Agian tokatzen zaizu arte erakusketa batez edo ekonomiaz edota medikuntzaz hitz egitea baina ez gara espezialistak ezertan.

Eta kazetaritzaren espezializazioaz zer diozu, beraz?

Hori desideratum bat da. Hemen, gurean, denetarik egitea tokatzen da, nahiz eta egia izan batzuek espezializatuagoak egon. Adibidez oraintxe musika talde bat etorri da, ba badira gurean musika kontuak hurbilagotik jarraitzen dituztenak besteak baino, edo bada antzerkizaletasun handiagoa duena besteek baino, edo berdin kirolarekin... baina denoi tokatzen zaigu. Politika arlotik edo ekonomiatik gero eta gai gehiago dago eta hor ikusten da oso argi gutxieneko jakintza bat eskatzen duela.

Baina kazetari loritoa penagarria iruditzen zait, zertan ari den ez dakiena errepikatuz besteek esaten dutena eta askotan konturatu gabe esaten ari den horrek ez duela batere zentzurik. Beraz kazetari batek behar du informazioa eta irizpidea eta titulua baldin badu, hobeto. Jakin-min pixka bat behar du bere inguruan zer gertatzen den jakiteko, bestela nekez emanen duzu ezeren berri.

Zein litzateke kazetaritzaren erronka? Teknologia berriak sartu dira...

Teknologia berrietara erne egon behar da eta horiek aprobetxatu egin behar dira, baina iruditzen zait batzuetan ahaztu egiten dugula teknologia zaharra, tradizionala edo analogikoa, oraingoz behintzat ez duena ordezkaririk aurkitu. Gu ari gara eta aritu beharra dugu online, aritu beharra dugu gero eta gehiago web orrietan antenan emititu dugun hori eskaintzen etab. Sistema zaharra, uhinen bitartekoa, egin behar da eta gaurkoz entzule gehienak sistema horretatik datoz. Beraz teknologia berriak bai, baina batzuetan iruditzen zait errespetu falta bat entzule tradizionalarekiko, orain artekoarekiko. Hori ere zaindu egin beharra daukagu. Beharbada izango dira gero eta gutxiago eta gero eta gehiago beste sistemekin ariko direnak, baina jende horri ere eskaini behar zaio atentzioa eta errespetua zor diegu.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Maria Carmen Gallastegui. Teoria Ekonomikoan Katedraduna: Etorkizuneko ongizatea orainaldira ekarri dugu eta geure aukeren gainetik bizi izan gara

 

Irakurri

Irakurrienak. : Asier Hilario / Koldo Martínez Urionabarrenetxea / Xabier Arakistain / Paula Kasares / Lucía Lacarra / Emilio López Adan / María Goñi

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu

 

Irakurri

Miren Arantza Madariaga. CIINPIko zuzendaria: Berdintasunaren aldeko borrokaren estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa

 

Irakurri

Ramón Labayen. Politiko ohia, Euskaltzalea: Gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat... eta hortik nazio bat

 

Irakurri