Ramiro Larrañaga: "Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen"

2003-05-16

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Ramiro Larrañaga Ramiro Larrañaga, grabatzailea eta idazlea "Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen" * Beñat Doxandabaratz Otaegi Bere etxean egin dit ongi etorria, Donostiako Egia auzo herrikoian. Bere osasun makala dela eta, kezkatua dirudi Ramirok. "Orain, zelangoak diren gauzak, nire lehen emazteak eraman zuen gaitz berbera daukat nik", dio, umorea galdu gabe, baina. Bere etxeko egongelaren erdi erdian, koadro handi bat gailentzen da, "nire lehen emaztea zenarena", adierazi dit berari so. Eskuinaldean, aldiz, argazki bat dago, zeinean Larrañaga On Juan Karlos erregea agurtzen ageri den. Nire interesa ikusirik, Erregeak Zarzuelan hartu zituenekoa dela dio, "Zuloaga margolariaz guk egindako liburua zela eta". Aitzakia bilatu nahian bezala, zera gehitu du: "Ez naiz monarkikoa, baina badakizu, Estatu burua da". Zure aitaren bidea jarraiki, zu ere eskopetagilea izatekoa zinen. Baina azkenean beste bidezidor bat hartu... Bai, patuak hala gura zuelako. Kontua da 1935ean gure aita hiltzean, dena aldapa gora jarri zitzaigula. Gure ama, dena den, moldatu zen gu aurrera ateratzeko, izan ere, oso jostun ona zen. Baina hala ere, gosea pasa genuen. Hainbeste, non nire aitak utzitako tailerrean zeuden makinak ere saldu behar izan genituen. Txakur txikirik ez genuen. Nolanahi ere, ikasten segitu zenuen. Bai, Maristetan lehen hezkuntza amaitu ondoren, moja zen nire izeba batek lagundu egin zigun nik bigarren hezkuntza Iruñeko eskola batean debalde egiteko. Ba, hain juxtu, han nintzela Gerra Zibila hasi zen. Eta horregatik nire familiagandik bakartua geratu nintzen, bost anaia arreben artean zaharrena izanik, gainera. Hasiera batean, Gerra Zibilak, Irakeko inbasioak bezala, hamar egun iraun behar zuen... Bai, horixe. Gogoan dut 1936ko Sanferminetan lepoan zapiko gorria zeramaten gazte horiek, handik egun gutxira fronterako bidean ziren, Mauser fusilak aldean. Baina tristeena ez da hori, baizik eta beraiek ezagutzen ez zuten norbaitek agindutako zerbaiti amen egitea. BatzukLesaka aldera eta beste batzuk, Somosierra aldera. "Bakarrik eta alargun" zure memoria liburuan diozu Errepublikako presidentea izandako Alcalá Zamora ezagutu zenuela... Bai (A, gogoratu gero ale bat oparitzeko). Gerra aurretik izan zen, Soraluzera fabrika bat bisitatzera etorri zenean. Akordatzen naiz zelakoa zeukan ilea: zuri zuria, haizeak harrotua. Gizon zuzena izan zen, baina orden publikoak ihes egitea galbidea izan zen Errepublikarentzat. Are gehiago anarkistak jesuitak kanporatzen, eskoletako kruzifijoak kentzen eta elizak erretzen (Soraluzeko Errege etxea eskolan legez) hasi zirenean. Orduan, katolikoek erabaki zuten hori guztia zelan edo hala geldiarazi behar zutela. EAJ ere dudatan ibili zen batzuen edo besten alde egiteko... Bai, jauna. Duda asko izan zuen, harik eta Lizarrako alkatea fusilatu zuten arte "separatista" izateagatik. Orduan, EAJk errepublikazaleen alde egin zuen, nahiz eta konbentzituta ez egon. Euskadiko guda galduta, gudari dezente erreketeekin joan ziren, horra hor, San Ignacio tertzioa. Zu zeu, nazionalekin bat egin edo alde hartan "erori" zinen? Erori, erori, izan ere, gerra hasierak Iruñean harrapatu ninduen. Bestela, gudarien ondoan egin nezakeen, lasai asko. Ebroko Batailan parte hartu nuen, bakarrik 15 urte nituela, sukaldari lanetan eta Zumalakarregi tertziokoentzat lehen lerrora arrantxoa eramanez. Egia al da Ebroko Batailan buruz buruko borrokak maiz gertatzen zirela? Bai, jakina. akordatzen naiz gure sarjentu batek duelu bat izan zuela poloniar brigadista batekin. Borroka itzel baten ostean, itzuli egin zen, odolez betea, poloniarraren kartera eskuan garaipen seinaletzat. Baina kartera hura irekitzean, hunkitu egin ginen: Bere emazte eta bi seme alaben argazkia zeukan. Hori da gerrak duen gauzarik krudelena, hau da, arrazoi barik hiltzea, nor eta ezagutzen ez duzun gizaseme bat, agian, zure aldean dagoenak baino antzekotasun gehiago izan ditzakeena. Hartara, Ortega y Gasset filosofoaren esaldia nireganatuz zera esango dut:"Gizakia eta bere zirkunstantziak". Zeuri, zure "zirkunstantziek" ez zaituzte inoiz eraman alderdi polítiko batean afiliatzera... Bai, eta akaso horregatik etorri zaizkit hainbeste kolpe, alde guztietatik. Baina, hala ere, ez naiz damutzen, nahiz eta ordainetan erraztasunik eduki ez liburu bat argitaratzeko orduan. Egia esanda, ni beti foruzalea izan naiz. Beti esan dut euskal gatazka foruak kendu zizkiguten garaitik datorrela, orain 150 urte. Badakizu, Bergarako besarkada fartsa hura Espartero eta Marotoren artean. Zuk esan zer demonio egiten zuten mantxego eta murtziar batek euskaldunon geroa erabakitzen. Zer egin zenuen gerratik bueltan? Soraluzeko kanoi lantegian hasi nintzen lanean, non torpedo jaurtigailuak ere egiten ziren. Gero, baimena eskatu nuen Eibarko eskopeta lantegi batera joateko apaindura marrazketa ikaste aldera, badakizu, eskopeten grabatua eta hori. Eta oso ondo etorri zitzaidan, handik gutxira soldaduska Zaragozan egiteko deitu eta bertan bitxigile batzuentzako lana egin nuelako. Ederto ordaintzen zidaten, gainera, etxean baino askoz gehiago. Eta behin soldaduska eginda? Nire kasa hasi nintzen grabatzaile modura, dendatxo bat eta guzti, nire emazteak eramaten zuena. Baina orduan ere beste soldaduska egitea egokitu zitzaidan: Nire herriari laguntzearena. Eta nola izan zen hori? Oso xinplea. Artolak, orduko alkateak esan zidan: "Ramiro, etorri egin behar dok ayuntamentuan secretario behar dogu eta". Eta nik onartu, hasierako urtetan xentimorik ez ikusi arren. Sasoi hartan, Soraluzen, 6.000 bizilagun izanda ere, bakarrik bi algoazil, kale garbitzaile bat eta ni neu geunden udaletxean. Pentsa. Gaur egun, ostera, herriak 1.000 biztanle gutxiago dituela, lanpostu horiek perretxikuak legez atera dira, kristoren soldatekin, gainera. Dena dela, hamabost urte pasata, zeregin hori utzi nuen. Nahikoa egin nuen herriaren alde, aizu! Eta nire tailerrean murgildu nintzen. Zein zen gerra osteko giroa armagintzako ibar horretan? Loraldia bizi zen. Hainbestelan zegoen hiru txanda jarri zirela. Ondorioz, kanpoko jende asko etorri zen, extremeñoak, gaztelarrak, eta abar., txaboletan bizitzen ere sartzen zirenak. Eta pisu bat hartuz gero, elkar "esplotatzen" zuten, sukalderako eskubidea zuten gelengatik kobratuz. Pixkanaka, karretila eramatetik lan bereziak egitera pasa ziren, baita batzuk ofizioetan espezializatu ere. Ze pentsamolde zuten etorkin horiek? Orokorrean, JONS eko Falangistak ziren. Gertatzen dena da Gipuzkoara etortzean sozialista bihurtu zirela. Zenbatekoa zen zuen soldata? Gure jornala bi pezeta eta erdikoa zen egunean, bederatzi orduko lanaren truke, igandeak barne. Gure gozagarri bakarra, igandetan seietan lana bukatu, espartinak jantzi eta zinemara joatea izaten zen "Tomasín" en pelikula bat ikustera. Eta zer diozu frankismoko errepresioaz? Gehiagora joan zela. Baina hasieratik polizia nonahi zebilen. Hainbeste, probintzia bakoitzetik irteteko falangeko karneta behar zenuela. Erreketearenak, aldiz, ez zuen balio. Gu, adibidez, igandero Ermuan zegoen erromeriara joan ahal izateko, udaletxean "salbokonduktoa" (ibiltzeko baimena) atera behar genuen. Borrokalari ohien arteko ikuspegi politiko ezberdinek zenbateraino kaltetzen zuten zuen elkarbizitza? Ezertan ez. Gure desakordioak ez ziren ezer gaur egun dagoen enfrentamenduaren aldean, hala politikari zelan hiritarren artean. Konparazio batera, geuk musika elkarte bat sortu genuen, badakizu zeintzuen artean? Ba, sozialista, lauzpabost errekete eta gudarien artean. Harrapa ezak hori! Eta ondo eramateaz aparte, gerraren gainean ere berba egiten genuen, gai "tabu" izan barik. Beraz, ezin dut konprenitu gaur egungo gazteriaren zati batek duen gorrotoa euren moduan pentsatzen ez duenaren kontra. Gaiaz aldatuz, azterketa baterako galdera: Noiz hasi zen armagintza Euskal Herrian? Ui! Eztabaida franko egon dira horren inguruan. Nirekin konforme ez zeudelako armadako jeneralei ere aurre egin behar diet, pentsa. Kontuak kontu, frogatu dut Placencia Soraluze, Eibar,Elgoibar, Ermua, Arrasate, Bergaran, eta abar, su armak egiten zirela, noiz eta Amerikaren deskubrimendua baino lehen, zehazki, 1482an. Eta agiri hori Simancas eko artxiboetan dago ikusgai. Bertan aipatzen da Eibarren egindako bi lombarden (kanoien) irteera, Medina Sidoniako dukearen enkarguz. Eta nola garraiatu ziren? Laurogei idi bikoteen bidez eraman zituzten Deba ibaiaren bokalera arte. Bestalde, gauza jakina da 1512an arkautzak seriean egiten zirela, alegia, kolonizazioan zehar Hernán Cortés, Lope de Agirre eta konpainiak indioen kontra erabiltzeko. Nola koordinatzen ziren armagintzako gremioak? Kooperatiba baten modura funtzionatzen zuten lantegi horiek, Durango eta Arrasate artean sakabanatuak. Erregeak bitartekari bat bidaltzen zuen gremioekin negozia zezan. Geroztik, dekorazioa, xinplea izanda ere, armagintzari lotua joan da. Lehen marrazki eskolak orduantxe sortu al ziren? Ez, apur bat geroago. 1779an, adibidez, Marrazki Eskola sortu zuten, Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarrak babestua. 1794an, Konpainia desegin zenean Filipinasekoak hartu zuen lekukoa. Gremioen lanmoldea noiz arte luzatu zen? Ba, 1865 arte, Isabel II.ren aginduz, asmo jakin batekin: kapitalismoari bide ematea. Ze lanbide berezi zeuden armagintza lantegi haietan? Horren kontura Soraluzeko mapa bat erakutsiko dizut, 1756koa. Bertan ikusten da gremioak nola aritzen ziren txinpartazko armak, aihotzak eta halakoak eginez (Erakutsi egin dit). Baziren "aparejeroak", "giltzariak" eta "kanoiariak". Hara zer dioen azken hauetaz: "Beraiek dira aukeratutako burdinezko plantxa batetik kanoia egiten dutenak. Hainbeste ganoraz egiten dute galda lana, non nazio batek ere ezin izan dituen imitatu. Horregatik dira hain estimatuak mundu osoan". Hitz egin dezagun materialei buruz. Den dena primerakoa zen. Hasteko, egur ikatza; pika lantzak egiteko, intxaurrondo eta lizar zura; eta gero, Arrasateko altzairua erabiltzen zuten... Hori aipatu duzula, egia al da Toledoko ezpata ospetsuak Arrasateko altzairuzeginak zeudela? Bai, hala da. Konkretuago esanda Udalaitz mendiko altzairua. Are gehiago, zenbait toledotar etorri ziren Eibarrera ofizioa ikastera. Baita eibartarrak hara joan ere lanera. Gainera, damaskinatua, Toledon baino lehenago, Eibarren hasi ziren egiten. Eta noren eskutik? Eusebio Zuloagaren eskutik. Prozedura Placido Zuloagak hobetu zuen, hau da, margolariaren aita zenak. Damaskinatuak XIX. mendearen amaieran izan zuen bere gailurra, garai hartako gustuarekin bat zetorren eta. Xinpleki azaldua, zertan datza damaskinatua? Damaskon jatorria duen artisau lan bat da, urrea edo zilarra altzairu edo burdinezko hondo batean txertatzean datzana. Ez duzu uste euskaldunoi "marketing" historikoa falta izan zaigula? Bai, bat nator iritzi horrekin. José de Artetxeren esaera bat ekarriko dut gogora: "Euskaldunak ez ziren sekula arduratu bere historiaz. Eta orain, jakina, aztarna batzuk baino ezin ditzakete aurki". Larregi badirudi ere, ez zaio arrazoirik falta; izan ere, euskaldun gehienok, lana txinatarren modura egin ondoren, bakarrik jan eta edanean eman izan dugu denbora. Hori medio, ni, beste batzuekin batera, saiatu izan naiz gabezia historiko horiek berreskuratzen. Jendea harrituko duen armen inguruko datu bat... Ba, beitu, esan dugunaren harira, zerbait esango dizut: lehen errebolberra euskaldun batek asmatu zuela: Manuel de Garate mendaroarrak. Samuel Colt ek berea patentatu zuen urte berean, alegia, 1835ean. Nork esango zuen hainbeste pelikula eta tinta gastatuarazi dituen Colt ak euskal anaia bikia duela. Garaterena kanoirik gabeko errebolberra zen, sei tiro egiten zituena. Zure grabatuekin apaindutako arma paregabe horien artean, ba al dakizu non dagoen baten bat? Mundu osoan zehar daude sakabanatuak. Hori bai, badakit oso baliotsua den bat Colliuren (Frantzia) agertu dela. Zer iruditzen zaizkizu bisitatu dituzun arma museoak? Ba, denetik dagoela. Batzuk zehatzak dira, baina beste batzuk nahasiak eta okerrak. Esaterako? Ba, batzuk XVIII. mendeko armakXVI.koak balira bezala jartzen dizute; edo XIX. mendekoak direla ipini beharrean, XVII.koak direla. Ea jendeak sinesten duen, baina, noski, nirekin jai dute. Eta bereziki liluratu zaituen museoren bat? Bai, bada bat zur eta lur utzi ninduena. San Petersburgora hitzaldi bat ematera joan, eta amaitutakoan, liburu bat eta 24 kilateko urrezko damaskinatu bat eman nizkien oparian. Errusiarrei detailea gustatu eta hara zer esan zidaten: "Orain Hermitageko museo pribatua ikusteko pribilegioa izango duzu". A ze luxua! Bai, broma zela uste nuen. Are gehiago, Errusiako zarrena izandako jauregirantz gindoazela, Tatiana gidak esan zidan pribilegio hori izan zuen azken espainiarra Erregea izan zela, baina printzea zenean. Hala, errusiarren solemnitatea jarraituz, eskoltatua eraman ninduten Hermitageko sotora. Igogailuan jaitsi ondoren, uniformea kondekorazioz betea zuen emakume lodi batek, serio serio, hainbat ate irekitzen joan zen, bata bestearen atzetik. Azkenean, azken atea zirudiena ireki zuenean, argiak piztu eta, kliska! Ezin nuen sinetsi begien aurrean neukana, "Mila eta bat gau"eko ipuina zirudien: Harribitxiz beteriko bitrinak, aurrehistoriako urrezko eta platinozko bitxiak, diamanteak, esmeraldak, zafiroak, maisulanak ziren besoko eta eskumuturrekoak, eta abar. Piezen dirdira zoragarri horrekin mareatu egiten zinen. Antzinako armetan aditua izanez, ez al zaitugu ehiztaria? Ez, egia esanda ehizak ez nau inoiz erakarri. Baina armen erabilera onaren aldekoa naiz. Egia da askotan erabilera okerra eman zaiela. Horrek, ordea, ez du esan nahi armak gizakiaren osagarri ona ez direnik kobazuloetan bizi zen garaitik. Osterantzean, honezkero otsoak eta basurdeak gure hirietan ere ibiliko ziren. Kontuak kontu, Gipuzkoako armagintzak gero eta bustiagoa du bere bolbora...... Tristea, baina hala da. Soraluzen, adibidez, ia ia desagertu egin da armagintza. "Euscalduna" fabrika zenaren arrasto bat baino ez da geratzen. Zeinek esango zuen hori! Izan ere, gerra ostean mila langiletikgora zituen. Nire txaparen zenbakia, 900 eta piko zen. Langileak Azkoititik menditik etortzen ziren, pentsa. Eta Eibarren, nolakoa da egoera? Hor ere zalditik astora, nahiz eta kalitatea mantendu. Alde batetik, desagertu ez diren lantegiak birziklatu egin dira, Alfa eta Orbea legez. Horiek arma motzak egitetik josteko makinak egin eta bizikletak egitera pasa dira, hurrenez hurren. Eta bestetik, badira lantegi batzuk, kopuruz gutxi egin arren, kalitateari eutsi diotenak. Hor azpimarratzekoa da mekanizazio faseak kenduta, artisau armen ekoizpen sistemak bere horretan dirauela, eskuz egiten baitira, langile bakoitzak bere espezialitatea gordetzen duela: kanoilaria, kulateroa, baskuleroa edo montatzailea. Dena dela, ez dago gauza bera esaterik grabatzaile lanbideaz mintzo. Zoritxarrez, ez. Lehen, berriz, eskopeta fabrika batean, Eibarko Aguirre eta Aranzabalen adibidez, 25 grabatzaile baziren. Harik eta asmazio modernoak agertu ziren arte, hala nola, elektro higadura edo makina erreproduzitzailea. Hortik aurrera 24 grabatzaile soberan zeuden. Eta grabatuaren irakaskuntzari dagokionez? Oso bestelakoa da. Orain irakasten dena askoz gertuago dago modalitate piktorikotik tradiziozko artista ofizioetatik baino. Izan ere, gaur egun dena ordenadore bidez diseinatzen da. Jada jubilatua zeundela, 1983an, izena eman zenuen Filosofia eta Letrak ikasteko Deustuko Unibertsitatean, Donostiako Campusean. ¿Ustekabekoa edo hausnartutako zerbait? Ez, aspaldian sartuta neukan arantza bat kentzeko izan zen: Batxilergo titulua lortu ahal izatea, zeren, ez edukitzean ate asko itxita izan ditut bizitzan. Jakin nuenean bazegoela lortzea Unibertsitateko sarrera eginda, ez nuen dudarik izan. Nire partetik arinkeria badirudi ere, bi aldiz alargun eta berriz ezkondu zara. Ez zaitugu oso gizon arrunta izan horretan... Ez, horretan zorte txarra izan dut. Nire lehen emaztea 26 urte partekatu eta gero hil zen. Sekulako kolpea izan zen. Egia esanda, oraindik ez naiz osatu (bere emaztearen koadrorazuzendu ditu bere begi grisak). Bera hil ondoren, Donostiara etorri nintzen, "Donostiako Aurrezki Kutxa"ra lanera, argitaratzen ziren liburuen akats zuzentzaile modura. Baina, animoz, hain makalduta nenbilen, non nire aitagandik jasotako eskopeta dotorea erabiltzear egon nintzen. Eskerrak lanaren bitartez Koldo Mitxelena eta Caro Baroja bezalako jende izugarria ezagutzeko aukera izan nuela. Asko aberastu nintzen euren solasaldi horietan, azken finean, pertsona ikasia naiz, baina ez intelektuala. Handik bi urtera alargun bat aurkeztu zidaten, seme alaba barik bera ere. Eta tira, arrimatu egin ginen. Baina hamar urte pasata, bat batean bihotzekoak eman eta hura ere hil egin zen. Nire oraingo emaztea ezagutu nuen arte, orain zazpi urte, tristuran eta bakardadean bizi izan nintzen, tabernetan janez eta hola. Egin dituzun gauzen artean, ba al da harro egoteko moduko zerbait? Bai, baina ez du zerikusirik nire lanarekin. Askoz harantzago doa. Zergatik? Nik gehien maite nituen pertsonekin egiterik izan ez nuena egiteko aukera izan nuelako. Alegia, ezagutu ez nuen galiziar emakume baten bizitza salbatu nuen. Etorkin batek esan zidan bere herriko iloba gaixo zebilela, tuberkulosiak jota. Baina sanatoriotik bota egin zutela haurdun egoteagatik...norena eta bere aitarena. Hortaz, kasuaren larritasuna ikusirik, nire laguntza eskaini nuen, hemengo ospitalean esanez neska hura gure herrira etorri berria zela eta modu hartan, senda zezaten. Gezur galanta, baina beharrezkoa. Onena, egin zidaten oparia izan zen: "Anis del Mono" rena izandako botila bat orujoz betea, ezin aproposagoa neguko katarro horiek kentzeko. Zer egingo duzu zure etxean pilatuta dituzun lanabes eta dokumentu mordoarekin? Eman egingo ditut. Beranak, puntzoiak, zizelak, mailuak eta grabatuaren teknikan erabiltzen diren bestalako tresnak San Telmo Museora. Eta, bestetik, idatzizko dokumentu guztiak, Koldo Mitxelena Kulturunera. Gauza horiek hustuta, hain soinu ona duten piano elektriko horietako bat erosi eta bertanipiniko dut, neure erara jotzeko. Ramiro Larrañaga (Soraluze, 1924) Ramiro Larrañaga Fernandez de Arenzana (Soraluze, 1924). Armagin familia batean jaioa. Maisu grabatzailea 1945etik eta idazlea. Bokaziozko artista autodidakta gisa, zizela erabiltzeko manera berriak garatu eta deskubritu zituen, bai grabatuetan, bai urrezko ezkutu zigiluetan, bai errotuluetan. Idazle modura, berriz, Euskal Herriko armagintzaren inguruko bere ikerketa lanagatik nabarmendu da. Izan ere, artxibo eta museotan jardunez, lanbide honen hastapenak, bilakaera eta bestelako xehetasunak bildu eta argitaratu ditu. Halaxe, bere ikerlanak mundu mailan antzinako armetan adituak direnekin tratua izatera eraman du. Argazkiak: Beñat Doxandabaratz Euskonews & Media 210. zbk (2003 / 05 / 16 23) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Joaquín Achucarro: "Lanbide honen zirrara, hari-harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du"

 

Irakurri

Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

 

Irakurri

Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut".

 

Irakurri

Joxan Goikoetxea: "Musika bidegurutze batean dago"

 

Irakurri

Diego Joaquín Ibarbia: "Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea"

 

Irakurri