1918. urtean Eusko Ikaskuntza sortu zenetik guztira 18 kongresu egin ditu Eusko Ikaskuntzak, bi helburu nagusirekin: batetik, ikerkuntza eta kultura sustatzea, eta, bestetik, Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko prospekzioa egitea, aurrerabidea xede.
2024ko urriaren 2, 3 eta 4an Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua izango da. Eusko Ikaskuntzaren hitzordu nagusienetako bat da. Eusko Ikaskuntzaren azken kongresua (XVIIIena), 2018an egindakoa, erakundearen Mendeurreneko ospakizunekin bat egin zuen eta hiru lurralde administratiboetako goren karguak eta eragile gakoak bildu zituen eta Eusko Ikaskuntzaren proposamenen lekuko izan ziren.
Eusko Ikaskuntzaren eginkizunaren gaurkotasuna, artekaritza lana gizarte-erakunde-instituzioekiko, eta bere ekarpena epe ertain-luzeko ibilbidean berriro kokatzeko ezinbesteko hitzordua izango da XIX. Kongresua. Mendeurreneko azken kongresu hartatik hona egindako funtsezko azterlan eta lortutako emaitza nagusiak ezagutzara emateko parada emango du XIX. Kongresuak. Euskal Herriko gizartearentzat, eragileentzat eta, batez ere, Eusko Ikaskuntzaren bazkideentzat, galdu ezineko hitzordu garrantzitsua da.
XIX. Kongresua, Elkartzen Gaituena
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak Euskal Herriaren jendartearen eta lurraldearen kohesioa hobetzeko Herri Itun baterako egingarriak izan daitezkeen proposamenetarako baldintzak sortu nahi ditu. Martxan jarri behar diren politiken edo/eta hartu behar diren erabakien inguruko adostasun zabalak bilatuko ditu, guztion ongizatea hobetzeko, desberdintasunak murrizteko eta gizarte-kohesioa handitzeko.
Zergatik orain? Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako kontratu sozialak ez digu balio egun. Bizi-baldintzak aldatu dira, erronkak eta agenda berria dugu jomugan eta ekonomia, gizarte eta ingurumen aldetik iraunkorra izango den etorkizuna bermatu dezakeen ekarpena egiteko moduan gaude. Herri gisa dugun gaitasun kolektiboa aktibatu eta bizi-baldintza duinak ahalbidetzeko egiturak eta harremanak sendotzeko konpromisoa bilatu nahi da, molde demokratikoetan.
Herri Itun bat edo Itunak? Herri Itun baterako baldintzak landuko ditugu hiru ardatz nagusien inguruan, bakoitzeko planteamenduak eta proposamenak bilduko dituena (Lurraldea, Jendartea eta Eredu Soziekonomikoa-Ongizatea) baina xede berdina izango duen Herri Itun baten baitan (Jendartearen eta lurraldearen kohesioa), azken batean bata besteari elkarlotuta baitaude. Euskal Herri mailan partekatzen diren kezka eta beharrak bildu eta elkarrekin erantzuteko proposamenak josiko dira kohesioa helburu izanik.
Eusko Ikaskuntzak XIX. Kongresuan, bere ikerketa-ildoetan egindako hausnarketa eta ikerketetatik abiatuta, konponbideak bilatzen eta aurrean ditugun aldaketa eta erronkei aurre egiteko proposamen egokiak formulatzen lagundu nahi du. Hori dela eta, ondorengo hiru ardatz nagusietan egituratu du bere ikerketa eta hausnarketa:
EREDU SOZIO-EKONOMIKO BERRIA ETA ONGIZATEAREN GIZARTEA
Eredu sozio-ekonomikoa birdefinitzeko eta ingurumen-jasangarritasunean oinarritutako ekonomia berri baterantz igarotzeko premian oinarritutako hausnarketa egingo da. Produkzio- eta banaketa-ereduak birpentsatzea, bai eta aurrerapenaren ideia ere, giza eskubideekiko eta planetarekiko errespetua kontuan hartuko duten adierazle eta metrika berriak proposatuz. Lan-merkatuaren erronkei, digitalizazioaren ondorioei, etorkizuneko enpleguei, produktibitatearen hobekuntzari eta kalitatezko enpleguen sorrerari buruzko hausnarketa. Azken batean, gizarte-, ingurumen- eta kultura-balioa sortzen duen garapen sozioekonomikoaren eredua zein izan behar den eta dakarkion erantzukinaren inguruan hausnartzea.
Euskal Herria osatzen duten pertsonen kohesioari buruz hausnartzeko orduan, ezinbestekoa da migranteez, aniztasunaz, kulturartekotasunaz eta/edo bizikidetzaz, hiritartasunaz, komunitateko kide guztien eskubideez eta betebeharrez hitz egitea, konpromisoaz eta elkarrekikotasunaz hitz egitea, baita hezkuntza-sistemaz eta kulturaren kudeaketaz eta kulturan parte-hartzeaz ere. Azpimarra jarriko da ere oraindik ahotsik ez dutenei hitza emateko, zuzeneko elkartze eta elkar-eraikitze txikien indarrak agertuz eta ikasketa-komunitate txikiek eskalatzeko eta ereduak sortzeko izan ditzaketen gaitasunean.
Euskal Herria osatzen duten lurraldeen kohesioari buruz hausnartzeko orduan, ezinbestekoa da lurralde guztien arteko elkarrizketaren beharraz hitz egitea eta harreman berriak sustatzea, elkar hobeto ezagutzeko, eta historia partekatuetatik abiatuta, gutxieneko adostasun batzuk sortzeko, elkarrekin etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. Ezinbestekoa da hiri- eta landa-munduaren arteko harremanetan sakontzea, lurraldeko errealitate desberdinen arteko kohesioa eta oreka lortzeko. Eta lurraldeaz ari garela, estatuen barruan subiranotasunaren lurralde-gatazkak konpontzeko oinarrien proposamen bat eskaintzea, sakoneko eztabaidetan sakontzeko aukera ahalbidetuko duenak.