Erretiratzeko adinean dauden pertsonak trantsizio-gaitasunetan trebatzeko programa hau urte bukaera baino lehen martxan jarriko da.
Gizartea gero eta gehiago arduratzen da pertsonak lan-mundurako prestatzeaz, baina ez zaio arreta bera ematen bizi-zikloaren etapa berri baterako trantsiziorako eta hura bete-betean bizitzeko prestaketari.
Hori lortzeko, pertsona bakoitzaren interesak, balioak, trebetasunak eta gaitasunak identifikatu behar dira, pertsonalki eta sozialki hazten jarraitu ahal izateko eta bizitza osoa bizi ahal izateko, bakoitzaren ibilbidearen eta inguruabarren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Helduak Adi, EuskoFederpen eta Euskadiko Adinekoen Batzordea osatzen duten adinekoen beste elkarte eta sare batzuekin batera garatutako Bizitza Betea programaren barruan kokatzen da proposamena.
Testuinguru horretan, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta garatutako GizarteLAB metodologia erabiliko da. Metodologia horren bidez, adinekoen ikuspegi berri bat sendotu nahi da, haien aniztasuna kontuan hartuta eta beren bizi-ibilbide pertsonala diseinatzen laguntzen duten eta, aldi berean, komunitate-kultura indartzen duten gaietan zentratuta.
Bizkaia eta Arabako eremuetan, bi proiektu pilotu abiatuko dira urte bukaera baino lehen, bakoitza bi orduko doako lau tailerrez osatuak.
Erabilitako metodologia arin eta dinamikoari esker, parte-hartzaileek honako hauek egin ahal izango dituzte:
- Bizi-ziklo berri honek eskaintzen dituen ezaugarriak, erronkak eta aukerak ezagutuko dituzte.
- Bizitza osoaz gozatzeko trebetasun eta gaitasun baliagarriak garatuko dituzte.
- Beren bizi-proiektua planifikatzeko hazkunde pertsonalerako aukera berriak aurkituko dituzte.
- Bizitza osoko eredua bultzatzea ahalbidetzen duten politikak eta gizarte-zerbitzuak ezagutuko dituzte.