Aro berriari, Klika! egitasmoarekin bat egin du Eusko Ikaskuntzak

Berri korporatiboak

2019/04/09

Aro berriari, Klika! egitasmoarekin bat egin du Eusko Ikaskuntzak

Euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoa berretsi dute 18 erakundek Bastidan.

Korrikaren antolatzaileek 21. edizioaren kilometro partekatuan egoteko gonbitea egin zioten Eusko Ikaskuntzari, eta han izan ginen Korrikarekiko atxikimendua agertuz. Arabako Bastida herrian AEK-k eta KORRIKA-k sutatutako elkarlaneko kilometroa egin zen, 20. Korrikaren Santiago Zubiko kilometroan hasitako dinamika jarraituz.

Martxoaren 23an, Pasaiako Albaola itsas museoan, 30 gizarte-eragilek euskararen aldeko ‘Aro berriari, Klika!’ mezu bateratuari babesa eman zioten modura, Bastidan bildutako 18 eragilek testuan azaltzen diren helburuekin bat egin zuten.

Euskararen normalizaziorako ‘engaiamendu kolektiboen beharra’ aldarrikatu zuten ekintzaren sustatzaileek Bastidan, eta jauzi hori egiteko konpromisoa hartu zuten han bildutako 18 erakundeetako ordezkariek: AEK, Arabako Foru Aldundia, Berria taldea, Bizkaiko Foru Aldundia, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, IKA, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, Nafarroako Gobernua, Sortzen elkartea eta UEMA.

Bastidan elkartu ziren eragileen konpromiso propioak ‘Aro berriari, Klika!’ dokumentuan biltzen dira.


Halaber, Korrikaren 21. edizio honetan, Baionan (19.04.07an, 759. kilometroan) eta Gasteizen (19.04.14an, 2553. kilometroan) Korrikaren lekukoa eramaten parte hartu du Eusko Ikaskuntzak. Baionan Oihana Zamponik, Eusko Ikaskuntzako Iparraldeko lankideak, eta Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidentak, eraman zuten lekukoa; Gasteizen aldiz, Korrikaren azken kilometroak egiten izan ziren Iñaki Dorronsoro lehendakaria eta Anjeles Iztueta, Arabako lehendakariordea.

Eusko Ikaskuntzaren Klika!

Eusko Ikaskuntzak, bere Mendeurreneko Kongresuan adostu zen Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) Adierazpenean oinarrituta, ekintza hauek burutzeko konpromisoa hartzen du:

  • Erakundearen barneko jardunean euskara lan hizkuntza izatea zainduko dugu, hizkuntza planean jasotzen diren neurriak beteta.
  • Eusko Ikaskuntzaren kanpo jardunean euskara izango da lehentasunezko hizkuntza; bazkide eta inguru erdaldunei eskatuko diegu euskarari eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei babesa ematea.
  • Euskarazko ekimenek gizartean eragin ahalmen handia izan dezaten ezagutza kudeatzen jarraituko dugu, euskalgintzako eragileekin batera.
  • Euskal kulturaren kontsumoan eta transmisioan, euskarazko edukiek lehentasunezko tokia izan dezaten eragingo dugu.
  • Euskal gizarte anitzean euskararekiko atxikimendua elikatzeko eta handitzeko eragile aktibo izango gara, ezagutza landuz diskurtso egokiak garatzeko.
  • Euskal lurralde guztietako erakunde publiko eta sozialekin, baita haien artean ere, lankidetza sustatuko du Eusko Ikaskuntzak, hizkuntza politikak eta estrategiak bateratzen joan daitezen.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp