Ondarea

2014/01/01

Auñamendi Eusko Entziklopedia euskal hezkuntzaren historia errekuperatzen

Auñamendi Eusko Entziklopediak euskal hezkuntzaren ibilbidea historia eta testuinguru teorikoa aztertzen duten hainbat artikulu idatzi eta argitaratu ditu, eragina izan duten erakundeen ingurukoak nahiz pertsonen ibilbide eta bizipenak jasotzen dituztenak.

Euskal hezkuntzaren ibilbidea, Euskal Herriko historiari estuki lotuta dago. Bizi izan dituen gorabeherak, izandako zailtasunak ezagutu, baldintza gogor eta arriskutsuetan aurrera jarraitu zuten maisu eta andereñoen bizipenak zabaldu, gure hezkuntza sistemaren lehenengo urratsak ezagutzera eman... Guzti hori ezagutu, zaindu, gorde eta zabaldu ahal izateko, horren inguruko artikuluak idatzi eta argitaratu dira azken urtetan Auñamendi Eusko Entziklopedian. Eduki horiek testuinguru teorikoa aztertzen dute (Hezkuntza, Ikastola, Euskarazko testuliburuak edo Emakumeak eta euskal hezkuntza), baina baita, bide horretan eragina izan duten erakunde (ikastolak, elkarte kulturalak, erakunde euskaltzaleak) eta pertsonen (Elbira Zipitria, Karmele Esnal edo Jesus Atxa Agirre, besteak beste) ibilbidea eta bizipenak ere.

Historiaren gora behera eta gertakizunek izugarrizko eragina izan dute euskal hezkuntzaren ibilbidean. Gaur egungo hezkuntza sistema lortzeko ez dira gutxi izan gainditu behar izan diren oztopo eta eragozpenak. Ibilbide benetan interesgarria eta aberasgarria euskal hezkuntzak bizitakoa, gaur egungo hezkuntza sistema lortzea ahalbidetu duenak.

Agustin de Iturriaga, Sabino Arana edo Resurrección María Azkue dira euskal hezkuntzaren hastapenetako izen nagusiak. Hala ere, Miguel de Muñoa izango zen 1914an irakaskuntza guztia euskaraz ematen zuen eskola, Koru'ko Andre Maria'ren Ikastetxea, sortuko zuena. Izan ere, oso garrantzitsua izan zen hortik aurrera sortu ziren ikastola guztiak, baita zenbait erakundeek, 1918an sortutako Eusko Ikaskuntza barne, egin zuten lana. Hala ere, dena eten egin zen 1936 urtean, Gerra Zibilaren hasierarekin. Dena den, oraindik ere zenbaitek bazuten euskal hezkuntzaren alde lan egiteko gogoa eta indarra. Andereñoen etxeak (etxe-eskolak), parroki etxeak?. Horiek izan ziren euskal hezkuntzaren berpiztearen lekuko garai ilun haietan. Bertan hasi ziren orduko zenbait andereño euskaraz klaseak ematen. Bertan hasi ziren garai hartako zenbait haur euskaraz ikasten. Izkutuan, isiltasunean, beldurrez, ilusioz, baliabiderik gabe, irudimenarekin, bihotzarekin, indarrez eta gogoz. Benetan egoera eta testuinguru zail eta gogorrean aritu ziren lanean baina, pixkanaka, euskal hezkuntza aurrera jarraitzea lortu zuten.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp