Balantzea egin eta etorkizuna sustatzeko Batzarra

Berri korporatiboak

2022/06/15

Balantzea egin eta etorkizuna sustatzeko Batzarra

Eusko Ikaskuntzak urteko batzarra egin zuen ekainaren 11n, larunbatean, Donostiako Miramar Jauregian eta on line.

Bileran, labur azaldu ziren Euskal Hezkuntza Sistemaren (Beatriz Akizuren eskutik), Kultura-eskubideen (Oskia Ugarte) eta Identitatea(k) XXI. mendean (Patxi Juaristi) lan-programen helburuak eta egoera. Ikerketa-batzordeen (Onintza Lasa), finantzen (Eva González de Arrilucea), komunikazioaren (Leire Gaceo) eta bazkideen partaidetza-planaren (Oskar González) berri ere eman zen.

Iñaki Zabaleta idazkari eta diruzainak aurkeztu zituen Jardueren Memoria, 2021eko ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua, bai eta horiek aplikatzeko proposamena ere.

Ana Urkiza erakundeko lehendakariak Eusko Ikaskuntza euskal gizartean erreferentziazko erakunde bihurtzeko egiten ari diren jarduerak zehaztu zituen. Hori da Ikerketa Egitasmo Batzordearen (IEB) ikuskaritzapean ezartzen diren kalitate eta eduki zientifiko handiko programa estrategikoen helburua. Horretarako, metodologia aurreratuak, adierazle propioak eta jarraipen integrala aplikatzen dira fase guztietan. Lehendakariak, halaber, nabarmendu egin zituen bai Eusko Ikaskuntzaren jarduera Euskal Herri osora zabaltzea, bai erakunde eta entitateekiko aliantza estrategikoak.

2022rako, lehendakariak hiru helburu zehaztu zituen: sortzen ari diren edukiak eta proposamenak gizarteratzea; aliantzetan aurrera egitea erreferentzialtasuna irabazteko; eta bazkideen parte-hartzea sustatzea kideen artean egindako gogobetetze-inkestan adierazitako nahiari erantzuteko. Arantza Cuesta zuzendari nagusiak puntu hau osatu zuen 2022rako Kudeaketa Planaren xehetasunekin, 15 ildo estrategiko eta 24 jarduera aurreikusten baititu.

Azkenik, beste hiru kide sartu ziren Kontseilu Errektorean, eta 2022-2024 urteetarako kontu-auditorea izendatu zen. Eranskin gisa, ezohiko batzar labur bat egin zen, puntu bakar batekin: Estatutuen 17. artikulua egokitzea.

Saioaren hasieran eta amaieran, Klara Mendizabal bakarlariak eta Joxan Goikoetxea akordeoilariak musika emanaldi bana eskaini zuten.

Batzar Nagusia 2022

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp