Datorren azaroaren 3an, Bilbon, Belaunaldien arteko elkartasuna izeneko sinposioa antolatu du Eusko Ikaskuntzak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailarekin lankidetzan.
Sinposio honek hausnarketa, eztabaida eta eraikuntza partekaturako gune bat ireki nahi du, gure garaiko funtsezko gai baten inguruan: nola sendotu belaunaldien arteko loturak eraldatzen ari den gizarte batean.
Belaunaldien arteko kultura berri baterantz
Sinposioa ideia nagusi batetik abiatzen da: belaunaldien arteko elkartasuna justizia sozialaren eta jasangarritasun demokratikoaren funtsezko elementua da. Oraingo erabakiek — ekonomikoak, ingurumenekoak, hezkuntzakoak edo kulturalak — zehazten dituzte gure ondorengo belaunaldien bizi-baldintzak. Hori dela eta, belaunaldien arteko harremana ez da soilik gai demografiko bat, baizik eta politika publikoak epe luzera eta guztion ongizatera bideratzen dituen printzipio etiko eta politiko bat.
Jardunaldian, ikuspegi horren oinarriak landuko dira, ikuspegi askotatik. Belaunaldien arteko justizia ekintza instituzionalean zeharkako ardatz gisa nola integratu hausnartuko da, egungo larrialdiei erantzuteaz gain, etorkizun duina eta orekatua bermatuko duten erabakiak sustatuz. Halaber, gazteei eta adinekoei modu bereizian eragiten dieten baldintza materialei eta desberdintasun ekonomikoei buruz eztabaidatuko da, baliabideak eta aukerak nola birbanatu aztertuz, gizarte-loturak hautsi gabe.
Elkarrizketa bizi-ibilbideetara eta etorkizuneko iruditerietara zabalduko da: belaunaldi berriak nola igarotzen diren helduarora ziurgabetasun eta prekarietate testuinguru batean, eta belaunaldi nagusiek nola berrinterpretatzen duten beren zeregina balioak eta memoria kolektiboa transmititzeko. Esperientzien eta itxaropenen gurutzaketa horretan, “belaunaldi-ituna” erantzukidetasun-konpromiso gisa birpentsatzea proposatzen da, non talde bakoitzak bere begirada, energia eta ondarea emango dituen horizonte komun bat eraikitzeko.
Etorkizun kolektiboarekiko konpromisoa
Sinposio honek belaunaldien arteko zubiak berreraiki nahi ditu, elkartasuna gizarte justu eta kohesionatu baten ardatz egituratzaile gisa kokatuz. Ziurgabetasun demografikoak, gazteen ziurgabetasunak eta krisi ekologikoak markatutako mundu honetan, belaunaldien arteko elkarrizketa ezinbesteko baldintza da ongizate kolektiboari eusteko eta etortzear daudenentzat ondare duina ziurtatzeko.
Informazio gehiago eta izen emateak esteka honetan.
