Enkarni Genuak Manuel Lekuona 2022 saria jaso zuen zeremonia bizi eta atsegin batean

Sariak

2023/03/16

Enkarni Genuak Manuel Lekuona 2022 saria jaso zuen zeremonia bizi eta atsegin batean

Euskal kulturari egindako ekarpena aitortzen duen sari-banaketan txotxongiloek, saridunarekin solasean, leku nabarmena hartu zuten.

Donostiako Udaletxeko Udalbatza aretoa txiki geratu zen, Enkarni Genua antzerki-sortzaile eta idazleari Manuel Lekuona 2022 Saria emateko omenaldiarekin bat egin nahi izan zuen jende ugaria hartzeko.

Eneko Goia hiriko alkateak ongietorria egin zuen eta, jarraian, Rosa Martínez txotxongilolariak gidatu zuen ekitaldia. Ondoren, Mikel Arregik, Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, irakurri zuen epaimahaiaren izenean erabakia.

Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, hasi zen gogoratzen lehen aldia zela sari hori sortzaile eszeniko batek eskuratzen zuela. Hala ere, Eusko Ikaskuntzaren lehen etapan, euskarazko sorkuntza sustatzeko xedez, txotxongiloentzako lehiaketak antolatu zituen, bere garai horretan ekimen oso berritzailea izanik. 1971tik Enkarni eta Manolo Gómez senarra euskarazko txotxongilo antzerkia egiten ari zirela nabarmendu zuen, Txontxongillo Taldearekin batera. Eta, bukatzeko, adierazi zuen, bere aburuz, Enkarnik jaso zezakeen saririk onena “euren obrak imajinatu, muntatu eta irudikatzen dituzten haur horiek guztiek ematen dizkieten irribarre eta txaloak” zirela.

Manuel Lekuona Saria ematen dion Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Enkarni Genuak modu sortzaile eta informalean eskertu nahi izan zuen omenaldia. Euskal kulturaren kate luzean bere ekarpena beste bat gehiago bezala kokatu nahi izan zuen, arte eta ikerketa diziplina anitzetan diharduten pertsona ugarik osatua. Haren ustez, txotxongiloaren munduak, aitorpen apala izaten ohi duenak, haize freskoa ematen dio errelatoari, eta arte eszenikoen genero hori lantzen duten guztiekin partekatu zuen saria. Txirene, Txontxongillo Taldearen errepertorioko pertsonaia, ekitaldian agertzeak kutsu espontaneo eta dibertigarria eman zion ekitaldiari, bertaratutako ikusleen gogobetetasun argia piztuz.

Ekitaldiari amaiera emateko, Markel Olano Diputatu Nagusiak hitza hartu zuen.

Zeremonian, ikus-entzunezko labur bat ere proiektatu zen, eta Enkarni Genuaren biografia eta bibliografiarekin liburu bat banatu zen, Manuel Lekuona Saria bildumaren 39. zenbakia.

2022ko Lekuona Saria Enkarni Genua txotxongilolariari emate-ekitaldia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp