EUDEL eta Eusko Ikaskuntza lankidetzan arituko dira zenbait proiektuetan, euskal udalen erronkei heltzeko

Berri korporatiboak

2023/02/09

EUDEL eta Eusko Ikaskuntza lankidetzan arituko dira zenbait proiektuetan, euskal udalen erronkei heltzeko

Bi erakundeen arteko hitzarmenak, besteak beste, udalei hiru ekimenetan parte hartzeko aukera emango die: etorkizuneko euskal nortasun kolektiboaren azterketan; Herri Txikien Akademian eta GizarteLABen.

Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta Gorka Urtaranek, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELeko elkarteburuak, elkarrekiko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek proiektuak partekatuko dituzte, ingurune hurbilenetik, udalerrietatik eta tokiko komunitateetatik, euskal gizartea murgilduta dagoen trantsizioei heltzeko.

Ana Urkizak, azpimarratu nahi izan du hitzarmenak ahalbidetuko duela “lurralde garapena, udalek komunean dituzten beharren gainean diagnosiak egiteko eta ikerlan esparruak eratzeko. Halaber, gizarte berrikuntzarako metodologia berritzaileak aplikatzeko balioko du, lurralde esparru ezberdinetan”. Gainera, udalek Eusko Ikaskuntzak garatzen dituen egitasmoetan aktiboki parte hartu ahal izango dute. Beraz, jakintza gizartetik sortu eta gizartera itzuliko da hazkunde eta ahalduntze moldeetan, lurraldearen eta herritarren mesedetan.

Gorka Urtaranek, berriz, nabarmendu duenez, “Hitzarmen hau berri ona da euskal udal guztientzat. Pandemia garaian, konturatu ginen egunez eguneko udal politikari zientzia eta ezagutza gehitu behar zitzaiela, gizarte eraldaketei eta herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko. Udalerriok, errealitatea behatzen dugun aldetik, lankidetzan dihardugu, eta Eusko Ikaskuntzak, ikerketa-gaitasuna emateaz gain, gure herri eta hirien etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren proiektuetan parte hartzeko aukera ere ematen du.”

Zehazki, akordioak helburu hauek ezartzen ditu: Eusko Ikaskuntzaren azterketa- eta ikerketa-programetan eta horien balioespen- eta kontraste-faseetan udalek parte hartzea, udalerrien beharrizan komunei buruzko diagnostikoak egitea ikerketa-esparru komun baten barruan, eta gizarte-berrikuntzako metodologiak eta prozedurak batera ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko eremu guztietan.

Testuinguru horretan, hitzarmenak, bere eranskinetan, elkarlanean jarduteko moduko proiektu batzuk jasotzen ditu, hala nola XXI. mendeko euskal nortasunari/ei buruzkoa. Proiektu horren bidez, gizarte plural eta moderno batean identitate komuna eraikitzeko gai diren elementuak identifikatu nahi dira, bai eta horretarako tresnak proposatu ere, honako premisa honetatik abiatuta: identitateak kohesioa sortzen du eta harremanak eta loturak errazten ditu, etorkizuneko euskal identitate plural eta integratzailera iristeko. Hain zuzen ere, EUDELek proiektuaren ikerketa-fasetik eratorritako emaitzak alderatzeko fasean parte hartuko du.

Herri Txikien Akademia” da hitzarmenak jasotzen duen bigarren proiektua, zehazki, lurralde-orekaren arloan. EUDELek arreta berezia ematen die udalerri txikienei, 5.000 biztanletik beherako herriak EAE osoaren % 73 baitira. Horregatik da interesgarria proiektu hau, hausnarketarako, ezagutza zabaltzeko eta interes komunak dituzten udalerrien arteko lankidetzarako gunea. Izan ere, 2022an Arabako lau herritan jarri zen abian edizio pilotua: Kuartangon, Laudion, Urturin eta Zalduondon.

Akordioan jasotako hirugarren ekimena herritarren prestakuntzarako programa bat da, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta inplementatua, erantzunkidetasunetik eta balio sozialetatik udalerriek eta biztanleek aurre egin beharreko trantsizioei erantzuteko. GizarteLAB du izena, 2019an bultzatu zen, eta, ordutik, Euskadiko hainbat udalerritan jarri da martxan, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Arrasate, Aia, Beasain, Deba, Donostia, Laudio, Orio eta, eredu gisa, Legazpi, non dagoeneko Trantsizio Erkidego batek lanean diharduen, tokiko erronkei modu autonomoan erantzuteko.

EUDEL eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza hitzarmena

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp