Euskal Herriko lurraldetasuna hizpide irailean Uda Ikastaroetan

Ikastaroak

2017/07/14

Euskal Herriko lurraldetasuna hizpide irailean Uda Ikastaroetan

‘Kohesioa eta bizikidetza eraikitzen: euskal lurraldeak eta lurraldetasuna XXI. Mendean’ ikastaroan unibertsitateek -zentzu zabalenean- babesa eta bermea eskainiko diote proiektuari.

Irailaren 13, 14 eta 15ean Uda Ikastaroa antolatuko du Eusko Ikaskuntzak Donostiako Miramar Jauregian. Honela, ‘Kohesioa eta bizikidetza eraikitzen: euskal lurraldeak eta lurraldetasuna XXI. Mendean’ titulupean, lurraldetasunaren gaia izango da hizpide hiru egunez. Ikastaroa Eusko Ikaskuntzaren lan-lerro nagusienetako batean kokatzen da, egungo euskal egituraketa sozio-politikoaren alorrean. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago.

Kohesioa helburu eta elkarkidetza medio, lurraldea eta lurraldetasunaz (lotura webguneko proiektuaren inguruko info zabalera) hitz egiteko gakoak identifikatzeko ariketa parte-hartzailea burutzen ari gara. Hausnarketa sakon, anitz eta metatzailean jaso diren kontzeptu gakoak metatzen ari gara ‘zoru komuna’ identifikatuz eta hori izango da, hain zuzen ere, kontrastean jarriko duguna, bide irekien identifikaziorako lehenengo urratsa emanez.

Akademia, eragile sozialak eta herritarrak elkarlanean daude dagoeneko (eta horrela jarraituko du izaten) eta Uda Ikastaro honi esker bultzada berria emango zaio proiektuari, Euskal Herriko Unibertsitate guztien presentzia eta babesarekin.

Gure helburua orain arte egindakoa partekatzea eta ideia berriak jasotzea da gure prozesuaren metatze ariketan jarraitzeko. Era berean, Euskal herriko lurraldeetan sortutako ezagutza, nazioarteko komunitate sozial eta akademikoarekin alderatu nahi da mundu mailan gertatzen ari diren hausnarketa, proposamen eta esperientzietatik ikasiz. Matrikulak egiteko epea zabalik dago. 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp