Euskal Kulturaren Eragiletzan Masterra

Berri korporatiboak

2023/05/25

Euskal Kulturaren Eragiletzan Masterra

Maiatzaren 24an aurkeztu zen Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean Eusko Ikaskuntzak bultzatzen duen Euskal Kulturaren Eragiletza Master berria.

Ekitaldian izan ziren MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiña, masterreko koordinatzaile Eneko Bidegain, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza, eta UEUko zuzendari Aitor Bengoetxea.

Titulu berria Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduatuei, Komunikazioarekin zerikusia duten graduei (ikus-entzunezko komunikazioa, kazetaritza, publizitatea), Giza eta Gizarte Zientziei, Euskal Ikasketei, Itzulpengintzari, Zuzenbideari eta XXI. mendean euskal kulturaren giltzarrietan sakondu nahi duen unibertsitateko prestakuntza duen edonori zuzenduta dago.

Urrian hasiko den prestakuntza-programa euskal kulturaren galdera eta arazoetan oinarritzen da: kultura-eragin globala metabolizatzeko moduak, transmisioa eta irekitzea konbinatzeko moduak, gure sustraien interpretazio-sintesia, hizkuntzak hartu behar duen lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, eremu artistikoen erronkak...

Ana Urkizak aurkezpenean adierazi zuenez, euskal kulturaren transmisioaren sustapena erabat lotuta dago Eusko Ikaskuntzaren lan-ardatzekin. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak Euskal Herri osoaren lurralde-ikuspegi bateratua eskainiko dio masterrari, eta, aldi berean, Eusko Ikaskuntzako kideen ezagutza aditua eskainiko du ponente gisa, eta parte-hartzaileen eskura jarriko ditu Eusko Ikaskuntzaren hainbat proiekturen emaitzak. Gainera, kontraste talde lana egingo du eta master bukaerako lanak egiteko aukera eskainiko du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp