Eusko Ikaskuntzak zortzigarren urtez jarraian parte hartu du hautagaien lanen ebaluazioan.
Beste behin, EuskarAbentura egitasmoa piztu zenetik —zortzigarren edizioa dugu aurtengoa—, Eusko Ikaskuntzak hautagaien lanen balorazioan jardun da. Guztira 132 proiektuen balorazioa egin da eta lanketa horretan 16 ebaluatzaileek parte hartu dute.
Abentura honetan parte hartu nahi duten 16-17 urte bitarteko gazte interesatuek banakako proiektu edo lan bat egin behar izaten dute. Proiektua jorratzeko hiru gai proposatzen dira eta aurtengo gaiak izan dira: “Beldurrak”, “Gizartea: indibidualista ala kolektibista” eta “Klima aldaketa”. Urtero lez, aurten proposatu diren gaiak gazteei gogoeta egitera bultzatzen dute, gazteen nortasun indibidual eta kolektiboaren eraikuntzan lagunduz.
Sei formatu ezberdinetan jasotzen diren lanen balorazioa egiteko PuntuEUS Fundazioaren eta Eusko Ikaskuntzaren laguntza izaten dute antolatzaileek. Sormen digitaleko lanak PuntuEUS Fundazioak berrikusten ditu eta Eusko Ikaskuntzaren ardura izaten da lan literarioak (ipuiak, olerkiak,…), musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak eta lan artistikoak (margolana, collagea, argazkia,…) baloratzea.
Lan horretan Eusko Ikaskuntzako bazkideek parte hartzen dute, euren prestutasun eta laguntza gabe ekintza hau ezin izango genuke burutu. Ebaluatzaile bezala aritzen diren bazkide hauek natur zientzietan, soziologian, antropologian, literaturan, musikan eta ikus-entzunezko komunikazio gaietan aditu diren irakasle, sortzaile eta idazleak dira. Proiektuen balorazioa egiteko gutxieneko irizpide batzuk jarraitzen dituzte eta, besteak beste, lanaren originaltasuna, idazkera, teknika, informazio iturriak eta lanak hautatutako gaiarekin duen lotura baloratzen dute.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta diasporako gazteek abendua eta martxoaren hasiera bitartean proiektuak lantzeko aukera izaten dute; martxoa eta apirila bitartean lanen balorazioa egiten da eta, ondoren, hautatuen zerrenda jakinarazten du EuskarAbentura elkarteak bere webgunean.
Azkenik, Eusko Ikaskuntzatik zoriondu nahi ditugu hautatuak izan diren gazteak, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu parte hartu arren oraingoan aukeratuak izan ez diren guztiei, erakutsitako interesa eta gogoa eskertuz.