Euskarari buruzko ikerketa berritzaile batek agerian utzi du hizkuntzaren eta euskal komunitatearen estimazio indize altua Nafarroan

Proiektuak

2025/04/01

Euskarari buruzko ikerketa berritzaile batek agerian utzi du hizkuntzaren eta euskal komunitatearen estimazio indize altua Nafarroan

Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak – Euskarabideak euskara sustatzearen inguruan erresonantzia soziala lortu ditzaketen diskurtsoak biltzen dituen ondorioen txostena aurkeztu zuten.

Eusko Ikaskuntzak Nafarroako Gobernuaren-Euskarabidearen laguntzarekin sustatutako ikerketa baten emaitzak aurkeztu ziren Iruñean, apirilaren 1ean. Ikerketa horren helburua Foru Komunitateko errealitate soziolinguistikoa eta euskararen sustapenaren inguruan herritarren artean erresonantziak lortu ditzaketen balioak hobeto ezagutzea da.

Ekitaldian, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak hartu zuen parte; Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok; proiektuaren ikerlari eta zuzendari zientifiko Xabier Erize eta Carlos Vilchesek; eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak.

Ana Urkizak ireki zuen saioa ikerketa honen jatorria adieraziz “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan izeneko lan-programa parte hartzaile, hausnartzaile eta irekian izan du (…) zeina 2019tik 2023ra bitartean Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko hitzarmenaren bidez gauzatu zen dela Nafarroako Foru Komunitatea bizikidetzaren indarguneak eta ahuleziak ezagutzea xedea zuen”. Ikerketa taldea zoriondu zuen “Nafarroan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko jarrerak ezagutarazteagatik eta etorkizunera begira egin daitekeen bidearen norantza argitzeagatik”. Amaitzeko, ikerlanaren balioa azpimarratu zuen, “izan ere, agerian uzten du hizkuntza bat (ezein hizkuntza) ez baita gizartea zatitzeko elementua, baizik eta, identitate guztiak errespetatuz, integraziorako bidea”.

Ondoren, Ana Ollok, ikertzaileei egindako lana eskertu eta haien ibilbidea balioan jartzeaz gain, arrazoi bikoitzagatik azterketaren garrantzia azpimarratu zuen. Esparruari eta xedeari dagokionez, Ana Ollok gogora ekarri zuen “Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskunza bezalako erakundeekin egiten duen elkarlan egonkorraren aldeko apustuaren testuinguruan kokatzen dela, hizkuntza politikaren inguruko eztabaidak eta plangintzak euskarri eta ikuspegi zientifiko eta analitiko batekin jorratzeko aukera ematen duena. Horrek, gaineratu zuen, lanketa lasaia eta sakona errazten du, eta, gainera, gure gizarteak mugitzen dituen iritzi eta korronteak haztatzen ditu”. Eta ildo horretan, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak azpimarratu zuen ikerketa horiek baliagarriak direla Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikak bideratzeko, “gure erkidegoko aniztasuna islatzen eta kontuan hartzen duelako, pluraltasunetik eta dibertsitatetik bizikidetzaren –baita hizkuntzari dagokionean ere– garrantziaren alde egiten duelako, eta, azkenik, euskara balio erantsi gisa ikusten duelako Europako testuinguruan eta gero eta mundu uniformatuago batean”.

Ikerketaren abiapuntua da euskara bezalako hizkuntzek duten erronka bat: onarpen sozialarekin sustatuak izatea gizarte demokratiko batean. Erresonantzia edo onarpen soziala izan dezaketen elementu diskurtsiboak identifikatzeak eta aztertzeak oinarri gisa balio lezakete euskara sustatzeko, kulturalki anitza den eta testuinguru soziolinguistiko berezia duen lurralde batean: Nafarroako euskaldunen ehunekoa beste lurralde batzuetakoa baino txikiagoa da, eta banaketa geografikoa oso desberdina; hizkuntzaren babesari edo estimuluari buruzko iritzi sozialak eragin berezia du; eta hizkuntza-politikaren inguruko elkarrizketa-maila baxua da.

Ikerketaren helburu nagusia nafar gizartean onarpen soziala lortzen duten, eta lortzen ez duten, euskararen sustapenari buruzko elementu diskurtsiboak identifikatzea eta aztertzea da. Helburu zehatza haien oinarrizko banaketa soziala ezagutzea: hizkuntza taldeen arabera (euskaldunak, erdaldunak), adin taldeen arabera, generoen arabera eta lurralde soziolinguistikoen arabera.

Metodologia mistoari jarraituz, 2023an zehar fase kualitatibo bat garatu zen, horretan, Nafarroako biztanleen profil soziodemografiko nagusiak ordezkatzen zituzten pertsonekin taldeka lan eginez, gehien errepikatzen diren elementu diskurtsiboak identifikatu ziren. Hori kuantitatiboki balioztatu zen 2024an, ia mila pertsonari euskaraz eta gaztelaniaz egindako inkesten bidez.

Ikerlanaren ondorioak eta balorazioa

Txostenak, egindako ikerketa enpirikoaren inguruko datu zehatzak ematen ditu, euskarak Nafarroan duen errealitate soziala aztertu eta interpretatzeko. Ondorio nagusien artean aipa daiteke Nafarroako biztanleen %63 euskara sustatzearen aldekoa edo oso aldekoa dela, eta %52k euskaldunen komunitatea erreferente positibo bezala hartzen dutela.

Txostenaren zuzendari zientifiko eta erredaktore Xabier Erize soziolinguista eta Filologian doktoreak, eta Carlos Vilches soziologo eta Soziologian doktoreak Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta ikerketako emaitzak “berritzaile eta garrantzitsutzat” jo zituzte, Nafarroako gizartean euskara babesteko edo sustatzeko orduan. Emaitza horiek aplikazio praktikoak dituzte euskara edo eremu urriko hizkuntza batzuk hitz egiten diren lurraldeetan ere, eta gizartean erresonantzia zabala duten diskurtsoetan oinarrituta bultzatzea komenigarria izango litzateke.

Ikerketa berritzailea eta inspiratzailea

Ikerketa berezia eta diferentziala izan da: lehenengo aldiz egin da Nafarroan populazio osoari galdetuta, ez sektore jakin batzuei bakarrik, eta metodologia misto kualitatibo eta kuantitatiboa baliatuta; aplikatu diren kontzeptuetan (nahiz eta X. Erizek lehenago erabiliak izan); emaitzetan, orain arteko ikerketekin aldea ikusten baita; eta, azkenik, emaitzen analisian, fase kualitatiboaren eta kuantitatiboaren arteko barne kohesioa bereziki landu da. Gainera, beste hizkuntzetan ez baitira ezagutzen oraingo ikerlan honen osotasun sozial eta metodologikoa duen parekorik, nahiz eta mota askotariko azterketa soziolinguistiko on ugari dauden.

Ikerlana bideratu duten adituen azalpenen ostean, Arakamak bertaratuen arteko solasaldi labur bat gidatu zuen. Ikerlan honek zabaltzen dituen aukera desberdinen inguruko eztabaida bizia piztu zen, besteak beste: Nola sustatu erresonantzia jaso duten elementu diskurtsiboak? Nortzuk eta nola egin dezakete? Zein eragin dute hizkuntza politikoei begira? Agerikoa da ikerlan honek ate eta ikuspegi berriak ireki dituela ondoren bideratu daitezkeen azterketa eta ikerketei begira, ez bakarrik Nafarroako lurraldean.

Euskararen sustapena Nafarroan ikerketaren aurkezpena

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp