Eusko Ikaskuntzak parte hartu du etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko ponentzian

Proiektuak

2021/12/22

Eusko Ikaskuntzak parte hartu du etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko ponentzian

Asteazkenean, abenduak 22, Eusko Ikaskuntzak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean, abian den legegintza-prozesuan behar diren adostasunak lortzeko bere eskarmentua eta gaitasunak eskainiz.

Eusko Ikaskuntzaren programa 2019an jarri zen abian, “Hezkuntza Sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen”. Programa funtsezko alderdiak identifikatzera bideratuta dago, hezkuntza-sistema komun bat eraikitzeko akordioak bilatu aurreko urrats gisa.

Euskal ganberako talde politikoen ordezkarien aurrean egindako hitzaldian, Beatriz Akizu arduradunak erakundeak hezkuntzaren arloan duen eskarmentua eta jakintza aurkeztu ditu. Horretarako, Eusko Ikaskuntza bereizten duten koordenatu historiko eta metodologikoetan kokatu du programa. Alde batetik, 1918an erakundearen sorrera-gutunean bertan jasota dagoen hezkuntza-aurrerabidearekiko konpromiso aktiboa; eta, bestetik, akordio sozial zabalak eztabaidatu eta kudeatzeko topagune gisa duen bokazioa. Oinarri horiek funtsean hartuta, Eusko Ikaskuntzaren egungo lan-programak Euskal Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria idaztea du helburu.

Norabide horretan aurrera egiteko, irailean belaunaldien arteko lehen foro bat egin zen, eta honako izenburu hau izan zuen: «Ehun Zubigile Hezkuntza Sistemaren Etorkizuna Elkarrekin Lantzen». Horri esker, funtsezko gaiak identifikatu eta jarraitu beharreko ildo nagusiak zehaztu ahal izan ziren. Eta urrian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, Euskal Hezkuntza Sistemaren sinposioa antolatu zen: espezialistekin hitz eginez, herritarren azpimarra, irakasle, espezialista, eragile sozial eta instituzional ugari bildu zituena.

Helburu estrategiko nagusiak eta lan horietan zehaztutako lehentasunak Eusko Legebiltzarraren aurrean jakinarazi dira gaur. Lehentasunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gogoeta partekaturako guneak sortzeko beharra, belaunaldien arteko komunikazioa, gobernantza parte-hartzailearen eredua sendotzea hezkuntza-eremuan ere, edo bereizketaren aurkako gizarteratzearen garrantzia.

Hala eta guztiz ere, Eusko Ikaskuntzak bere lankidetza osoa eskaini die euskal erakundeei, hezkuntza arloari eragiten dion guztirako eta, bereziki, ahalik eta adostasun zabalena lortuko duen Hezkuntza Lege bat idazteari begira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp