Eusko Ikaskuntzaren indarra eta etorkizuneko proiekzioa nabarmendu ditu XVIII. Kongresuak

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/11/26

Eusko Ikaskuntzaren indarra eta etorkizuneko proiekzioa nabarmendu ditu XVIII. Kongresuak

Oñatiko San Migel elizako nabe gotiko izugarrietan egin zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren amaiera ekitaldia ostiralean, azaroaren 23an.

Euskal hiriburuetan urriaren 5etik azaroaren 16ra bitarte egindako bost saioen ondoren, itxiera saioan Liburu Zuriaren Oinarriak aurkeztu ziren, eduki nagusien aurrerapen gisa, bertan jasotzen baitira Eusko Ikaskuntzak XXI. mendeko Euskal Herrirako dituen proposamenak.

Guztira hamar hitzaldi eskaini zituzten, lau bloketan. Ibon Zugastik Mundua: joaera globaletatik tokian tokiko agertokietara landu zuen. Jarraian, Jendartea: nortasun anitza eremukoek aurkeztu zituzten emaitza eta proposamenak, Julen Zabalok (“Aniztasuna eta kohesio bideak”), Josu Amezagak (“Komunikabideak eta kohesioa”) eta Mikel Irizarrek (“Euskaraz garatu nahi duen komunitatea”).

Ongizate eredua: bizitza zaindu, aberastasuna sortu eta banatu alorrean hartu zuten hitza Joseba Zalakainek (“Ongizate eredua”), Ane Bustinduyk (“Belaunaldi arteko elkarkidetza”) eta Tomás Arrietak (“Enplegua, enpresa ereduak eta lan harremanak”). Laugarren blokearen gaia Gobernantza: demokratizazioa ardatz izan zen eta ondorioak aurkezteko ardura izan zutenak: Amalur Alvarez (“Euskal lurraldeak munduan, Europan eta estatuetan”), Irune Lasa (“Euskal lurraldeen oreka eta kohesioa”) eta Antton Maya (“Euskal lurraldeen demokratizazioa”).

Asko izan ziren hamar hitzaldietan landutakoak, baina azpimarratzekoak dira alor guztietan demokratizatzearen aldeko apustua, Ongizate estatu eta eredu produktibo sendo baten arteko mendekotasuna edo euskaraz bizi nahi duen komunitatearen indartzea. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko analisi, diagnostiko, gogoeta eta proposamen guztiak udaberrian aurkeztuko dira Liburu Zurian.

Ekitaldiaren itxieran, Batzorde Antolatzaileko Lehendakari Xabier Alkortak 1918ko eta egungo gizartearen arteko desberdintasunak azpimarratu zituen eta nabarmendu zuen Eusko Ikaskuntza berriro dagoela dagokion tokian, topagune gisa eta herriaren zerbitzura ezagutza sortuz.

XVIII. Kongresua. Oñati

Azkenik, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsorok adierazi zuen duela hiru urte hasitako proiektua amaitu dela, “baina neurri batean bakarrik. Izan ere, hasieratik ulertu genuen Kongresu hau Eusko Ikaskuntzaren ehun urteetako bizitzaren inflexio puntu gisa”. Eta emozio handiz bukatu zuen: “Eusko Ikaskuntzak hemen jarraitzen du: 1918an zen bezain erabilgarri eta beharrezko, bere duen gizartearentzat. Ilusio berrituz eta gure lemak laburtzen duen izpiritu berarekin: Asmoz ta Jakitez”.

Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp