Euskonews, 25. urteurrena

Argitalpenak

2023/11/29

Euskonews, 25. urteurrena

Zientzia, kultura eta gizarte-berrikuntzan aitzindari den euskal aldizkari digitala 1998az geroztik argitaratu da, eta informazio- eta dokumentazio-funts garrantzitsua bildu du irekian kontsulta daitezkeen 781 zenbakietan.

Duela 25 urte, 1998an, Eusko Ikaskuntzak zientzia, kultura eta gizarte-berrikuntzari buruzko lehen euskal aldizkari digitala argitaratu zuen. 1. zenbakiari hasiera emateko, Jorge Oteiza artistari elkarrizketa egin zitzaion haren 90. urtebetetzean eta horrekin batera dibulgaziozko sei artikulu Gaiak tribunan jasota, irudi eta dokumentuzko edukiekin batera. 889 bisitari izan zituen. Hogeita bost urte geroago, argitalpen aitzindariak 781 zenbaki plazaratu ditu, eta haren funtsak milaka sarrera jasotzen ditu egunero, bai zuzenean, bai bilatzaileen bidez.

Webguneak (www.euskonews.eus) 3.818 artikulu biltzen ditu, 735 elkarrizketa eta solasasaldik testuz eta ikus-entzunezkoz; haren atal desberdinetan 2.780 autorek parte hartu dute orain arte. Aldizkariaren KOSMOpolita atalean ia 700 artikuluek euskal presentziak munduan duen lekuari buruzko entziklopedia osatzen dute, eta Artisautza atalean, 2001 eta 2011 artean, Euskal Herriko eskuzko laneko profesionalen katalogo aberatsena bildu zen. Eusko Ikaskuntzaren funts historikoko arte-galeriek eta argazkiek (Atzoko irudiak) osatzen dute aldizkariaren alderdi bisuala. Hala eta guztiz ere, informazio-bolumenagatik eguneroko maiztasuna ez duen euskal argitalpen nagusi gisa nabarmentzen da.

Eduki askotarikoei eutsita, 2019az geroztik, Eusko Ikaskuntzaren lan-programekin lotutako gaiak lantzen ditu, hala nola kultura-eskubideak eta -politikak, hezkuntza-sistema, ongizate-ereduak, lurralde-oreka eta XXI. mendeko euskal identitateak. Bi hilean behin argitaratzen da.

Euskara Interneten kokatzea izan zen Euskonewsen helburu nagusietako bat. Horregatik, euskarak lehentasunezko presentzia du, baina ez esklusiboa, eta hainbat artikulu argitaratzen dira gaztelaniaz, baita batzuk frantsesez, ingelesez eta portugesez ere. Halaber, genero-berdintasuna bilatzen da sinatzaileetan.

Azken 25 urteotan, hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu Euskonewsek, hala nola Argia Merezimenduzko Saria 1999an, Internet & Euskadi Elkartearen Buber Saria 2003an eta Artetsu Saria Arbasoarena 2005ean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp