Garapen Sozio-Ekonomikoaz hausnarketa bizia izan zen

Proiektuak

2016/05/24

Garapen Sozio-Ekonomikoaz hausnarketa bizia izan zen

Maiatzaren  12an Donostiako Miramar Jauregian “Garapen Sozio-Ekonomikoa: euskal gizartea eta enpresa” proiektuaren Lehen Mintegia burutu zen.

Proiektu hau EKINEZ egitasmoen baitan kokatzen da, eta galdera nagusi honi erantzun nahi dio: Ze garapen eredu nahi dugu Euskal Herriarentzat? Ze gaitasun dugu gure ekonomia eraldatzeko, paradigma berritaruntz?

Euskal Herri osotik etorritako 55 pertsona elkartu ziren, adin, genero eta jatorri desberdinetakoak, Garapen Sozio Ekonomiaren kontzeptua hausnartzeko. Hasteko, Xabier Alkorta, Guillermo Dorronsoro eta Arrate Arinek proiektua aurkeztu zuten, EKINEZ Egitasmoen baitan kokatuz, helburu orokorrak zein lehen urteko plangintza aurkeztuaz. Ondoren, aurreikusita zegoen bezala, lau adituren hitzak entzun ziren.

Lehena, Luis Guridi (Hegoa Institutoa - EHU) Garapenaren inguruan dauden teoria nagusien errepasoa egin zuen. Ondoren, Susana Franco (Orkestra Institutoa - Deusto) Garapena eta Leihakortasunaren inguruko harremanak azaldu zituen, baita garapen ekonomiko eta garapen soziala kontzeptuak eta hauek neurtzeko adierazle nagusiak. Bere aldetik, Pablo Angulo (BIKOnsulting kooperatibako bazkide), aurrerabidea eta sozio ekonomiaren arteko harremanetaz aritu zen, baita Ekonomia Berrien aipamen eta sailkapena egin zuen. Eta azkenik, Mertxe Larrañagak (EHUko Ekonomia Aplikatuko Fakultatea) ekonomia feministaren ikuspuntua eskaini zuen.  

2016.05.12 Sozio-ekonomiako Mintegia (Donostia. Gipuzkoa)

Atsedenaldiaren ostean, talde dinamikari ekin zitzaion. Sei taldetan banaturik, dinamizatzaile banak lagunduta, entzudakoaz eta planteatutako galderen inguruan hausnarketa bizia burutu zuten partaideek, argazkietan antzematen den bezala. Datozen asteetan, dinamiketatik jasotako ondorioak partekatuko dira.

Informazio gehiago nahi izan ezkero jar zaitezke proiektuaren barne-arduradunarekin harremanetan, ondoko emailean: arrate.arin@eusko-ikaskuntza.eus 

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp