Gazte Agora: praktika onak jaso eta 19-20ko diagnosiaren ondorioak

Proiektuak

2021/02/22

Gazte Agora: praktika onak jaso eta 19-20ko diagnosiaren ondorioak

Martxoaren 12 arte luzatu da epea gazteriaren inguruko praktika onak jasotzeko. Praktika Onen Foroa antolantzen den bitartean, 2019-2020 epealdian egindako diagnosiaren oinarri nagusiak aurkeztu dira.

Gazte Agora, 2018aren amaieratik sukaldatzen dabilen proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatzen du.

Proiektuaren lehenengo urratsean, herrialdez herrialde, identifikatu dira gazteen kezka eta erronka nagusiak, eta horiei aurre egiteko tresnak erregistratzeaz gain, komunean dugun horretan zentratu da elkarlanerako oinarriak finkatzeko. Herrialdetako gazteak biltzeko hiru foro egin ziren: EAEko gazteentzat, Donostian; Nafarroako gazteentzat, Iruñean; eta Ipar Euskal Herriko gazteentzat, Baionan. Pandemiak proiektuaren eboluzioan ere izan zuen eragina eta egindako azken urratsak online egitera behartu zuen. 

Proiektua gorpuztuz joan da eta honen antolaketa ez da erakunde edo gazte talde bakar baten esku geratu: Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Gazte Kontseilua eta Euskadiko Gazte Kontseiluarekin batera, proiektuaren bultzatzaile nagusiak izan dira. Eta bidelagun izan dira Udako Euskal Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Euroeskualdea.

Urtarrilaren 13an, Iruneko Ficoban, aurkeztu ziren egindako diagnosiaren oinarri nagusiak, foro ezberdinetan landutako gaien arabera, hots, ongizate materiala, euskara eta hizkuntza-politikak, hezkuntza formal eta informala eta gobernantza. Jarraian jasotzen da ondorio horien laburpen txiki bat.

Gazte Agora - Emaitza Txostena 2020

Ongizate materialari dagokionez, erronka komunetan kontsensu handia antzeman zen, lehentasun argiak markatuz: gazteek etxebizitza duin baterako sarbidea izatea, kalitatezko enpleguak lortzea eta lurraldearen antolamendua bizi-proiektuen garapenera bideratzea, hau da, formakuntzak, enpleguak eta etxebizitzak bizitza proiektua nahi den lurraldean garatzeko lagungarri izatea. Horretarako, mugaz gaindiko gazte elkargune sozioekonomiko baten sorrera proposatu zen, beste lurraldeen esperientziak ezagutzeaz gain, mugaz gaindiko proiektuak garatzeko.

Euskara eta hizkuntza-politiken atalari dagokionez, oinarri komun minimoak adostea lortu zen, ulertuta euskararen estatusa desberdina dela lurralde bakoitzean eta, aldi berean, beharrezkoa dela bere ikusgarritasuna hobetzea, eleaniztasuna bermatuz. Euskara lurraldeetako aberastasuna da, komunean dugun komunikazio tresna aberatsa, hortaz, politizazioaren eta ideologiaren eraginetik aldendu eta oztopo bilakatu beharrean, gure lurraldeetako aberastasunaren adierazle bilakatzea lortu behar dela nabarmenduz.  

Hori lortzeko bidean, administrazio publikoan elebiduntasun osoa babestu eta diru-laguntza gehiago bideratu beharko litezke euskarazko ekitaldientzat. Horrez gain, beharrezkoa da komuneko esparru bat izatea non euskara ardatz nagusia den, lurralde guztien artekoa, administrazio publiko zein gizarte zibileko eragileen parte-hartzearekin.

Hezkuntza formala eta informalen taldeetan, Hezkuntza komunitatea indartzearen beharra nabarmendu zen, ikasleen paper aktibo batekin. Horretaz aparte, hezkidetzaren baloreak eta dibertsitatea integratzea, hezkuntzaren utilitarismoa alboratzea eta euskararen presentzia handitzea ikusi ziren beharrezko.

Horretarako, hiru lurraldeen arteko akordio komunak eraikitzea ezinbestekotzat jo da, hau da, eztabaidarako eta akordiotarako sare online eta offline bat sortzea proposatzen da, akordio komunak helburu. Bide horretan ere, ikasle, herritar eta elkarteen trukaketak sustatzea proposatu zen: hezkuntza-aktoreen arteko topaketak esperientziak trukatzeko eta gogoeta orokor bat aurrera eramateko.

Gobernantzako taldeek gazteen parte hartze politikorako ahalduntzea zuten helburu. Hori burutzeko, parte-hartzeko metodologia berritzaileak lortzearen beharra azpimarratu zen. Eta, ahalduntzerako ezinbesteko, nor bere bizitza proiektu propioa garatu ahal izateko baliabide materialak eta ez-materialak bermatuak izatea, batik bat, etorkizuna bermatua izatea, eskubide sozialak, berdintasuna eta krisi klimatikoari aurre egitea. 

Erronka horiei aurre egiteko, proposamenen artean hauek azpimarratu litezke: administrazioek gazteentzat dituzten baliabideen berrazterketa eta gizarteratzea, esparru sozialean zein erakunde ofizialetan gazteen parte hartzea bultzatuz; parte hartzea oinarri duen heziketa eredu bat eraiki ahal izateko, eskolak zein bestelako hezkuntza esparruak parte-hartzerako tresna bezala garatzea. Azkenik, gazte erakundeak elkarlanean jartzeko espazioen sorrera aipatu zen, erabaki ahalmen zein eragiteko gaitasunarekin. Ildo horretan, praktikotasunean oinarritutako kooperazio ardatzak sortzearen beharrea azpimarratu zen, muga administratiboetatik harago doazenak.

Proiektuaren gauzatze horretan lurraldeen arteko lankidetza-tresnak identifikatzean, gazteentzako garrantzi handiko lana egiten zuten eta balioa ematea merezi zuten proiektu asko aipatu ziren. Egindako lanari balioa emateko eta, bestetik, proiektu berriak garatzeko sinergiak sortzeko udaberrian egitea aurreikusita dago Praktika Onen Foroa. Horri lotuta, martxoaren 12 arte 'jardunbide egokiak' aurkezteko epea zabalik dago.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp