Hauteskunde Batzarra, azaroaren 30ean

Berri korporatiboak

2024/11/27

Hauteskunde Batzarra, azaroaren 30ean

Bazkideak bozkatzera deituta daude: Lehendakaritza eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Kontseilu Errektorerako kideak hautatzeko.

Eusko Ikaskuntzaren Ezohiko Batzarrak Lehendakaritza eta Kontseilu Errektorerako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ordezkari aukeratuko ditu azaroaren 30ean, larunbata, 11:00etatik aurrera (10:45ean lehen deialdian), Donostiako Gipuzkoako Bazkundean.

Hautagaitza bakarra dago kargu bakoitzerako. Bigarren agintaldi baterako berrautaketara Ana Urkiza Ibaibarriaga lehendakaria aurkeztu da. Era berean, Kontseilu Errektorerako Asier Etxenike Ugarte (Araba), Zelai Nikolas Ezkurdia (Bizkaia) eta Isabel Elizalde Arretxe (Nafarroa) aurkeztu dira. Rikardo Bueno Zabalo organo errektorean sartuko da Gipuzkoako ordezkari gisa (ikus profilak beherago).

Batzarra aurrez aurre edo online jarraitu ahal izango da, eta hautagaien curriculumak irakurrita hasiko da. Ondoren, hautagaiek euren programak azalduko dituzte. Amaitutakoan, bazkideek galderak egin edo iritziak eman ahal izango dituzte.

2023ko urteko kuotaren ordainketa egunean dutenek soilik eman ahal izango dute botoa, web orriko Barruti Pribatuan eskuragarri dagoen Hauteskunde Erroldan agertzen badira.

Parte-hartzea sustatze aldera, oraingo honetan zabaldu dira botoa emateko aukerak: ordezkaritza, eskuordetzea, gordailua eta fisikoki nork bere botoa eramanda. Lehenengoaren bidez, bazkideak beste pertsona bat izendatu dezake bere izenean botoa eman dezan. Horretarako, ordezkaritza-agiri sinatua eta NANaren kopia aurkeztu beharko dira, gutxienez lehenengo deialdia baino ordubete lehenago. Batzarkide bakoitzak gehienez bost boto ordezkatu ahal izango ditu.

Botoa eskuordetzeko, bazkideak Eusko Ikaskuntzako idazkaritzari jakinarazi beharko dio, hiru egun lehenago, botoa nori eskuordetzen dion.

Hirugarren aukerak, gordailuak, aldez aurretik fisikoki bozkatzeko aukera emango du, lurralde bulegoetan edo posta elektronikoz. Era berean, gordailua Batzarra egin aurreko hiru egunetan egin behar da.

Xehetasun guztiak bazkideen Barruti Pribatuan kontsulta daitezke.

PROFILAK

Lehendakaritza: Ana Urkiza Ibaibarriaga

Gizarte eta Informazio Zientzietan Lizentziatua EHUn eta Linguistikan diplomatua UNEDen, “Communication d´Entreprise et Communication Commercial”, “Banca comercial”, eta “Dirección y Gestión de Recursos Humanos” graduondokoak egin ditu.

1995ean Ideko Zentro Teknologikoan sartu zen, eta urtebete geroago komunikazio lanak hartu zituen Danobat Taldean. 2007an, Bankoa Crédit Agricoleko Giza Baliabideen zuzendari izendatu zuten, eta, geroago, Barne Komunikazio eta Prestakuntza zuzendari. 2022tik, Abancak Bankoa hartu ostean, haren Giza Baliabideen sailean aditu da.

Etapa desberdinetan, Deustuko Unibertsitatean Komunikazioa irakatsi zuen Euskal Idazleen Elkarteko Idazkari Kudeatzaile lanak egiten zituen bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide da 2000tik, 2016an Elhuyar Saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzeko egindako lanagatik.

Sortzaile gisa, Ana Urkiza Ibaibarriaga ipuin, poesia, aforismo eta haur eta gazte literatura liburuen egile da; gainera, biografia eta itzulpena ere landu ditu. Zenbait literatura sari jaso ditu idazle lanengatik. Era berean, komunikabideetan eta aldizkari espezializatuetan idazten du.
 

Kontseilu Errektorerako hautagaitzak

Araba: Asier Etxenike Ugarte

Soziologian Lizentziaduna UNEDen eta Jarduera Fisiko eta Kirol zientzietan lizentziatua EHUn, bai eta Kirol Magisteritzan diplomatua ere. 2009tik ardurak ditu soziologia aplikatuko ikerketan espezializatutako Aztiker Kooperatibako berrikuntza, ikerketa, produkzioaren kudeaketa, datuen ustiaketa eta estatistika prozesuetan. Bertan, hamalau proiektutan parte hartu du 2015etik hona. 2020. urtean Lazkaoko Gerriko Ikerlan Beka eskuratu zuen. Hainbat euskal hedabidetan kolaboratu du.

Bizkaia: Zelai Nikolas Ezkurdia

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna eta Europar Batasuneko Integrazio Politika eta Europar Batasuna masterra. Gaur egun doktore-tesia egiten ari da Parlamentu irekiaren inguruan. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan lan egin ondoren, 2018tik Eusko Legebiltzarreko legelari da. EHUko Zuzenbide Zibileko Irakasle izan zen 1993tik 2002ra, aurretik abokatu lanetan aritu zen. Bere jarduera zientifikoa lurraldetasuna, gatazken konponketa eta Europaren baitako lankidetzari buruzkoa izan da, gai horiek lantzen dituelarik komunikabideetan egiten dituen kolaborazioetan ere.

Gipuzkoa: Rikardo Bueno Zabalo

Nafarroako Unibertsitatean Industria Ingeniaritzan doktorea, makina-erreminten diseinuari buruzko tesi batekin. 2019tik BRTA – Basque Research and Technology Alliance zuzentzen du, euskal administrazioaren eta 17 ikerketa eta teknologia zentroren arteko aliantza dena. Aurretik, Tecnalia Research & Innovationen ardurak izan ditu, Nazioarteko Garapeneko, Fabrikazio Aurreratuko eta Programen arloko zuzendari gisa. Halaber, Zientzia Politikarako eta Mekanika Departamentuko zuzendaria eta Fatronik Fundazioko ikertzailea izan zen. Bere hausnarketak industria lehiakorrak, berrikuntzak eta teknologiak gizarte orekatu bat lortzeko duten eragina aztertzera bideratzen dira.

Nafarroa: Isabel Elizalde Arretxe

Landa Garapen, Jasangarritasun eta Ekonomia Zirkularrean aditu. 2015-2019 legealdian, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurugiro eta Tokiko Administrazio Kontseilaritzan izan zen. Kargu horretatik bultzatu zituen ingurugiroarekiko errespetuz hazteko eredu bati begirako foru legeak, programak, planak eta estrategiak. Aurretik Cederna-Garalureko Zuzendari-Kudeatzaile izan zen, bai eta Axura Consultoreseko jabe, zuzendari eta kudeatzaile, eta zenbait erakundetako Tokiko Garapenerako Agente ere. Ekologia eta jasangarritasunari buruz idatzi du. Gaur egun, Peio Martikorena Fundazioa zuzentzen du, eta MCZ gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko mikrokooperatibako kide da.

2024-2028 programaren oinarri nagusiak

Ana Urkiza buru duen hautagaitzak aurkezten duen programak AMIA dokumentua (erakundearen ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) aztertu eta kontrastatuta abiatzen da. Dokumentu hori 2024. urte honetako sei hilabeteko hausnarketa-prozesu sakon baten emaitza da.

Eusko Ikaskuntzako bazkideen, Kontseilu Errektoreko kideen eta izangaien, langile eta zuzendari zientifikoen ekarpenak jaso dira, ezagutzak, iritziak, ideiak eta proposamenak batuz eta partekatuz.

Hortik aurrera, 2024-2028 aldirako programa lau ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da, zeharkako hiru lan-ildoren laguntzarekin:

Ardatz estrategikoak:

  1. Bazkideak. Ardatz horrek lau helburu nagusi izango ditu: bazkide berriak erakartzea, erakundearekiko hurbiltasun-sentimendua areagotzea, partaidetza bultzatzea eta asoziazionismoaren gaineko hausnarketa bideratzea.
  2. Proiektuak eta agenda. Ardatz honen helburuak dira proiektuen kalitatea, inpaktua eta errotazioa handitzea, eta gizartearen beharrekin lotutako agenda bat egitea.
  3. Komunikazioa eta erreferentzialtasuna. Eusko Ikaskuntzaren ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna hobetzea.
  4. Finantzaketa. Finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea eta diru-sarrerak egonkortzea.

Ardatz estrategiko horiek zeharkako lan-ildo hauekin batera etorriko dira:

  1. Lantaldea. Lantaldearen berrikuntza gaitasuna eta koordinazioa hobetzea.
  2. Aliantzak. Dauden aliantza estrategikoak indartzea eta berriak sortzea.
  3. Lurraldetasuna. Eusko Ikaskuntzak bere proiektuak Euskal Herri osoan garatzen jarraituko du, lurralde ezberdinetara eskalagarriak diren proiektuak sustatuz, mugaz gaindiko proiektuak bultzatuz eta euskal lurraldeen arteko oreka bilatuko duten neurriak proposatuz.

Egitarau osoa webgunearen Barruti Pribatuan dago.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp