Ikuspegi queer-feminista eta garaikidea duen euskal mitologiari eta kulturari buruzko poetika-musikarako proposamen batek irabazi du Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2024

Sariak

2024/05/07

Ikuspegi queer-feminista eta garaikidea duen euskal mitologiari eta kulturari buruzko poetika-musikarako proposamen batek irabazi du Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2024

Umorea eta poesia baliatu dituzte Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek aurkeztutako `Adarbakarra eta soinujolea´ diziplina arteko proiektuan, gaur egungo euskal topikoei buruz gogoeta egiteko.

Adarbakarra eta soinujolea da Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2024ko proiektu irabazlearen izenburua. 2019az geroztik, 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloan sormen- edo ikerketa-lanak egitea babesten du sari honek.

Maite Aizpurua eta Garazi Navas egileek euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzea proposatzen dute, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta, performance baten bidez. Bertan, musika, literatura eta antzerkia uztartuz, euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratuko baitituzte. Umorea eta poesia baliatuz, eta diziplina arteko tresnak erabiliz, Adarbakarra eta soinujolea lanak gaur egungo euskal topikoei buruz esperimentatzen du, gogoeta eta begirada berriak ikusaraziz.

Maite Aizpuruak (1990) Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da EHUn; arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan esperientzia handia du. Bestalde, Garazi Navasek (1995) akordeoi espezialitatea ikasi du Musikenen —Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia—, eta Musika Interpretazioaren Irakaskuntzan masterra du. Hainbat estilotako kontzertuetan parte hartu du.

Proiektu honetan elkartu egin dira Garazi Navas eta Maite Aizpurua elkarrekiko mirespenak eta klasizismoaren, herri-tradizioaren eta euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide berriak elkarrekin aztertzeko interesak bultzatuta.

Epaiaren berri ematean epaimahaiak adierazi duen bezala, Adarbakarra eta soinujolea proiektuak Eusko Ikaskuntzaren eta LABORAL Kutxaren asmoari erantzuten dio erabat, bereziki Gazte Sariaren helburuarekin lotura zuzena du, hain zuzen, humanitateen, kulturaren eta arteen esparruan sormen-proiektuak sustatzeko xedearekin, zentzurik zabalenean.

Proiektu irabazleak, 6.000 eurorekin lagunduta, 2025eko udaberrian taularatzea aurreikusten da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp