Arabako soziologo eta ikertzaileak, munduko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan euskarari eskaini dion aparteko dedikazioa nabarmendu du epaimahaiak.
Iñaki Martínez de Luna (Vitoria-Gasteiz, 1950) soziologo eta Soziolinguistika arloko ikertzaileak irabazi du aurten Manuel Lekuona Saria, Eusko Ikaskuntzak 1983an sortua, euskal kulturaren alde egindako lanagatik pertsona ospetsuak aintzatesteko.
Soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia berrogei urtean zehar garrantzi handiko ikerketak zuzendu ditu, batetik, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko (Arrue, ikasleen hizkuntza-erabilerari buruzkoa; EGOD, euskarari buruzko oinarrizko diskurtsoak aztertzekoa; eta EAS, euskararen adierazleen sistema diseinatzekoa); eta, bestetik, euskal gizarte-errealitateari buruzko ikerketak zuzendu ditu (esaterako, identitateari eta kulturari buruz Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin 2007an garatutakoa).
Iñaki Martinez de Lunak jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenarekiko konpromiso aktiboa uztartu ditu. Horrela azpimarratu dute epaimahai instituzionala osatzen duten ondorengo erakundeetako ordezkariek: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Eresbil-Musika Euskal Artxoa, Euskal Kultur Erakundea, Etxepare Euskal Institutua, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, UNEtxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Horren adierazle dira bai tokiko eremuan egindako lanak, bai ikerketa eta ikerketa taldeetan egindakoak: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen eta Bat aldizkariaren zuzendaria ere. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa-taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena, hala nola "Berrikasi eta Berrikusi" (2015) eta "Berrindartu eta jauzi" (2020) txostenak.
Bere curriculum zabalak berrikuntzaren aldeko bokazio argia erakusten du, eremu ezezagunei heldu eta sinergiak sortzeko grina. Zentzu horretan, bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza-giroaren baitan kokatzen da.
Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan da 1986tik 2015era, eta UPV/EHUko irakasle ondokoa 1989tik 2015era. Euskararen Erakunde Publikoa-Office Publique de la Langue Basque erakundeko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen eta egun Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan da, baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria ere.
Euskaltzain urgazlea da, eta gaur egun "Euskararen Biziberritza Araban" proiektua koordinatzen du bere baitan. Araban euskararen alde egin du lan handia, Gasteizko GEU elkarteak egindako jarduerak horren erakusle izanik, elkarte horretako presidente izan baitzen 2013 eta 2015 artean.
Ondorioz, 2023ko Manuel Lekuona Sariaren Epaimahaiak hurrengoa nabarmendu du: "Iñaki Martínez de Lunak aparteko dedikazioa du gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan", mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan ikuspegi ireki eta mugarik gabe.
Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria irudikatzen duenak, ekitaldi publiko batean emango zaio, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda: | |
2023: Iñaki Martínez de Luna 2022: Enkarni Genua 2021: Jon Bagüés 2020: Jose Ramon Etxebarria 2019: Xabier Amuriza 2018: Mari-Jose Azurmendi 2017: Fermín Leizaola 2016: Jean-Louis Davant Iratzabal 2015: Joan Mari Torrealdai Nabea 2014: Antxon Aguirre Sorondo 2012: Soledad de Silva y Verástegui 2011: José Luis Ansorena Miranda 2010: Jose Antonio Arana Martixa 2009: Txomin Peillen 2008: Montxo Armendáriz 2007: Sabin Salaberri Urzelai 2006: Menchu Gal Orendain 2005: Elías Amézaga Urlézaga 2004: Jean Haritschelhar 2003: Jesus Atxa Agirre | 2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze 2001: José Ignacio Tellechea Idígoras 2000: José Miguel Azaola 1999: Piarres Charritton 1998: José María Jimeno Jurío 1997: Micaela Portilla Vitoria 1996: Jorge Oteiza Embil 1995: Adrián Celaya Ibarra 1994: Xabier Diharce "Iratzeder" 1993: Francisco Salinas Quijada 1992: Bernardo Estornés Lasa 1991: Carlos Santamaría Ansa 1990: Gerardo López de Guereñu Galarraga 1989: Eugène Goyheneche 1988: Manuel Laborde 1987: Justo Gárate 1986: Andrés de Mañaricua y Nuere 1985: P. Jorge de Riezu 1984: Odón Apraiz 1983: Manuel Lekuona |