Ingurumen zuzenbidean Masterra (XXIII. edizioa)

Ikastaroak

2019/06/18

Ingurumen zuzenbidean Masterra (XXIII. edizioa)

EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasle eta masterreko zuzendari, Xabier Ezeizabarrenak ozeanoetako hondakinei buruzko adibideak deskribatu eta egoera horiek kontrolatzeko garrantzia azpimarratzen du "Ozeanoak babesteko" izenburu duen artikuluan.

Gure Ingurumen Zuzenbideko “online” Masterraren beste edizio bat –23.a, alajaina– aurkeztearekin batera beste itsas istripu bat gertatu da gure kostaldearen aurrean. Bata bestearen ondoren datoz ozeanoetako hondakinei buruzko salaketak eta irudiak. Arazo honen ageriko alderdia nabarmena izanik ere, adituek diotenaren arabera, ozeanoetako gune sakonen egoera are larriagoa izan daiteke planetaren leku askotan. Aldi berean, Ozeano Barean nora ezean dabilen plastiko hondakinez osaturiko “uharte” flotagarri bat ikus dezakegu, Frantziaren tamainakoa, neurriz gero eta handiagoa dena eta Nazioarteko Zuzenbidetik eta edonolako ordendu juridikotik at dagoena.

Eta kointzidentziak guztiz ustekabekoak ez badira ere, gobernu eta nazioarteko erakunde askoren legeak egiteko joera bertsukoa da: inori kontsultatu gabe, ozeanoak hobekien ezagutzen dituztenekin neurririk batere adostu gabe eta, are, logikaren kontra eta itsas naturaren beraren berezitasunaren aurkako legeak eginez, itsasoak, jakina, ez baitu subiranotasunaren kontzeptu politikorik ezagutzen.

Oro har, hala Itsas Eskubideak nola ingurumen alorreko nazioarteko hitzarmen berrienek itsas ingurunea eta haren baliabideen kontserbazioa era “uniformean” arautu nahi dituzte, baina lurralde edo estatuen subiranotasunari legokiokeen edonolako planteamendu erabat gainditu eta horrekin zerikusirik ez duen ingurune batez ari direlarik. Horren aurrean, itsasoaren arau-esparrua nekez izango da uniformea, kontuan harturik itsas ingurunearen, kostaldeen eta horien ekosistema eta espezien aniztasun izugarria.

Uniformetasun nahia hainbestekoa da non, batzuetan, Espainiaren kasuan hori barne Zuzenbidera aldatu nahi izan den Itsas Ingurunea Babesteko 41/2010 Legearen bidez, zeinak alor horretan erkidegoek dituzten eskumenak argi eta garbi ez ezagutzea nahiago izan duen, kostaldeko hirientzako garrantzi handia duten hainbat udal konturekin egin duen bezala.

Ildo bertsutik, alor honetako Nazioarteko Zuzenbideak itsas baliabideen eta habitaten babesa nazio agindupeko lurralde-kokapenaren arabera azpimarratzen jarraitzen du, eta hori itsas dinamikaren eta haren natura baliabideen babes globalaren aurka dago. Hala, guztiz gogo onez hartuko genuke natura baliabide global horiek ondare bihurtzeko helburua izango lukeen ahaleginen bat. Hain zuzen ere, itsas baliabideen izaera bera eta haien arteko harremanak direla-eta, itsas bioaniztasuna eta, oro har, itsaso guztiena babestea izango da arau-sektore konplexu horren helburu orokorra, horien kokapen fisikoa gorabehera, baina ez neurri uniformeen bidez ezinbestean. Plano horretan, era berean, beharrezkoa izango litzateke isuriak, erradioaktiboak barne, itsasora botatzeko baimen baldintzatua ahalbidetzen duten klausula irekiak edo estatu erreserbak ekiditea, munduko leku askotan orain gertatzen dena.

Nazioarteko erantzukizunetik hurbilago dagoen beste plano batean, Nazioarteko eta Europako Zuzenbideak aurrera joan behar du litezkeen ez betetze eta inpaktuengatik eragileek eta Administrazio Publikoek izan litzaketen erantzukizun objektiboen aldera, itsasoa den bezalako aurkako ingurune batean beharrezkoak izango liratekeen lehengoratze jarduerei begira. Hain zuzen ere, dagoeneko Hidrokarburoen Itsas Garraioari buruzko Nazioarteko Hitzarmenek jaso dute kontu hori, baina horren aplikazioa gaur arte diru bidezko ordaintzari mugatu da soil-soilik.

Eta itsas inguruneari eragindako kalteen erantzukizunaren ordua iritsirik, ezinbestekoa da Nazioarteko Zuzenbideak alde batera utz dezan erantzukizun zibila muga ekonomiko batzuei lotzeko joera, halako eran non ingurumen inpaktuen eragileek horiek konpondu beharko dituzten guztiz eta erabat. Hainbat kasuren ondoren, “Prestige”arena Galizian, “Erika”rena Bretainiako Atlantikoan eta berrikiago Bizkaiko Golkoan “Grande América” ontziaren isurketa, besteak beste, itsas ingurunearen defentsari dagokionez, bi aldi bereizi beharko genituzke ingurumen erantzukizun zibilaren alorrean, oraindainokoa eta aurrerantzekoa.

Testuinguru honetan berean, beharrezkoa litzateke, halaber, ingurumena babesteko mailak goititzea eta babes maila desberdineko araudiak aplikatzerakoan gerta litezkeen gatazkak aurreikustea; halakoetan, naturaren ondasun komunen defentsari begira, ingurumena babesteko araudirik zorrotzena lehenetsi beharko da. Horiek eta beste arazo juridiko praktiko asko tratatu, aztertu eta eztabaidatuko dira gure Ingurumen Zuzenbideko “online” Masterraren 23. edizioan, 2019-20 ikasturtean, jadanik arreta bereziz prestatzen ari garena.

Itsas ingurumenaren defentsa globalak erantzukizun kolektiboaren alorreko eginbeharra dakar, ondasun komunen defentsaz den bezainbatean. Era berean, defentsa horrek laguntza ekarriko dio arrantzale komunitate tradizionalek itsasoaren baliabideez dituzten eskubideen babesari. Globalizazio ekonomikoaren fenomenoak ez luke ozeanoen espoliaziorako laguntza juridikorik izan behar, ezta bizirik irauteko itsasoa behar dutenen gizarte itomenerako ere. Labur esanda, sektore bat eta hainbat baliabide, ozeanoak eta, oro har, ingurumena babestea helburu duen Nazioarteko, Europako eta barne zuzenbidearen aplikazio eraginkorrari buruzko hausnarketaren zain daudenak.

Ingurumen zuzenbidean Masterraren iguruko informazio osoa, hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp