Irakaslea aldaketa eragile gisa jardunaldia

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2024/11/18

Irakaslea aldaketa eragile gisa jardunaldia

Azaroaren 16an, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera antolatutako jardunaldian, 140 hezkuntza profesional inguru elkartu dira irakasleen eginkizunaz gogoeta egiteko, bertako eta nazioarteko esperientziak aztertuz. 

Begoña Pedrosa Sailburuak eman zion hasiera jardunaldiari. Gizartean gertatzen ari diren aldaketa sakonak eta joerak, eta hauen isla ikastetxeen egunerokoan izan zen bere hitzen abiapuntua. Horri erantzuteko sortzen diren beharrak aldaketarako aukera gisa interpretatu behar ditugula aipatu zuen, eta Sailburuaren hitzetan, eraldaketarako gakoa hezkuntza komunitateko profesionalen jarreren eta lidergoan datza. Honekin lotutako Jaurlaritzaren jarduna zertan datzan azaldu zuen.

Ondoren, Hannele Niemik, Helsinkiko Unibertsitateko katedradunak eta Ekitaterako eta Ikaskuntzaren Kalitatetarako Hezkuntza Ekosistemen UNESCO Katedrak, galdera nagusi bi hauei erantzuna emateko bideratu zuen bere hitzaldia: Nola lagundu irakasleei aldaketa eragile izateko? Zein forma hartu behar du irakasleen garapen profesionalak? Hezkuntza-ekosistemaren kontzeptua zer den azaltzetik, irakasleek duten zeregina zein den azaldu zuen hezkuntza-sistemaren maila desberdinetan kokatuz (makro, meso eta mikro). Sistemaren maila desberdinetan eta haien artean lankidetzan nola lan egiten den dira funtsezko faktoreak bere iritziz. Irakasleak kokatu zituen makro mailaren (helburu nazionalak) eta mikro mailaren (ikasleen bizitza) arteko lotura-puntu bezala. Ikuspegi horrek irakasleen garapen profesionala ere ulertzen laguntzen duela adierazi zuen. Honetan, mentoring prozesuen beharra eta hezkuntza-komunitatearekiko proiektuen garapena azpimarratu zituen.  

Irakaslea aldaketa eragile gisa

Azkenik, Idoia Fernandezek, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, gidatutako mahai-inguruan irakasleek aurre egin behar dieten eginkizun berri eta ugarien inguruan, hasierako formakuntzan arreta non jarri, irakasleen arteko talde lana sendotzearen garrantziaz, harrera planen eta irakasle berrientzako mentoretzak jorratzearen garrantziaz eta izaeraz jardun zen.

Informazio gehiago eskuratzeko eta saioa bere osotasunean entzuteko aukera hemen duzu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp