Ixone Fernandez de Labastida da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente berria

Berri korporatiboak

2019/11/25

Ixone Fernandez de Labastida da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente berria

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak presidente berria du: Ixone Fernandez de Labastida Medina (Gasteiz, 1979). Hala, kargu horretan jardungo duen lehenengo emakumea da.

Erabakia Fundazioaren patronatua osatzen duten kideek hartu zuten 2019ko urriaren 25ean Ataunen egindako bileran. Honenbestez, azken zortzi urteetan karguan aritu den Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga ordezkatuko du.

Antropologian doktorea da Fernandez de Labastida, EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea. Lan Harremanak eta Gizarte Langintza Fakultatean eskolak ematen ditu, Gizarte Langintza graduan ez ezik, baita Gizarte Antropologia masterrean ere. Fakultate bereko Praktika Curricularrak eta Kooperaziorako praktiken Dekanordea da.

“Hein handi batean Barandiarani esker naiz Antropologoa. Gogoratzen dut txikitan nola ikusten nuen ETBn agertzen zenean eta horrek markatu ninduen”, adierazi zien bertaratutakoei Fundazioko presidente hautatu berriak. “Prest nago Barandiaranen ildoari jarraitzeko, ikerketa eta zabalkundea bultzatuz eta, besteak beste, Eusko-Folklore aldizkaria eremu akademikoan txertatzeko”.

Gai ugari mahai gainean

Urriaren 25ean egindako bileran ez zen soilik presidentea hautatu. Eusko Ikaskuntzako beste hiru kideek eta 2019an izandako hauteskundeen ondorioz, Foru Aldundietako, Ataungo Udaleko eta Nafarroako ordezkariek ere kargua onartu zuten.

Sara Etxera bertaratutakoek, gainera, 2019ko jardunaldiaren berri jakin zuten, 2020ko Barandiaran Beka deialdia egitea onartu zuten, Eusko Folklore Urtekariaz mintzatu ziren eta urtea amaitu aurretik estreinatuko den 1,2,3 Barandiaran bideo sortaz aritu ziren, besteen artean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp