Bilkurak ehunka lagun eta dozenaka aditu batuko ditu urriaren 2tik 4ra, Gasteizen, 'Elkartzen Gaituena / Lo que nos une / Ce qui nous rassemble' lelopean.
Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuak dozenaka aditu eta ehunka lagun bilduko ditu urriaren 2, 3 eta 4an, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Elkartzen gaituena / Lo que nos une / Ce qui nous rassemble lelopean, kongresuak xede argia du: Euskal Herriko jendarte- eta lurralde-kohesioaren alde ezarri beharreko politika edota erabakien inguruko irizpideak batu eta proposamenak plazaratu. Izan ere, honakoa azaldu du Patxi Juaristi kongresuko lehendakariak: “Adostasun zabalak sortu eta proposamen zehatzak landu nahi ditugu partekatutako beharretan oinarrituta. Eta hori guztia hiru eremu edo arlotan banatu dugu: eremu sozio-ekonomikoan, sozialean eta lurraldetasunean”.
Hain zuzen ere, kongresuaren etorkizunerako helburua Herri Itun berri baterako baldintzak sortzea litzateke. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak dioenez, “desberdinen arteko adostasunak bilatzen ditugu, jendartearen kohesioa bultzatzeko eta geroko erronkei modu fin, hausnartu eta landutako erantzunak emateko. Azken finean, etorkizunerako herri itun berri baterako oinarriak gorpuzteari buruz ari gara”.
Egun bakoitzean, alor nagusi bat
Kongresuaren programa hiru ardatz nagusik egituratuta dago. Lehen jardunaldian, jendarte, ingurumen eta kultura balio handiena duen garapen sozio-ekonomikoaren ereduari buruz eta ongizatearen gizarteari buruz hausnartuko da. Ostegunean, hilaren 3an, berriz, gai sozialak jorratuko dira. Azkenik, itxiera jardunaldian lurraldetasunak hartuko du eztabaiden erdigunea.
Berrikuntza sozialean, lanaren antolaketan, humanitate teknologikoetan eta demokrazia parte-hartzailean adituak diren nazioarteko adituek emango dituzte hitzaldi markoak. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Hilary Cottam, gizarte-laguntzaren inguruko narratiba eta praktika britainiarrak aldatzeagatik ezaguna; Mª Ángeles Durán, Espainian soziologiako katedra bat lortu duen lehen emakumea, jendarte, Ekonomia eta Lege Zientzietarako Ikerketa Sari Nazionala eta Soziologia eta Zientzia Politikoko Sari Nazionala; Lola S. Almendros, Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei eta adimen artifizialari lotutako arazoei buruzko ikertzailea; eta Cristina Lafont, Northwesterneko Unibertsitateko katedraduna (Ameriketako Estatu Batuak) eta Lebowitz for Philosophical Achievement and Contribution saria, 2022an Amerikako Filosofia Elkarteak emana.
“Eskarmentu, ibilbide eta maila handiko adituak ekarriko ditugu, aurkeztuko ditugun ondorio eta proposamenak osotuko dituztelako. Hain justu, adituok kongresuak behar dituen beste begirada horiek izango dira, ezin hobeak erronken maila eta testuingurua biribiltzeko”, azpimarratu du Urkizak.
Hausnarketa sortzailea: aitzindaria eta berritzailea
Ostegunean, hilaren 3an, goizeko saioaren amaieran, Kukai Dantza Taldeak kongresuko edukien inguruko hausnarketa sortzailea eskainiko du. Izan ere, Kukaik nazioartean oihartzun handia du eta sari ugari jaso ditu bere ikuskizun anitzengatik. Horregatik, ekimen aitzindari, berritzaile eta hausnartzailea gorpuztu du kongresurako. Euskal Herri mailako artista txit nabarmenek parte hartuko dute emanaldian, besteak beste, La Furia, Adriana Bilbao, Arkaitz Miner, Edurne Azkarate, Akira Yoshida, Aitor Etxebarria, Mixel Etxekopar, Odei Barroso, Leire Vargas, Xabier Solano Garmendia, Janela, Sua Enparantza eta Zuberoako Berritza elkartea.
“Jarduera aitzindari, berritzailea eta ikusgarria izango da eta hartu-eman zuzena izango du ikusleekin. Izan ere, bi norantzako parte hartzea egongo da, beti ere nork bere ekarpena eginda, ahal eta nahi duen moduan, hausnarketaren bidetik. Eusko Ikaskuntzarentzat eta Kukai konpainiarentzat ekintza aitzindaria da, Euskal Herriko kongresu akademiko batean lehen aldiz egingo baita. Zerbait berria izango da euskal jendartearentzat; ekarpen ederra izango du, gainera”, adierazi du Juaristik.
Hiru eguneko kongresu honek ehunka lagun batuko ditu. Hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresua adituei, irakasleei, ikasleei eta ikertzaileei, erakundeetako eta enpresetako ordezkariei zuzenduriko bilgunea izango da, baina baita euskal jendarte zibileko erakunde eta elkarteei irekitako foroa ere. “Aditu eta herritarrak, kongresuak Euskal Herri osoko profil anitz bilduko ditu, denon artean hausnartzeko, nork bere ikuspegitik”, esplikatu du Urkizak. Hau da, bazkide izan ala ez, edonork parte har dezake, eta lan-ildo bakoitzeko aurrerapenak xehetasunez ezagutu ere bai.
Izen-emateak webgunearen bidez egin daitezke.