Sariak

2015/10/14

Joan Mari Torrealdai, 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942) soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria.

oan Mari Torrealdai, 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Epaimahaiaren hitzetan, urte zailenetatik hasi eta gerora, lan handia egin du euskararen eta euskal kulturaren sustapenean, gizartean "eredugarri" eta "erreferente" bilakatuz. Ildo berean, idazle bizkaitarraren kultur ekoizpena goratu du, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu du: "Manuel Lekuonaren kezka ez zen euskara eta euskal kultura ikertzea bakarrik izan, hura biziaraztea baizik, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik". Sari-emate ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan izango da. Irabazlea hautatzeko bi bide erabili dira. Batetik, bozketa prozesua izan da, eta bertan Euskal Komunitate Globalak eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek eman dute beren bozka. Horiek azken emaitzaren %40 balio izan dute, eta mila lagun inguruk parte hartu du. Bestetik, Epaimahai Instituzionala osatu da, eta bere iritziak azken emaitzaren %60 balio izan du. Aurtengo edizioan honako erakundeek osatu dute: Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa eta Vianako Printzea Erakundea. Irabazlearen ibilbide profesioanala: Joan Mari Torrealdai Parisko Unibertsitatean lizentziatu zen Gizarte Zientzietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan. Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Zientzia Politiketan Doktore titulua du eta Teologian lizentziatu zen Okzitaniako Tolosan.

Joan Mari Torrealdai

Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan da eta Euskaldunon Egunkariako kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean, zein kazetaritzan aritu da. Iraultzaz (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y literatura vasca (1977). 1985ean Informazio Zientzietako lizentziatura tesia aurkeztu zuen -Euskal Telebista eta euskara-, eta fakultate hartan euskaraz aurkeztu zen lehena izan zen. 1993tik aurrera XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: Euskal kultura gaur. 1998an El libro negro del euskera argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena. La censura de Franco y los escritores vascos del 98 idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, La censura de Franco y el tema vasco (1999) obrarekin. 2007an Euskaltzain Oso izendatu zuten eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan. 2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskararen azterketaren eta sustapenaren arloetan egindako lanagatik.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp