Gipuzkoako musikologo eta artxibozaina Eusko Ikaskuntzaren sarian sartu da euskal musika ondarearen alde egindako lanagatik.
Jon Bagües Erriondok (Errenteria, 1955) Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian, eta Musikaren Historian espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, 1990ean doktoratu zen “La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País” izenburuko tesiarekin. Prestakuntza Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan osatu zuen. Liburutegi Nazionalean Artxibistika eta Dokumentazioan espezializatu zen.
1979an, Eusko Ikaskuntzaren Musika Atalaren sorreran parte hartu zuen. Eusko Ikaskuntzak 1990 eta 1996 bitartean izan zuen buru, eta bere Sail Koadernoetako zenbait zenbaki koordinatu zituen. Hogei urtez (2000-2020), Eresbil – Musikaren Euskal Artxiboa zuzendu zuen.
Epaimahaiaren iritziz, 2021 Manuel de Lekuona Saria emateko merezimenduen artean, euskal musika ondarearen alde egindako lana nabarmentzen da, hainbat alderditatik. Jon Bagüések konpositoreen lanak berreskuratzea ahalbidetu eta zabalkundea erraztu du. Era berean, lanean ari diren konpositoreei lagundu die, eta musika ikasteko eta interpretatzeko erakundeak sortzen lagundu du (Peñaflorida kapera, adibidez, 1985etik antzinako musika ikertzen eta hedatzen duena). Azkenik, herrialde osoko musika- eta kultura-erakundeekiko konpromiso aktiboa azpimarratu da.
2014az geroztik, Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek eta Eusko Ikaskuntzak osatu dute.
Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura banatzeko ekitaldia oraindik zehaztu gabe dagoen lekuan eta egunean egingo da.
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda: | |
2021: Jon Bagüés 2020: Jose Ramon Etxebarria 2019: Xabier Amuriza 2018: Mari-Jose Azurmendi 2017: Fermín Leizaola 2016: Jean-Louis Davant Iratzabal 2015: Joan Mari Torrealdai Nabea 2014: Antxon Aguirre Sorondo 2012: Soledad de Silva y Verástegui 2011: José Luis Ansorena Miranda 2010: Jose Antonio Arana Martixa 2009: Txomin Peillen 2008: Montxo Armendáriz 2007: Sabin Salaberri Urzelai 2006: Menchu Gal Orendain 2005: Elías Amézaga Urlézaga 2004: Jean Haritschelhar 2003: Jesus Atxa Agirre 2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze | 2001: José Ignacio Tellechea Idígoras |