Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Bilboko Udalarekin eta Emakunderekin lankidetzan, Bilboko Sinposioak kultur-politika feministetan jarri zuen begirada pasa den urriaren 19an. Foroak agerian utzi zituen euskal kultura feministaren indarrak, bai gogoeta teorikoari bai esperientzia praktikoei dagokienez. Kulturarako proiektu komun eta estrategiko bat egiteko beharra azpimarratu zen. Lekuko hori jasota, Eusko Ikaskuntzak gogoeta guztiak bildu eta Eskubide Kulturalei buruzko lan-programan gehituko ditu.
Bestalde, Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin, UEUk eta Lanarteak antolatutako euskal artisten lehen mintegia egin zen Oiartzunen urriaren 21ean. Topaketak arazoak ikusarazteko, kontzientzia kolektiboa sustatzeko eta kulturaren sistema osatzen duten guztien barne-kohesioa indartzeko balio izan zuen.