Merkataritzaren eraldaketa herri txikietan: aurrerapenak eta estrategiak

Proiektuak

2024/04/19

Merkataritzaren eraldaketa herri txikietan: aurrerapenak eta estrategiak

Diagnostiko kualitatiboan murgilduta, gaur egun Euskadiko udalerri txikien merkataritza-behar espezifikoak zehaztasunez identifikatzera bideratuta dago proiektua.

Eusko Ikaskuntza udalerri txikietan merkataritza aztertu eta sustatzeko ikerketa-proiektu bat burutzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzaren laguntzarekin. Gaur egun, proiektua diagnostiko kualitatiboaren azken fasean murgilduta dago, udalerrien merkataritza-premia espezifikoak identifikatzeko lanean. Ekimenak emaitza argiak lortzea du helburu: estrategia eraginkorrak proposatu nahi ditu herri txikietan garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzeko.

2023ko abenduan, herri txikietako merkataritzari buruzko azterketaren lehen fasea amaitu zen, ikerketaren alderdi kuantitatiboak jorratuz. Hasierako fase horren ondorioetan oinarrituta, ikerketa esplorazio kualitatibo batean murgilduta dago orain. Etapa berri horren helburua izan da herri horien eta beren saltokien ezaugarri eta behar espezifikoetan sakontzea, esku-hartze egokiagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko duten datuak biltzeko.

Azterlanak bereziki nabarmentzen ditu eskualde isolatuenak eta horien buruak, eskualdeko merkataritza-dinamismoan duten eraginagatik. Hala ere, arlo horietako askok merkataritza-zuzkidura mugatua dute, merkataritza-eskaintza mugatua dutelako eta komunikazioetan gabezia nabarmenak dituztelako. Esate baterako, Mendialdea Araban eta Enkarterri Bizkaian. Egoera kritiko horrek azpimarratzen du premiazkoa dela arlo horietako merkataritza-errealitatea diagnostikatzea eta arlo horietako ekonomia eta gizarte ehuna biziberritu eta sostengatu dezaketen estrategia espezifikoak diseinatzea.

Azterlanaren fase kualitatiboa

Azterketaren fase kualitatiboan, herri txikietako dinamika komertzialen diagonotiko integrala egin da. Galdetegi zehatz bat erabiliz, saltoki horiei eragiten dieten hainbat alderdi aztertu dira, hala nola barne-kudeaketa eta belaunaldi berrietara egokitzea, teknologien integrazioa eta konpetentzia lokala zein digitala.

Analisiak sakondu du nola eragin dioten belaunaldi-aldaketek negozioen eragiketari eta eskaintzari, epe luzera egokitzeko eta jarraitzeko gaitasuna ebaluatuz. Gainera, zerbitzuak dibertsifikatzearen garrantzia ikertu da, hala nola tokiko produktuak eta beste zerbitzu osagarri batzuk sartzearen garrantzia, saltokiek gero eta bezero zorrotzagoen aurrean duten balio-proposamena indartu baitezakete.

Lehiari dagokionez, merkataritza-gune handien presentzia eta lineako merkataritzaren eragin gero eta handiagoa hartu dira kontuan. Kanpoko faktore horiek merkatuan duten garrantziari eusteko estrategia berritzaileak inplementatzera behartu dituzte merkatariak. Bestalde, azterketak merkataritza digitala sartzeari ekin dio, eta horrek ekarri dituen erronkak eta aukerak nabarmendu ditu.

Erakundeen euskarria eta merkataritza-asoziatibismoa funtsezkoak izan dira negozio horiek babesteko eta garatzeko, eta baliabideak eta lankidetza-sarea eman dituzte, arrakasta lortzeko erabakigarria izan dena.

Ikuspegi orokor horri esker, herri txikietako saltokien egungo baldintzak eta berariazko beharrak ulertzeaz gain, gomendio eraginkorrak eman ahal izango dira, garapen ekonomiko eta soziala suspertzeko eta mantentzeko.

Proiektuaren hurrengo urratsak

Ekainaren hasieran, Eusko Ikaskuntzak ikasturte honetan landutako bi txostenak aurkeztuko ditu. Dokumentu horiek azterketaren fase kuantitatiboko eta fase kualitatiboko ondorioak laburbilduko dituzte, eta proiektuaren hurrengo etaparako oinarri sendoa osatuko dute.

Lortutako informazioarekin eta gomendioekin, herri txikietan egokitzeko merkataritza-eredu gisa balioko duten proiektu traktoreak batera diseinatzeko lanari ekingo zaio. kosorkuntza prozesu horrek zuzeneko lankidetza ekarriko du merkatarien, eskualde-garapeneko adituen eta tartean dauden erakundeetako ordezkarien artean. Helburua, praktikoak eta jasangarriak izateaz gain, antzeko beste herri batzuetan ere erreplikagarriak izango diren irtenbideak sortzea izango da.

Proiektu traktore horiek identifikatutako erronka nagusiei heltzea izango dute helburu, hala nola merkataritza modernizatzeko beharrari, teknologia digitalen integrazioari eta zerbitzuen eskaintza eta aniztasuna hobetzeari. Gainera, landa-eremuetako gizarte eta ekonomia-ehuna indartzera bideratuko dira, tokiko parte-hartzea eta garapen autonomoa sustatuz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp