Euskarabideak garatutako hitzarmen honi esker, Nafarroako herritarrek euskararen sustapenari buruz partekatzen dituzten balioak identifikatu eta aztertu ahal izango dira.
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak lankidetza-hitzarmena berritu dute.
Akordio honek, 65.000 euroko aurrekontuarekin, Eusko Ikaskuntzak Foru Komunitatean euskara aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea izango du helburu. Hitzarmen-sinadura ekitaldian, halaber, Euskarabideako Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria Paula Kasares eta Eusko Ikaskuntzako proiektuen arduraduna Amaia Nausia izan dira.
Gogoratu behar da Nafarroako Foru Aldundia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiekin batera, erakunde honen sortzailea izan zela 1918. urtean.
Gaur sinatutako hitzarmenak Eusko Ikaskunzta erakundearen eta Euskarabidearen arteko jarduera-plana finantzatuko du, eta hiru lan-eremu finkatu ditu. Alde batetik, Nafarroan, hizkuntza-aniztasuneko eredu batean, herritarren artean euskararen sustapenaren inguruan partekaturiko balioak identifikatu eta aztertu nahi dira. Bestetik, XXI. mendeko herritarren identitate plurala, kohesionatua eta integratzailea eraikitzeko oinarriak ere aztertuko dira.
Datu horiek urrian Gasteizen egingo den Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuan aurkeztuko dira. Kontuan hartuta "Elkartzen gaituena" leloak berak kohesiorako zuzeneko deia egiten duela, biltzar honen gai nagusia gizarte- eta lurralde-kohesioari buruzkoa izango da.