Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekin duen lankidetza berritu du

Berri korporatiboak

2020/07/21

Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekin duen lankidetza berritu du

Hitzarmenaren bidez, "Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" ikerketa-proiektua babestuko da.

Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekin duen lankidetza berritu du beste urte batez, 2016an lankidetzaren bideari berriro ekin ziotenetik. Horri esker, "Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza"  proiektuaren bigarren fasea egin ahal izango da 2020an. Lan horrek Nafarroako herritarren arteko bizikidetza sakon aztertzen du.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gaur sinatu duten 2020rako lankidetza-hitzarmenak 40.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du eta horren bidez, 2019an hasitako lanarekin jarraituko du Eusko Ikaskuntzak, "Gure jendea, aniztasuna eta kohesio-bideak" izeneko proiektuan sakonduz.

Bigarren zati honek bi ardatz nagusi izango ditu: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoa. Nafarroako gizartean sortzen diren desadostasun-puntuak konpontzeko bideak bilatu nahi dira, besteak beste, Foru Komunitatearen nortasun propioari eta immigrazioari zein  euskararen sustapenari dagokienez.

Horretarako, Eusko Ikaskuntzak prozesu ireki, parte-hartzaile eta deliberatzaile bat bultzatuko du, non herritar, gizarte-eragile eta aditu talde handi batek parte hartuko duen, kultura eta gizartea kohesio zein  elkartasun gako gisa aztertzeko, ikuspegi inklusibo, integratzaile eta pluraletik.

 

Proiektua

Nafarroako aniztasunaren eta bizikidetzaren kudeaketa demokratikoaren proiektua 2019an hasi zen herritarren mahaietan (Nafarroako eremu geografikoetako biztanleek osatua) eta Baztanen, Berriozarren eta Castejonen egindako foro sozialetan.

Herritarren mahaietan eta hiru udalerrietako gizarte-foroetan parte hartu zuten herritarrak elkarrizketaren eta topaketaren alde agertu ziren gizartean sortzen diren gai gatazkatsuen aurrean, hala nola Nafarroako aniztasuna eta bere nortasun propioa bateragarriak izan ote daitezkeen.

Gai hori konpontzeko, aurten, aurrekoan bezala, talde eragile bat egongo da, proiektuaren zuzendaritzaz eta parte hartzeko guneen arteko koordinazioaz arduratuko dena. Haren eginkizuna aurtengo metodologia eta gaia zehaztea izango da (Nafarroaren berezko nortasuna), eta, aldi berean, adituen taldearen osaera, eragileen mahaia eta aurreikusitako herritarren mahaia erabakitzea.

Talde zehatz horiek identifikatu beharko dute Nafarroako nortasunaren zer osagaik eragin dezaketen herritarren zatiketa edo gatazka, aztertu  zeintzuk izan daitezkeen elementu integratzaileak indartzeko ekimen eta foro egokienak, eta adierazi, zein izan daitezkeen ekintza eraginkorrenak desadostasuna eragiten duten elementuak indargabetzearen inguruan.


Hitzarmena Eusko Ikaskuntzarekin

2020ko hitzarmenaren bidez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak 2016an berriro hasitako elkarlanari eusten diote. Horri esker, erakundeak Nafarroako kultura eta gizartearekin lotutako gaiak aztertzen eta zabaltzen jarraitu ahal izango du, gizarte-eredu hobea lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko.

Era berean, erakunde honek euskara ere bere hizkuntzatzat hartzen du, nahiz eta gaztelania eta frantsesa ofizialak izan, eta, zentzu horretan, euskararen inguruan egindako ikerketak eta hausnarketak bideratzea du helburu.

Nafarroako Diputazioa Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, komunitate horietan kulturaren adierazpen guztiak aztertu eta zabaltzeko.

Ordutik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etenik gabekoa izan da 2011ra arte. 2016an, berriz ekin zitzaion bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenari.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp