Nazioarteko mintegia: kultur politiken esperientzia aurreratuak

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/10/25

Nazioarteko mintegia: kultur politiken esperientzia aurreratuak

Eusko Ikaskuntzak eskubide kulturalen inguruan sakon darrai lanean eta azaroaren 14rako nazioarteko mintegi bat antolatu du beste kulturetan garatzen ari diren politiken ezagutza jasotzeko.

Euskal kulturak behar duen politikaz gogoeta aberasten jarraitzeko xedez, azaroaren 14ean Andoiango Martin Ugalde Parkean, goizeko saioan, beste kultura batzuetan egun garatzen ari diren kultur politiken nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da “Kultur politika aurreratuen esperientziak kultur eskubideen ikuspuntutik” izena duen nazioarteko mintegiaren bidez.

Mintegian, Kultur eskubideak nazioarteko politiketan zelan garatzen ari diren eta zer nolako dinamikak eta neurriak planteatzen ari diren ezagutu ahal izango da protagonisten eskuetatik: kultur sormen eta ekoizpenaren eremuan -barne hartuta sortzaileen izaera eta baldintzak-; kulturarako gobernantzaren eremuan; eta kultur parte hartzeari begira. Azken batean, besteen eredu eta praktika onak ezagutu euskal kultur sistema sendo bat eraikitzeari begira.

Mintegi horrek, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz babespean, ahalbidetuko du gogoeta sustatzea eta, kultur eragileen arteko lankidetzan, kultur politika sendo baterako proposamenak lantzea. Era berean, Euskal Herriko eragileekin eta esperientzietan oinarritako gogoeta eta eztabaida aberastuko du eta aukera emango du praktika onak gertutik ezagutu eta etorkizuneko kultur politikarako proposamenak egiteko.

Besteak beste, mintegian kultur politika aurreratua duten herrialdeen esperientziak partekatuko dira eta nazioarteko, zein estatuan (Bartzelona, Madril eta Galizian) garatutako kultur politikak eta horietan eskubideak bermatzeko gakoen inguruan hitz egingo da mahai-inguru baten bueltan. Era berean, Parte hartzerako lan-saio batek Euskal Herriko kultur politikak garatzeko proposamenak lantzeko aukera emango du.

Lan eta gogoeta honekiko interesa baduzu, kontsulta itzazu xehetasunak agendan eta gorde ezazu hitzordua. Zure lekua bermatzeko izena eman lehenbailehen, edukiera mugatua izango baita.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp