Nevadako Unibertsitateko (AEB) Center for Basque Studies zentroak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2017ko ENE Saria

Sariak

2017/12/03

Nevadako Unibertsitateko (AEB) Center for Basque Studies zentroak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2017ko ENE Saria

Epaimahai instituzionalak zentroaren 50 urteko ibilbidea saritu nahi izan du.

Estatu Batuetako William A. Douglass Center for Basque Studies zentroak (Nevadako Unibertsitatea) irabazi du Eusko Ikaskuntzak urtero ematen duen Euskararen Nazioarteko Egunaren Saria. Epaimahai instituzionalak 50 urtetan zehar euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana saritu nahi izan du. Aipatzekoa da, ENE Sariaren garaikurraren irudia Nestor Basterretxea artistak diseinatu zuela.
Epaimahaiak honako arrazoiak eman ditu CBS-ri saria emateko: “CBS zentroak lan ikaragarria egin du euskararen eta euskal kulturaren alde azkeneko 50 urteetan. Izan ere, CBS euskal kulturaren sinboloetako bat da. Euskararen dibulgazioa beste era batean bultzatu du. Modu akademikoagoan, hain zuzen ere. Lan bikaina egin dute urte hauetan guztietan zehar. Unibertsitate arloko lana, zientifikoagoa. Mende erdiko ibilbide hau saritzea oso bidezkoa dela iruditzen zaigu”. 

William A. Douglas Center For Basque Studies

William A. Douglass Center For Basque Studies-ek mende erdia bete du aurten. Hala ere, ez du beti izen hori izan. Izan ere, 1967an Basque Studies Program izenarekin bataiatu zuten. Bi bultzatzaile nagusi izan zituen: William A. Douglass antropologoa eta Jon Bilbao bibliografoa. William A. Douglass Euskal Herriarekin erabat maitemindu zen gurera egin zuen lehenbiziko bisitan eta, hau dela eta, Euskal Diasporak Estatu Batuetan zuen papera aztertzen hasi zen. 

1969an Jon Bilbao bibliografoa Renora gonbidatu zuten ‘Basque Studies Library’ euskal liburutegia sortzeko. Liburutegi hau CBS-ri eta kanpoko ikerlariei Euskal Herriaren eta euskal kulturaren gaineko ikerketak egiterakoan laguntza eskaintzeko sortu zen. Momentu honetan, Euskal Herritik kanpo dagoen euskal gaien gaineko liburu-bilduma handiena dauka. Gaur egun, Jon Bilbao Liburutegiak bere baitan 30.000 liburu inguru, ehun artxibo-funtsa baino gehiago, 25.000 argazki, eta beste dokumentu asko ditu.

Robert Laxalt idazlea da, zalantzarik gabe, aipatu beharreko beste izen bat. Izan ere, beti egon da CBS-ri oso lotuta. Euskal-amerikar familia batean jaio zen eta beti zegoen bere kultura bultzatzeko prest. Idazlea zen eta bere lan ezagunenetako bat ‘Sweet Promised Land’ liburua da. Lan gomendagarria, hizkuntza askora itzulitakoa.

Euskara ikastaroak

Renon 1970eko hamarkadatik eskaintzen dira euskara ikastaroak. Gaur egun CBSk bi euskara maila eskaintzen ditu: hasierakoa eta aurreratua.

Irakasleak / Ikasleak

Gaur egun, CBSk bere plantillan zenbait irakasle eta ikerlari dauzka. Beren lana da euskal gaien gainean ikerketak burutzea. Gainera, euskara irakasle bat ere badauka. Euskara eskolei dagokienez, esan beharra dago, maila bakoitzeko bost eta hamar ikasle bitartekoak izan ohi direla. Ikasle hauek euskarara interes akademikoarengatik iristen dira. Hau da, gehien-gehienetan, ez dira euskal ikasleak izaten.

ENE Saria jaso dute:

2016: Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea (Argentina)
2015: Associazione Culturale Euskara. Erroma (Italia)
2014: Gernika Deusch - Baskischer Kulturverein. Berlin (Alemania)
2013: Euskaltzaleak - Escuela de Lengua Vasca. Buenos Aires (Argentina)
2012: Unión Vasca. Bahía Blanca (Argentina)
2011: Hogar Vasco - Euskal Etxea. Madril
2010: Sustraiak - Erroak Elkartea. Paris (Frantzia)
2009: The North American Basque Organizations Incorporated
2008: Eskualdunen Biltzarra­ - Association des Basques. Bordele (Frantzia)
2007: Bartzelonako Euskal Etxea. Bartzelona
2006: Artaburu Euskaltzale Elkartea. Mar del Plata (Argentina)

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp