Eusko Ikaskuntzak partzuergoko kide gisa parte hartzen duen TransisLab proiektuak aurrera darrai eta bigarren urteari dagozkion ekintzetan murgilduta dago.
Fase honetan, Euskal Herriko hainbat eskualdetan proiektu pilotuak ari dira garatzen, hala nola, Meatzaldean, Beterrin, Arabar Errioxan, Sakanan, Lapurdi hegoaldean eta Donibane Garaziko eskualdean. Aldi berean, Living Lab-aren diseinuan lehen urratsak eman dira. Living Laba esperimentaziorako eta lankidetzarako gune izango bat da, landa-inguruneetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko proiektuaren esparruan diseinatutako zerbitzuak eta tresnak eskainiko dituena.
Aurrerapenak proiektuaren bigarren topaketan
Testuinguru horretan, martxoaren 26an eta 27an Tarbesen egin zen TransisLaben Bigarren Topaketa proiektuaren urteroko mugarri gisa finkatu zen, eta funtsezko erakunde, aditu eta eragileak bildu ziren abian dauden ekimenen aurrerapena ebaluatzeko eta zahartzearen erronkak eta adinekoen ongizatea eta autonomia bermatuko duten belaunaldien arteko estrategiak sustatzeko beharra definitzeko.
Topaketari hasiera emateko, Joelle Abadie Pirinio Garaietako Departamentuko lehendakariordeak landa-eremuetan gizarte-kohesioa indartzearen garrantzia azpimarratu zuen, adineko pertsonen gizarteratzea eta ongizatea sustatzen duten ekimenen bidez. Erronka horiei aurre egiteko gakoa erakundeen eta komunitateen arteko lankidetza dela adierazi zuen, zerbitzuak lurraldearen beharretara hobeto egokitzeko aukera emanez.
Bestalde, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak nabarmendu zuen beharrezkoa dela zahartze aktiboa sustatu eta isolamenduari aurre egingo dioten politika berritzaileak diseinatzea. Azpimarratu zuen belaunaldien artekoa funtsezko zutabea dela prozesu honetan, batez ere landa-eremuetan, non biztanleriaren sakabanaketak bakardadearen sentsazioa larriagotzen duen. Belaunaldien arteko loturak indartzearen garrantzia nabarmendu zuen, elkarren arteko laguntza bermatzeko, bizikidetzarako eta ezagutzak eta esperientziak trukatzeko espazioak sustatuz.
Jardunaldian zehar, Marie-Anne Montchamp Frantziako osasun ministro ohi eta OCIRPeko zuzendari nagusiak, zahartzeak landa-ingurunean dituen erronkak eta lurralde horiek eskain ditzaketen aukerak aztertu zituzten. Biztanleria-dentsitate txikiaren eta zerbitzuetarako sarbide mugatuaren ondoriozko zailtasunak aztertu ziren, baina ingurune horien abantailak ere nabarmendu ziren, hala nola adinekoen ongizatea erraztu dezaketen sare komunitario sendoak egotea. Ildo horretan, berrikuntza soziala eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituzten arreta-ereduak sustatzeko beharra azpimarratu zen, adinekoen autonomia eta integrazio aktiboa komunitate-bizitzan bermatuz.
Isolamenduaren prebentzioan oinarritutako ekimen teknologikoak eta komunitarioak aurkezteko ere balio izan zuen topaketak. Gizarte-konexioa eta ingurune hurbileko jardueretarako sarbidea errazten duten tresna digitalak nabarmendu ziren, baita egoera ahulean dauden pertsonei laguntza eskaintzeko diseinatutako laguntza-zerbitzuak ere. Esperientzia pilotu horiek TransisLaben ikuspegiaren parte dira, XXI. mendeko zahartzearen erronkei erantzungo dieten eredu berritzaileak garatzeko.
Eusko Ikaskuntza Living Lab-aren diseinuan eta politiken transferentzian
Ekitaldi publikoaren ondoren, partzuergoaren bilerak proiektuaren hurrengo ekintzak definitzea ahalbidetu zuen, eta ekintza horietan Eusko Ikaskuntzak funtsezko zeregina izango du bi arlo estrategikotan: landa-eremuetako bizitza-luzerari buruzko Living Lab-aren diseinuan eta proiektuaren esparruan garatutako politiken eta tresnen transferentzian.
Living Labaren diseinua TransisLab proiektuaren ekarpen nagusietako bat izango da, eta esperimentazio eta berrikuntza-gune bihurtzea du helburu, landa-inguruneetan adinekoen bizitza hobetzen lagunduko duten tresnak diseinatzeko eta baliozkotzeko. Bere zeregina lurraldeko hainbat eragileri –erakunde publikoak, hirugarren sektoreko eragileak eta gizarte-berrikuntzako enpresak– laguntza eskaintzea da, kontrastatutako eta tokiko beharretara egokitutako konponbideak eskuratu ahal izan ditzaten. Tarbeseko bileran, Eusko Ikaskuntzak berrikuntza laborategi honen diseinuaren proposamena aurkeztu du.
Horrez gain, prozesuak, tresnak eta politikak transferitzeko estrategia gidatuko du Eusko Ikaskuntzak, TransisLaben sortutako ezagutzak ahalik eta eragile gehinek aprobetxatu ahal izateko. Ildo horretan, 2025eko udazkenean hasi eta 2026an zehar garatuko den ibilbide-orria aurkeztu zuen, Euskal Herriko erakunde publikoei zein hirugarren sektoreko erakundeei zuzendutako mintegiekin. Transferentzia-estrategia horrek nazioarteko irismena ere izango du, TransisLaben esperientziak Europako beste Living Labs batzuetan txertatuko baitira, eta, horrela, Europako testuinguruan duen eragina sendotuko da.
Hurrengo urratsak
Proiektuak bere lehen erdian egin dituen ekarpenak ikusita, partzuergoko kideek adierazi dute datozen urteetan TransisLabi jarraipena emateko borondatea dutela. Zahartzearen eta belaunaldien arteko politiken arloan mugaz gaindiko erreferentziazko proiektu gisa sendotu nahi da ekimena, tresna berritzaileak garatzeko, ebaluazioak egiteko eta estrategia bateratuak diseinatzeko Euskal Herriko mugaz gaindiko herritar eta administrazioentzat.