Urteko Galdera 2017: Joxe Arregi / Deustu Unibertsitateko irakaslea

Urteko Galdera

2017/03/23

Urteko Galdera 2017: Joxe Arregi / Deustu Unibertsitateko irakaslea

Zer da gizakia izatea gaur egun?

1. Gizaki ez zirenengandik sortu ginen. Duela bi milioi eta erdi urte inguru agertu zen, dakigula, lehen gizakia, australopithecus espezieren batetik homo generoko espezie berri bat sortu zenean, mutazio genetiko bat medio. Zoriz gertatu zen.

Ez zuten beren burua australopitekoengandik hain desberdin ikusten, eta izan ere ez ziren hain desberdinak, baina burmuin handiagoa zutenez –800 cm3 inguru–, gaitasun konplexuagoak zituzten: elkar ulertzeko, elkar-lanerako, jolasteko eta amesteko, maitatzeko eta… bai, baita elkar gorrotatzeko eta suntsitzeko ere, zoritxarrez. Burmuinean sortzen da, zoriz eta “mirariz” –miragarria baita– “arima” deritzogun zera, izaera, tasuna, norberatasuna, norbere buruaren jabetasuna: sentipenak, emozioak, oroitzapena, kontzientzia, erabakiak, hitza, ekintza, mugimendu guztien sinkronizazioa. Ez al da miragarri? Australopitekoek ere bazuten, noski, euren “arima”, txakurrek, txoriek, arrainek eta abere bakoitzak, are landare bakoitzak, duten bezala (eta zergatik ez harriak, lurrak, urak, suak?), bakoitzak bere neurrian, bere erara. Dena da miresgarri. Dena da denarekin, Denarekin, bat. Dena dabil, doa, den baino gehiago izateko gai. Dena da izamen, oraindik ez dena izateko gaitasun.

Jarraitu irakurtzen 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp