Sariak

2015/11/27

Zabalik dago 2015eko ENE Sarian hautagaitzak aurkezteko epea

Ekimenak Euskal Herritik kanpo euskararen sustapenean diharduten eragileen lana aitortzea du xede, eta aurtengoan 10. saria banatuko du abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean Euskal hizkuntza Euskal Herritik at sustatzen ari diren taldeen eta eragileen lanari aitortza egitea du xede Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Sariak. 2006an hasi eta gaur arte, mundu zabalean euskararen sustapenean gehien nabarmendu diren erakundeei banatu die saria, eta aurtengoan 10.a banatuko du abenduaren 3an. Hori dela eta, 2015eko azaroaren 27a arte egongo da zabalik 2015eko edizioan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko epea.

Edozein taldek eta erakundek parte har dezake (federazioak izan ezik), baita aurreko urteetan saria irabazi dutenak ere. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak euskara eta euskal kultura sustatzeko mundu zabalean aurrera eramaten diren jarduerak ezagutu nahi ditu, hala nola hizkuntzaren irakaskuntza, literatura idatzizko saioak, zinema emanaldiak... eta sortze lan oro (ikusi oinarriak).

Epaimahaiari dagokionez, Eusko Ikaskuntzak izendatuko du 2015eko saria banatuko duen epaimahaia. Urtero legez, alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera. Ildo berean, kasu bakoitzaren testuingurua eta baliabideak kontuan hartuko dira. Saria izango da Eusko Ikaskuntzaren aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdin eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat.

Azaroaren 27ko eguerdiko 12:00etan (Euskal Herriko ordutegian) amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea. Ondoren, lanak ebaluatu eta 2015eko abenduaren 3an emango da epaiaren berri. Parte hartu nahi dutenek ondoko galdetegiari erantzun beharko diote (Galdetegia osatu). Euskararen Nazioarteko Eguna Eusko Ikaskuntzak aldarrikatu zuen lehen aldiz 1949an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna mundu zabalean aldarrikatzeko helburuarekin. Hasierako filosofiari eutsiz sortu zuen ENE Saria 2006an, eta ordutik hona hauek izan dira talde sarituak:

  • 2014. Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverei elkartea. Berlin, Alemania.
  • 2013. Euskaltzaleak. Buenos Aires, Argentina.
  • 2012. Union Vasca Elkartea. Bahia Blanca, Argentina.
  • 2011. Madrilgo Euskal Etxea. Madril, Espainia.
  • 2010. Sustraiak-Erroak Elkartea. Paris, Frantzia.
  • 2009. North American Basque Organization (N.A.B.O.). Amerikako Estatu Batuak.
  • 2008. Bordeleko Euskal Etxea. Bordel, Frantzia.
  • 2007. Bartzelonako Euskal Etxea. Bartzelona. Kataluinia, Espainia.
  • 2006. Artaburu Euskaltzale Elkartea. Mar de Plata, Argentina.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp