Ondarea

2015/04/17

Zatoz abestera!

Kantutegi tradizionaleko 5.000 baino erregistro gehiago bildu ditu Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak, bakoitza bere partitura eta audio artxiboarekin.

Euskal Kantutegia

Musika da euskaldunen izaera eta arima hobe islatzen dituen adierazpen-bideetako bat. Elkarteetan, ikastoletan familian edo kalean. Edozein leku eta momentu dira egokiak gure bizipen eta sentimenduak musikaren bitartez azaltzeko. Maitasuna, familia, erbestea, guda, haur kantak, jolas kantak,? Musika da gure altxorra, euskaldun guztiak nolabait batzen gaituena.

Hori babestu eta ezagutzera emateko, 2001 urtean Euskomedia Fundazioak Euskal Kantutegia proiektua abian jarri zuen.

Euskal Kantutegian zer?

Kantutegi tradizionaleko 5.000 baino erregistro gehiago daude bertan jasota. Bakoitzak dagokion fitxa katalografikoa dauka (obraren izenburua, data, bilketa-lekua edo letra jasoko dituenak, besteak beste) eta, horretaz gain, bere partitura eta entzuteko aukera emango digun MIDI artxiboa. Ziur askok inoiz abesti baten letra edo doinua ahaztu eta ezin aurkitu ibili zaretela. Euskomedia Fundazioaren kantutegian bilatu eta hortxe letra irakurri eta doinua entzun ahal izango duzue. Konpositore eta musikari ugarien lana dago kantutegian jasota: R.M. de Azkue, Charles Bordes, Aita Donostia, Juan Ignacio Iztueta, J.D.J. Sallaberry, J.I. Ansorena, J.A Santesteban edo Julien Vinson, adibidez. Baita Euskal Abestijak, Juegos infantiles en Vasconia eta Katuen testamentua argitalpenak ere.

Euskal Kantutegia

XXI. mendeko kantutegia

Elkartruke eta zabalkundea oinarri dituen mende honetan, Euskal Kantutegia ez da atzera geratu. Euskomedia.org helbideko beste funtsak bezala (Auñamendi Eusko Entziklopedia, Eusko Ikaskuntzaren argitalpen funtsa, Bibliografiak, Agiri fondoak, Multimedia galeria, Euskal kultura prentsan), Europeanarekin bateragarria da OAI-PMH protokoloaren bitartez eta EDM metadatu eskema erabiliz. Izan ere, OAI-PMH protokolo horren helburua kultura eta zientziaren inguruko dokumentuak eta metadatuak ahalik eta modurik errazenean elkartrukea da. Beraz, munduko inork euskal musikan interesa izango balu (eta badute), gure abesti eta doinuak eskuratu ahal izango ditu. Klik egin, entzun eta gozatu! Eta zergatik ez? abestu!

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp