Foro hau Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-gogoetaren baitan kokatzen da. Gogoetaren emaitza, Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren (EHS) liburu zuria izango da; gure hezkuntzak epe luzera begira beharko lukeen marko partekatua eskainiko du, proposamen adostuak jasoz, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan jartzeko asmoarekin.
Hezkuntza sistemaren kohesioak ekarriko du euskal lurralde eta jendartearen trinkotzea. Hezkuntza arloan proposamen eraldatzaileak behar ditugu eta berauek gauzatzeko baldintzak sor daitezen azterketa sakon eta partekatua ezinbestekoa izango da.
Euskal Hezkuntza Sistema singularrean deklinatzen dugu. Hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunak ditugu euskal lurralde guztietan, horien inguruko gogoeta bultzatzea da gure bide-orri nagusia. Eta noski, eremu instituzional bakoitzeko premiei erantzuteko prest egongo gara beti. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin zabaldutako elkarlan eremua dugu adibide, beste euskal erakunde publikoekin ere harremana bideratzen saiatuko gara.
Herri-gogoeta zabal eta partekatua burutzeko, asmo kolektiboa indartzea funtsezkoa da guretzat. Horretarako, partehartzean oinarritutako prozesua dugu martxan. Azterketa partekatuari ekingo diogu, diskurtso desberdinak bilduz, eta identifikatuko ditugun adostasun zabalak hartuko ditugu proposamenak luzatzeko printzipio gidari gisa.
Orain arte gauzatutako fasean, bi helburu nagusi lortzeko lan egin dugu: Euskal Herriko lurralde guztietako herritar giltzarri-zubigileak, gazteak, interesdun aktoreak, hezkuntza komunitatea… mugiaraztea eta konektatzea; lehentasunezko gaiak modu partekatuan eta lurraldetasun ikuspegi batetik identifikatzea. Horretarako lurralde desberdinetan foro parte-hartzaileak burutu ditugu –Donostian, Kanbon, Iruñean–, eta gazteen ahotsa jasotzeko berariazko foroa gauzatu ere. Sortutako dokumentazioa hemen eskuragarri.
Energiak bilduta eta lehentasunezko gaiak identifikatuta, bigarren faseari eman diogu hasiera. Fase honetan bi helburu nagusi planteatzen ditugu, beti ere, Euskal Herriaren kohesioa –jendarte eta lurralde kohesioa–, eta sistema beraren kohesioa trinkotzeari begira.
- Helburua: Euskara eta euskal kultura ardatz izan nahi dituen sistema baten ikuspegitik eta lurraldetasunaren zatiketa gaindituz, berariazko etapen eztabaida ardaztuak burutuko ditugu (Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea eta Goi Mailako hezkuntza).
Bilatzen dugun emaitza: hezkuntza etapa bakoitzaren diagnostiko bateratua osatzea, non arazo nagusienak, ildo estrategikoak eta aurrera begirako urratsak markatzeko proposamen egingarriak eta egingarriak bihurtzeko baldintzak erdietsi nahi diren.
- Helburua: Euskal Hezkuntza Sistema egitura sistemiko eta zirkular gisa interpretatuz, etapa guztiek osatzen duten ekosistema trinkotzeko ezinbestekoak diren egiturazko zehar-lerroen definizio partekatua eta sintonizazioa garatzea. Euskal Hezkuntza Sistema osoaren barne kohesioa eraikitzeko etapa desberdinen azterketak uztartu eta sintesi elkartua eta operatiboa egingo da.