Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan
Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan egitasmoak 2018an abiatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatzen du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean, batetik, eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan, bestetik. Helburu orokor gisa, Nafarroako Gobernuari eskaini nahi izan zaio herritarren arteko bizikidetzan lagun lezakeen gutxieneko balio marko baterako hurbilketa, hori baita edozein proiektu partekatu baterako baldintza nagusietakoa.
sarrera
Urteotan egindako lanean islatu da Nafarroan azaltzen den bizikidetza gatazkaren arrazoi ildo garrantzitsu bat –ez bakarra- nazio identitateari eta gizartearen polarizazio ideologiko mailari lotua dagoela.
GATAZKA ETA HELBURUAK
Gatazka hori gainditzeko bidean, beharrezko jo da hiru gai hauen inguruan gogoeta egitea: gizarte konfiantza, euskararen balizko politizazioa eta Nafarroako Administrazioaren zeregina.
2023ko proiektuak ondoko helburuak ezarri ditu:
1. Aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren inguruan jaso ditugun baieztapenak, kezkak, zalantzak, proposamenak eta iradokizunak sailkatzea, eta aurrera egiteko eduki litzaketen aukerak baloratzea. Hartzaile nagusia Nafar Administrazioa izan da, baina, harekin batera, arlo politikoko eragileei ere bideratuko zaie jasotako aholku eta iritzi multzoa. Informazioa jaso dugu:
a. Antolatu diren Herritar Mahaietatik, Eragileen Forotik, Aditu Taldeetatik, Aholku Batzordetik eta Gazteen Taldetik.
b. Aurreko taldeetatik jasotako baieztapenak kontrastatzeko, Nafarroako arlo politikoaren espektro osoko ordezkariekin egin ziren elkarrizketetatik.
2. Proposamen horiek guztiak ikuspegi anitza duten eta arloan aditu diren pertsonekin eztabaidatzea, eta era berean, iradoki litezkeen neurrien arazo edo arrisku posibleei buruz gogoeta egitea.
3. Talde Eragileak prozesu guztian landu dituen gaien inguruko problematika laburbiltzea, ateratako ondorioen eta sortutako zalantzen inguruko gogoeta egitea, bildutako proposamenak sailkatzea, eta orain arteko ibilbidetik hausnarturiko iradokizunak biltzea eta liburu modura argitaratzea.
EKINTZAK
MINTEGIA
Proiektuan zehar parte-hartutako pertsona esanguratsuekin batera, ikuspegi berritzaile eta kritiko bat eskainiko duten adituak eta eragileak batuko ditugu Talde Eragileak osatu dituen proposamenek izan dezaketen ibilbidea aztertzeko:
- Talde dinamikak
- Osoko bilkura
Taldea osatzerako garaian Nafarroako lurraldearen aniztasunean eragiten duten hainbat faktore kontuan izan dira, eta horien arteko oreka bilatu da: lurraldea, generoa, nazio identitatea, kultura, erlijioa eta ideologia.
ARGITALPENA
Gaian aditu izan daitezkeenekin batera, proiektuaren Talde Eragileak hausnarketa sakona egin nahi izan du proiektuaren emaitzei buruz, 2023ko ekainean argitaratutako Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuan egindako iradokizunekin batera. Hemen ikusgai.
Lantaldearen osaera:
- Julen Zabalo, UPV/EHUko irakaslea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko arduraduna.
- Txoli Mateos, soziologoa.
- Amaia Nausia Pimoulier, Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna.
dokumentuak
argazkiak
Herritarren Mahaiak: Baztan, Berriozar, Castejon.
Gizarte Foroak: Baztan, Berriozar, Castejon.
Solasaldiak
PROIEKTU KUDEATZAILEA:
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: