Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez?

Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon

Gazteen artean euskaldun kopurua handia den arren, asko testuinguru soziolinguistiko oztopotzaileetan bizi dira, alegia, euskaldunen ehunekoa murritza den herrietan, Bilbon esaterako. Testuinguruotan gazteek aukera gutxi izaten dute euskara kalean erabiltzeko, eta esan daiteke eskola edota unibertsitatea izaten dela euskaraz egiteko duten leku bakarretakoa. Erabilera urri horrek gazteon hizkuntza identitatean eta euskararekiko eraikitzen duten loturan ere badu eraginik.

Horregatik, gazteek euskara nola bizi duten eta etorkizunean euskararekin izango dituzten hizkuntza-praktikak nolakoak izango diren aurreikustea ezinbestekoa gertatzen da.

Eremu tematikoak
Euskararen etorkizuna
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Bukatuta
Denboraldia
2017-05-01-2018-02-28

 

Sarrera

Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalarekin elkarlanean, Bilboko gazteen euskara erabileraren gainean “Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon” izenburupean ikerketa burutu du.

Ikerketaren helburuak honakoak izan dira: batetik, Bilboko gazteek euskararekiko dituzten esperientziak ezagutzea eta beraien euskararen erabilera sustatzeko gakoak identifikatzea; eta bestetik, gazteon artean euskararen erabilera indartzea eta gazteoi hitza ematea.

Euskara sozializatzeko eta ikasi dena erabiltzeko esparru berriak behar dira, euskara afektibitatearekin, gizarteko harremanekin eta aisiarekin lotuko dutenak. Eta, horrekin batera, euskararen hiztun-mota guztien arteko erlazioak sustatzea funtsezkoa da. Hor dago euskara garatzeko erronka, erabileraren zenbakiek gora egin dezaten.

Ikerketaren nondik-norakoak

Izaera kualitatiboa duen ikerketa burutu da: diagnosi, hausnarketa eta proposamenak.

Ikerketak bi fase izan ditu:

  1. Gazteentzat zuzendutako foro-partehartzaileak.
  2. Bilboko eragileekin kontraste mintegia.

Foro parte-hartzaileak

Foroaren xedea gazteen euskararekiko bizipen, esperientzia eta nahiak ezagutzea izan da, dinamika parte hartzaileak eta ludikoak erabiliz. Bilboko 15 eta 22 urte bitarteko perfil ezberdinetako gaztek parte hartu zuten:

  • euskara etxean ikasitakoak eta eskolan euskaldundutakoak,
  • eskolatik kanpora beraien eguneroko bizitzan euskara badarabiltenak edota gutxi ala oso gutxi erabiltzen dutenak,
  • erabiltzeko nahia edo jarrera aktibo bat agertzen dutenak zein jarrera pasiboagoa erakusten dutenak,
  • euskararekiko lotura afektibo handia dutenak eta lotura epelagoa agertzen dutenak.

Foroak bi saio izan ditu eta urriko bi larunbat goizetan ospatu dira, 2017ko urriak 7 eta urriak 21, Bilboko Euskararen Etxean. Ikusi gazteek egindako bideo laburra.

Eragileekin kontraste mintegia

Bilboko gazteekin kontaktu zuzena dituzten eragileak eta euskalgintzako eragileak izan dira mintegi honetako parte hartzaileak.

Mintegiaren helburuak:

  • Gazteak foroan esan dutena eragileekin kontrastatu.
  • Eragileen lanetik eta gazteen euskara erabilerari begira, identifikatzen dituzten erronken gainean hausnartu.

Ikerketaren lan taldea

  • Lan talde profesionala: proiektua definitu, aurrera eraman eta amaiera txostena idazteaz arduratu dena. Kideak: 
    • Jone Goirigolzarri. Deustuko Unibertsitatea.
    • Ane Ortega-Etcheverry. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola.
    • Idoia Carramiñana. Deustuko Unibertsitatea.
    • Josune Etxaniz. Eusko Ikaskuntza.
  • Foroko moderatzaile/dinamizatzaileak: Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultura eta Hizkuntza graduko ikasleek Foroko talde dinamikak bideratu eta notak hartzeaz arduratu dira.

GEEB (Gazteak euskararen erabilpena Bilbon). Bilbo

Ikerketaren emaitzak

Azterketa parte hartzaile honen emaitzak eta hausnarketatik jasotako proposamen bilduma, ondorengo txostenean daude bilduta.

Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez?

 

 

Sustatzaileak: 

sustatzaileak