Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta

Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta proiektua, 2023an abiatzen da eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak urtero sinatzen duten hitzarmenaren baitan kokatzen da. Ikerketaren helburua da, Nafarroako euskararen sustapenari eta Foru Komunitateko bi hizkuntza nagusien kudeaketari begira, herritarren artean erresonantzia sozial zabala lortzen duten elementu diskurtsiboak identifikatzea.

Eremu tematikoak
Errealitate sozio-kulturala
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2023-01-01-2024-12-31

 

sarrera

Nafarroan, bi hizkuntza propio izanik (gaztelania gehiengoan eta euskara gutxiengoan), euskararen babesaren eta sustapenaren inguruan, adostasunekin batera, desadostasunak ere gertatu ohi dira aspaldidanik Nafarroako eragile linguistiko eta soziopolitikoen artean; eta, beste maila batean, gizarte zabalean ere jarrera desberdinak agertzen dira herritarren artean. Normalean, estilo bateko zein besteko hizkuntza-politiken inguruan elkarrizketa maila txikia gertatzen da hizkuntza-politika horien eragina (positiboa, neutroa zein negatiboa) jasotzen duten talde sozialen artean: euskal hiztunak, gaztelaniazko hiztunak, administrazio publikoak, elkarte zibilak, hezkuntza arloko aktoreak, langileen ordezkariak, ordezkari politikoak, eragile sozialak, ikerlariak, gizarte osoa.

hasierako hipotesiak

Ikerketa honen abiapuntuko ikuspegia da gizarte batean hizkuntza aniztasuna gertatzea ez dela gatazkaren sinonimoa izan behar, maiz inplizituki ulertzen den bezala, baizik eta aberastasun sozialaren iturria, hiztun talde desberdinek partekatzen dutena bilatu eta kudeaketa egokia egiten badute.

Hori guztia kontuan hartuta, honelako gaiak sortzen dira:

  • Badaude balio edo oinarri diskurtsibo partekatuak nafar gizartean euskararen sustapena eta herritar guztien segurtasun linguistikoa ahalbidetuko lituzketenak?
  • Baldin baleude, zein lirateke haien osagaiak?
  • Zein dira adostasun soziala lortzen duten euskararen sustapenari buruzko balio edo diskurtso nagusiak?
  • Zein dira balio horien osagai kateak?
  • Zein da balioen horien banaketa soziala?: Hizkuntza taldeen arabera; adin taldeen arabera; jeneroen arabera; eremu soziolinguistikoen arabera...
  • Badaude adostasun sozial nahikorik lortzen ez duten balio linguistiko ez-partekatuak? Zein dira nagusiak?

ikerketaren helburuak

Ikerketa honen abiapuntuko ikuspegia da gizarte batean hizkuntza aniztasuna gertatzea ez dela gatazkaren sinonimoa izan behar, maiz inplizituki ulertzen den bezala, baizik eta aberastasun sozialaren iturria, hiztun talde desberdinek partekatzen dutena bilatu eta kudeaketa egokia egiten badute. Horregatik proiektuaren helburua Nafarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenari buruz identifikatzea eta aztertzea da.

Proiektuak, bestalde, baditu ere beste helburu partzial batzuk:

  • Adostasun eta desadostasun sozialak lortzen dituzten euskararen sustapenari buruzko balio edo diskurtso desberdin nagusiak identifikatzea eta aztertzea.
  • Balio edo diskurtso desberdinen banaketa soziala aztertzea: hizkuntza taldeen arabera (euskaldunak, gaztelaniazko hiztunak); adin taldeen arabera; jeneroen arabera, eremu soziolinguistikoen arabera.

ekintzak

Azterketa kualitatiboa (2023)

Helburu hauek betetze aldera, azterketa kualitatibo baten bidez 2023ko udaberrian proiektuak ikerketa kualitatiboari ekin zion. Nafar gizartean sortzen edo eraikitzen ari diren diskurtsoak aztertzeko, talde triangeluarrak, talde sozializatuak ere esaten zaienak, bereziki egokiak dira eta horiekin lan egin zen. Horiek diseinatzeko, kuota selektiboak hartu ziren kontuan, hala nola: adina, generoa, jatorria, euskara jakitea/ez jakitea, edo Nafarroako eskualdeak.

Talde bakoitza lau pertsonaz osatua egon zen eta osotara bederatzi talde triangular ospatu genituen Nafarroako eskualde ezberdinetan; Elizondo-Bortziria aldean, Tafalla aldean, Lekunberrin, Tuteran, Lizarraldean eta IruƱerrian.

Saioak, Xabier Erize eta Carlos Vilchesek, proiektuko zuzendari zientifikoek gidatuta eta koordinatuta, digitalki grabatu ziren eta hitzez hitz transkribatu ziren. Azkenik, talde-saioetan sortutako testuei diskurtsoaren analisia aplikatu zitzaien eta emaitzak txosten batean jaso ziren.

Azterketa kuantitatiboa (2024)

2023an egindako ikerketa kualitatiboaren proiektuak 2024. urtean bigarren fase bati ekin dio. Bigarren une prospektibo honetan, Nafarroako gizarte osoaren lagin adierazgarri, edo errepresentatibo, bati inkesta bat eginen zaio. Inkestaren asmoa da kuantitatiboki baliozkotzea, edo balidatzea, fase kualitatiboan agertu diren iritzi eta jarreren elementuak, betiere ikerketaren helburuekin zerikusia dutenak.

Inkesta egiteko erabiliko den galdetegian sartu dira taldeetan azaleratu diren elementu emergenteak.

Metodologiari dagokionez, beharrezkotzat jo da Nafarroako adin, sexu eta eskualde taldeen araberako lagin proportzionala eta estratifikatua egitea. Telefonoz 1.200 elkarrizketa eginen dira aurten, % 95,5eko konfiantza-mailarekin (2 sigma) eta +/- % 2,8ko lagin-errorearen marjinarekin. Inkestaren datuak Barbwin 7.0 programarekin tratatuko dira, eta analisi estatistikoko txosten bat eginen da, ikerketaren helbururako garrantzi handieneko aldagai independenteekin kontrastatuta.

ikerketa taldea

Eusko Ikaskuntzaren gidaritzapean, ikerketaren zuzendariak -helburuak eta metodologia finkatuz- eta ikerketak emanen dituen emaitzen txostenaren egileak Xabier Erize (Soziolinguista. Filologian doktorea) eta Carlos Vilches (Soziologoa. Soziologian doktorea) dira.

dokumentua

Euskararen sustapena Nafarroan  

Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta

Xabier Erize eta Carlos Vilches

2023ko irailaren 25a

 
 

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Amaia NAUSIA PIMOULIER

 


Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: