Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria

2022. Imanol Zubiauz

2022. Imanol Zubiauz

Arte Ederretan doktore den Imanol Zubiauz izen artistikoa duen 32 urteko gazteak lortu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Saria “Pidgin” proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.

Ikerketa antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da “Pidgin”, izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.

Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturen loturak, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. “Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude”, argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas-kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketa aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreproduzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarriekin hornituko ditu. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariari esker, lana egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.

Imanol Zubiauz Zumarragan jaio zen. Arte Ederretan Doktore, Cum Laude aipamena jaso zuen 2020an, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra da. Goi-mailako ikasketak ere baditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Ikerlan eta hainbat argitalpenen egilea da. Hala, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa.


Epaimahaia

  • Arantza Cuesta. Eusko Ikaskuntzako Zuzendaria
  • Marije Etxaniz. LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria
  • Jon Altuna. Mondragon Unibertsitateko Errektore Akademikoa
  • Fernando Tapia. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordea
  • Maialen Olabe. Euskadiko Gazte Kontseiluaren Presidentea
  • Urkiri Salaberria. Doktorea, Arte eta Ondarean aditua
  • Noemi Santisteban. Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-Mailako Eskolako Zuzendaria

Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria