Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2021. Agustin Azkarate

2021. Agustin Azkarate

Agustin Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953) Historian doktorea eta Arkeologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Erakunde horretako Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldearen zuzendari ere bada. Aurretik irakasle-lanetan aritu zen UNEDen eta Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun UNESCOren Kultur Paisaiak eta Ondarea katedra zuzentzen du. Kultur Ondare Higiezinaren balioztapena eta kudeaketa integrala ditu ikerketa-ildo nagusi.

Sari ugari jaso dituen Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan da. Sari horien artean azpimarragarriak dira nazioarteko bi hauek: European Union Prize for Cultural Heritage/Europa Nostra Awards 2002 «Azterlan nabarmenak» kategorian, eta European Archaeological Heritage Prize 2019, zuzendaritza zientifikoan egindako lana goraipatu zuena.

Agustin Azkarate hamabi libururen, 150 liburu-atalen eta hainbat artikulu zientifikoren egile edo egilekide da. Arqueología de la Arquitectura aldizkariaren sortzaile eta zuzendari (2002-2008) izan da, zenbait batzordetako kide da eta aldizkari zientifiko askotako erredakzio-kontseiluko partaide; era berean, estatuko zein nazioarteko biltzarretan parte hartzen du.

Hogeita hamar bat ikerketa-lan eta beste horrenbeste indusketa-lan arkeologiko zuzendu ditu edo lanen zuzendarikide izan da: Aldaietako nekropolia; Labradorrera egindako espedizioa; baskoiei eta mundu franko-akitaniarrari buruzko ikerketak; Añanako Gatz Haranaren, Armentiako Basilikaren edota Gasteiz sortu aurreko harresien arkeologia, eta tokiko garapenaren arloan Uruguain eta Argentinan egindako azterketak. Hego Amerikan jatorriko herriek eta Europatik etorritakoek izandako lehenengo kultura-harremanen ikerketa arkeologikoa egiten ari da gaur egun. Urte anitzeko nazioarteko proiektua da, Espainiako Kultura ministerioak eta Argentinako Santa Feko Gobernuak elkarrekin finantzatzen dutena.

Eusko Jaurlaritzako Arkeologiako eta Arkitekturako aholku-batzordeetako kide izan da, eta Gasteizko Gizarte Kontseiluko kide. Gasteizko Urrezko Domina jaso zuen 2005ean.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria