Alfonso Gorroñogoitia: "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira"

2004-01-16

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 238 > Elkarrizketa -->

2004/01/16-23 Alfonso Gorroñogoitia

Kooperatiba sortzailea "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira" Zuriñe Velez de Mendizabal

Traducción al español Alfonso Gorroñogoitia Arrasateko industria kooperatiba mugimenduaren sortzaileetako bat dugu. Berak lehen lerrotik ezagutu du ia-ia mende erdi bateko esperientzia ikaragarri aberatsa, Euskal Herriari onura ekonomiko zalantza gabea ekarri diona. Berarekin hitzegin dugu. Zeintzuk izan ziren On Jose Maria Arizmendiarrietarekiko (OJMA) zure lehen harremanak? Arizmendiarreta 1941ko otsailaren 5ean iritsi zen Arrasatera. Apaiztu berri zegoen eta bere lehen meza hilabete bat lehenago eman zuen. Nik orduan hamasei urte nituen eta Unión Cerrajerako Ikastun Eskolan ari nintzen. Eskolaren ikasketa sistemaz interesatu zen eta ikasgai bat emateko baimena eskatu zuen, Elizaren doktrina sozialaren ingurukoa berau. Orduantxe hasi zen On Jose Maria gure bizitzetan garrantzia hartzen.

Bestalde, garai hartan Arrasate utzi behar izan zuten beste apaiz batzuen tokia hartzera eraman zuen bere erlijioso-jardunak eta heziketa-ekintza irradiatu zuen beste esparru batzuk ere bete zituen. Adibidez, Ekintza Katolikoaren Gazteria, ikasketa zirkuluak eratzen zituena, edota aitorlearen betebeharra bera ere, bere ikasgaiekin guganaino iristea ahalbidetu ziona. Nolakoak ziren ekintza haiek, gerraren ondorioz suntsitu eta zatitutako Arrasate hartan? Ez zen batere erraza 8.000 lagun inguru izango zituen herri hartako bizimodua, denok elkar ezagutu eta bihotzetan gorrotoa nagusi zenekoan. Arizmendiarretaren aurreneko ahaleginetako bat gizarte hura baretzea izan zen. Elkarrekin bizi behar zen. Bere diskurtsoa atipikoa zen, ez baitzen ohiko erlijioso-koordenadetan mugitzen. Ekintzara eragiten zuen hark eta sinismena konpromiso hartzea zela predikatzen zuen. Arazoen aurrean jarrera hartzera behartzen gintuen. Ekintza Katolikoaren saioak gogoratzen ditut, Bañeztarren Jauregi izandakoan burutzen genituenak, eta ezaguna da ate nagusiaren goi aldeko esaera: “Solus labor parit virtutem; sola virtus parit honorem”. Lanaren bitartez bertuterantz eta horrekin ohorerantz. Labur bilduz, nik esango nuke norabidea hiru katedratatik, horrela deitzerik bada, eskaini zigula: Ikastunen Eskolako asteroko ikasgaia, Ikasketen Zirkulua eta aitorlekua. Izan al zen hori kooperatiba mugimenduaren hazia? Gauzak askoz normalagoak izaten dira, haietaz pentsatzen duguna baino. Guk, Eskolako ikasleok, lantegian ari ginen eta industria-maisu ginelako berehala egokitu gintuzten agintari ertainen artean. Egituraren zati bat ginen, beraz. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, lan hura zeharo beharrezkoa zitzaigula, jasaten genituen miseriei aurre egin ahal izateko. Nire aita erbestean zegoen 1936tik eta ez zen 1965era arte itzuli. Hau da, ezin genuen ezelako alaitasun erreibindikatzailerik eduki; lotuta geunden, nolabait esatearren. Baina On Jose Mariaren ikasleak ere ginen, sinistea konpromiso hartzea zela erakutsi ziguna, Arrasateko herriaren promozioa prestatzera eta soziologia eraikitzaileari ekitera animatuz. Berak eragin gintuen formakuntza teknikoaren bide berrietatik abiatzera eta fabrikan ari ginen industria maisu gazte batzuentzat salbuespen akademikoa lortu zigun. Horrela Zaragozako Peritu Eskolan matrikulatu ginen, eta ikastaroak urtez urte gainditu genituen, karrera 1952an amaitu genuelarik.

Agintari ertainak izateak gure lankideengan nolabaiteko eragina ematen zigula esan dut, eta 1954an Jose Mari Ormaetxea eta biok UCEM-en zuzendaritzara aurkeztu ginen, burutzear zegoen kapital hedapenean langileen interesak kontuan edukitzea eskatzeko, eta akzio berrien zati bat haien artean banatzeko. Tiroan huts egin genuen eta une hartan jakin genuen, guk nahi izandako ongizatea enpresa hartan nekez aterako genuela. Langilea errendimenduaren partaide izatea zen gure helburua.

TALLERRA EIN BIER JUAU

Eta orduan erabaki genuen tailerra jartzea. Lehendik ere bagenituen zenbait bide jorratuta, Astec – Asesoramientos Técnicos- zeritzan enpresa batekin, baina jauzi kualitatiboa eman genuen, ULGOR sortzea planteatu ginenean.

Egia esatera, garai hartan Arrasaten eta bere inguruetan egunero sortzen ziren lantegi berriak. Trebetasun pixka batekin gai zen edozein irabazpidea abian jartzeko. Hori horrela, ez da batere harrigarria geuk ere abenturari ekitea. Baina administrazio eragozpenekin egin genuen topo, guk nahi moduko enpresa bat irekitzea ez baitzen gauza samurra. Patuak, ordea, gure atean jo zuen ostera eta Gasteizen saltzen ari zen lantegi batez mintzatu zitzaigun, guk nahi genituen ia-ia produktu guztiak fabrikatzeko baimena zuena. "Escuela de aprendices" argazkia Jesús Larrañagaren "Don Jose María Arizmendi-Arrieta y la experiencia cooperativa de Mondragón" liburuan argitaratua dago.

Horrela, 1956ko azaroaren 11n gure lantegi berrian hasi ginen lanean, Luis Usatorrek “Laxarte”-ko inguruetan zituen terrenoetan eraikia. Baina lehen beste gauza batzuk ere gertatu ziren. Adibidez, 1954an Ormaetxea eta biok enpresa bat sortzeko baimenaren eske Madrilera joan ginenean gure asmoa ULGOR S.A bezala erregistratzea zen. Gertatu zen, ordea, hartaz generamatzan ideia guztiekin – kudeaketa zela, langileen partaidetza, emaitzen gaineko pizgarriak eta abar- hura guztia ez zetorrela bat Elkarte Anonimoen legearekin, eta atzera etorri behar izan genuen... Arizmendiarretari gure porrota aitortzera. Hark beste formula bat bilatu zuen balizko irudi juridiko guztien artean eta kooperatiba aurkitu zuen. Modeloa erakargarria zen eta On Josemariaren predikuarekin bat zetorren. Badugu, beraz, lehen industria kooperatiba abian... Suposatzen dut hastapenak ez zirela batere samurrak... Begira, enpresa bat sortzera gindoazela lehen zurrumurrua Arrasatetik zehar zabaldu zenean – eta artean ez genekien zein formula juridikopean- gutaz fidatzen zen eta bere bizitza profesionalari beste itxura eman nahi zion jende asko batu zitzaigun. Artean UCEM ongi samar zebilela eduki behar da kontuan, maldan beherako prozesua geroagokoa baita. Horregatik da harrigarria, kooperatibako lehen ehun bazkideak kalean egitea, ia-ia denak txikiteoan, eta langile kualifikatuak ziren. Horregatik, une haietako emozioak ez zirela oso bereziak izan esan ohi dut. Benetan emoziogarriak izaten hasi zirenean ULGOR SCI-ren lehen Batzar Nagusian izan zen. Orduantxe konturatu nintzen abentura benetan zihoala... eta lantegi hartan ahalegin guztiak jarri behar genituela. Nahiz eta bitxikeria den, Galera hitza ez zen gure hiztegian. Izatez, gure estatutuetan 1975era arte ez zen ageri hitz hori. Pentsatu al zenuten inoiz hain tamaina handia hartzera helduko zinetena? Begira, anekdota bat kontatuko dizut. “Laxarte”-ren terrenoetara joan ginenean Usatorreri esan nion: “Hau beteten bajuau trankil juan geinkek Sanperioren ortura” Arrasaten Sanperioren ortua kanposantuari esaten genion. Gure asmo ezkutua, Elma Arrasateko beste enpresa handiaren erdia izatera ailegatzea zen. Atera kontua, beraz! Inoiz entzun dudanez, industria kooperatibak ez dira beste inon Arrasaten bezain arrakastatsuak izan... Zer dela eta? Hori horrela da, baina ez da egia txikiagoa kooperatibaren irudia mundu guztian dagoela hedatua eta Europan oso erreferentzia garrantzitsuak ditu, batez ere kontsumoko sektorean – Suedian- eta finantza kredituan –Alemanian. Zergatik Arrasaten industrialak? Nik teoria bat dut, egia osoa izan behar ez duena- baina niri baliagarria zait fenomenoa azaltzeko. Lehenik, gorago ere esan dudan moduan, berrogeita hamarretako Espainian oso berezia zen eta enpresak sortzea ahalbidetzen zuen. Ez zen Einstein edo Ford izan behar garaile ateratzeko. Bigarrenik, Arizmendiarretaren presentzia, egituren sortzaile eta katalizatzaile gisa, borondate eta kontzientzien eragilea. Hirugarren zioa izan daiteke, ez genuela enpresa soziologismo soziologista batetik sorrarazi, enpresa-kontzeptu zorrotz batetik baizik. Dirua irabazi behar zen. Eta azkenik, oso lan talde zuzendari ederra izan dugula. Lan talde indartsua izan da. Izan daiteke ere, Arrasatek oso gizarte kontzientzia garatua eduki zuela askoz lehenagotik... Batere zalantzarik gabe. 1916ko greba oroitu behar da, gure aiton-amonak eta gurasoak bete betean harrapatu zituena. Greba hura, gure herriko langileriak exijitzen zuenaren gaineko lehen deia izan zen. Geroago, 1934ko urriaren 5eko gertaerak daude, Marcelino Oreja eta Dagoberto Resustaren heriotzekin, biak kapitalaren ordezkariak. Beti esan dut Arrasate oso herri kontzientziatua dela, gizarte borrokarako grina bereziarekin, eta gainera sirena hotsaren kolpera hezia. UCEM-en sirenak gure lan erritmoa markatzen zuen, lantegira zihoazenei zein etxean geratzen zirenei edota beste betebeharretara abiatu behar zutenei. Belaunaldi batzuk jaio dira Arrasaten lantegiko sirena hotsaren eguneroko toke gupidagabearen pean. Sirena desagertu da... Orain dela mende erdiko ardura soziala ere desagertu dela esan nahi al du horrek? Nik ez dakit hori horrela denik. Baina esan dezakedana zera da, gizarte txiro hartatik ateratzeko borroka kolektiboa bat batekoa zela. Gizartearen baloreetaz mintza daiteke eta horretarako protagonista eta eszenategia eduki beharko genituzke kontuan. Eszenategia asko aldatu da. Orain dela berrogeita hamar urteko gure gizartea ez genuen gaur ezagutuko. Teknologiek hankaz gora jarri dituzte ekoizpenaren ohiko kontzeptuak. Bestalde, protagonista dago, gutariko bakoitza. Nik esan ohi dut, egitasmo eraldatzaile baten atzean ideal pertsonal zentzua zela. Idealak bizia baino gehiago balio dueneko ustean hazi gintuzten. On Jose Mariarenrentzat birao bat izango zatekeen gaur, emakumeak bere senarraren aurrean berak nahi duena egin dezakeela esatea. Bai horixe aldatu direla, eszenategia eta baita protagonistaren jarrera ere! Posible al litzateke gaur egun, Arrasatekoaren gisako kooperatiba mugimendu berririk sortzea? Gu une aproposean jaio ginen. Orain ex novo, ezingo zen eraiki... ezta Arizmendiarretarekin ere. Gure mugimendua aztertzera etorritako ehunka ikerle horietako batek, bere tesia amaitzean esandakoa gogoratzen dut: gure esperientzia baserri zibilizazio baten emaitza zela. Lehen ere komentatu dut, lehendabiziko ehun bazkideak egiteko ez genuela ezelako iragarkirik ipini behar izan. Elkar ezagutzea nahikoa zen ekarpen solidarioa sortarazteko. Egun, uko egiteko ohiko izpiritu hartatik gutxi edo ezer ez da geratzen. Tonua jaitsi egin da hedonismorik hutsenera igarotzeko. Baserri zibilizazio batetik zeharo izaera indibidualista batera pasatu da. Apur bat ezkor ikusten zaitut... Eszenategia eta protagonista aldatu direnez gero, garbi dago gure erakundearen egitura juridikoa ukitu behar dela. On Jose Mariak aukeren berdintasuna aldarrikatzen zuen, lanerako, osasunerako... eta baita aisialdi aktiborako ere. Ezin naiteke erabat baikorra izan... baina ez nauzu arras ezkorra ere. Orduko eta eguneko balore handietako bat, kooperatibetako kideok betiko ez desagertzeko egin beharreko ahalegin jarraikia da. Eta horretan inork gutxik irabazten gaitu. Alfonso Gorro?ogoitia Gonzalez

1924ko urriaren 25an jaio zen Arrasaten. 1939.urtean Unión Cerrajera de Mondragónen sartu zen Ikastun Eskolaren bitartez. Ikasketak herriko Eskola Profesionalean egin zituen. Horrez gain, bere kabuz ikasi eta 1952.urtean Zaragozako Peritu Industrialen Eskolan, Argiketari Peritu Industrial titulua lortu zuen. 1956an UCM-tik irten zen ULGOR egikaritzen hasteko. 1959tik 1983ra enpresako presidente kargua izan zuen. Horrez gain, Fagor Taldeko Kontseilu Orokorreko, eta Euskadiko Kutxako presidente, eta MCCko aholkulari lanetan aritu izan da, besteak beste.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Amaia Basterretxea: "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa"

 

Irakurri

Adolfo Arejita: "Kardaberaz izan da, Mendibururekin batera, euskal idazle klasiko nagusia"

 

Irakurri

Frantxis López de Landatxe: "Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak Kulturunearen jabe bihurtu dira"

 

Irakurri

Borja Aginagalde: "Artxiboen dinamizazio kulturala da gure hurrengo erronka"

 

Irakurri

Mariano Camio: "Cristóbal Balenciaga jostunarengan, bere naturaltasuna eta Euskal Herriarekiko, Getariarekiko eta inguruan zeukan jendearekiko sentitzen zituen maitasuna azpimarratuko nituzke"

 

Irakurri