Ana María Freire Araújo: "Hesi intelektualak eskoletan oraindik bizirik dirau"

1999-11-12

IRAZU, Ainhoa

Elkarrizketa Ana María Freire Araújo, pedagogoa "Hesi intelektualak eskoletan oraindik bizirik dirau" * Ainhoa Irazu Ana Maria Freire Araújo, "Nita", Paulo Freire brasildar pedagogo handiaren alarguna da. 10 urte eman zituen Freireren ondoan, 1997ko maiatzean Paulo zendu zen arte. Historiagilea izateaz gain, "Nitak" irakaskuntza doktoretza egin zuen Sao Pauloko (Brasil) Unibertsitate Pontifizioan. Berak, Freirek idatzitako azken liburuetan parte hartu zuen. Maistra lanetan ere, jardundakoa da. Alde horretatik, "Nitak" bat egiten du bere senarraren eredu pedagogikoarekin. Paulok legez, "Nitak" irakaskuntzaren ezaugarri politikoa nabarmentzen du. Euskal Herrian, zenbait irakaskuntza zentrok Paulo Freireren ildoari jarraitu diote, AEK helduen alfabetatze koordinakundeak eta Gasteizko EPA helduen heziketarako zentroak, besteak beste. Irakaskuntza izan dugu hizpide elkarrizketa honetan. Freirek idatzitako azken liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztera etorri zara. Liburuak, egilearen hainbat ideia zahar berreraikirik aurkezten ditu. Zein da liburuaren mamia? Liburuak irakasle baten ezagutza biltzen du. Irakasle oro, ezagutza batean oinarritzen da irakasteko. Liburu honek, Freire, aurrerakoia zen irakaslearen jakintza ezagutzera ematen du. Liburuak hiru atal ditu. Lehendabizikoan, irakastearen baldintzaz hitz egiten da. Bigarren atalak, irakaskuntza "bankarioaren" eta irakaskuntza freirearraren ezberdintasun nagusiak biltzen ditu. Azkenik, hirugarren atalak, irakastearen giza berezitasunaren berri ematen du. Zeintzuk dira irakasle "bankario"aren eta irakasle aurrerakoiaren arteko ezberdintasun nagusiak? "Bankarioek" ez bezala, irakasle aurrerakoiek aditzen dakite. Hori oso garrantzitsua da, bai norberarentzat eta baita ezagutza teorizatzeko ere. Pauloren teoriak ekarpen berritzailea du: aditzen jakitea. Berak aditzea eta entzutea ezberdintzen zituen. Entzuten duzunean, gero entzundakoari buruzko oroipen bat duzu, baina oroipen arina da. Aldiz, aditzen duzunean,aditutakoa barneratu egiten duzu. Beraz, aditutakoari buruzko kontzientzia hartzen duzu, hau da, solaskidearen nahiak eta beharrak zeureganatzen dituzu. Ondorioz, horrenganako maitasuna eta elkartasuna garatzen dituzu. Paulok aditutakoari buruzko hausnarketa egiten zuen, ondoren jasotakoa sistematizatu eta idazteko. Prozesu guzti hori ez da egiten entzute soilarekin. Horretarako aditu beharra dago. Pedagogia freirearraren zutabe nagusia elkarrizketa da. Zeregin horretan aditzen jakiteak berebiziko garrantzia du. Guztia da elkarrizketagai, jakintzagai. Objektua, edozein izanik ere, hor dago ezagutu dezagun. Finean, gure ustez, irakastea ez da ezagutza transferitzea, baizik eta, ezagutza ekoitzi eta eraikitzeko bideak jartzea. Ezagutze prozesuan gizakion jakinmina behar beharrezkoa dela zioen Freirek... Jakinminak esperimentatzera eramaten gaitu, eta esperimentatzetik ezagutzara iristen gara. Jakinminik gabe ez dago ezagutzarik. Horrez gain, jakinmina berezkoa da eta beraz, bilakatu egin behar da epistemologikoa bihurtzeko. Prozesu horretan, irakasleak alaitasuna piztarazi behar dio ikasleari. Normalean ikastetxeetan ukatu egiten zaio alaitasuna irakasleari. Horrek guztiak ikastetxetik urruntzen du. Nire ustez, ezagutza guztiek alaitasuna dakarte. Haatik, gehienetan ez da hori lortzen. Milurteko berriaren atarian, zein eredutan oinarritu beharko litzateke pedagogia? Filosofia modernotik datozen eredu pedagogikoak egun ez dira eraginkorrak. Ezta postmodernismotik edan duten ereduak ere. Azken horiek deshumanizatzaileak dira. Gizonezkoak zein emakumezkoak gizakiak dira, eta gizakiok etika bat dugu, desioak, nahiak ditugu. Horiek guztiak giza ezaugarriak dira. Gaur egun nagusi diren pedagogia ereduek ez dituzte giza beharrak kontuan hartzen. Horiek kapitalismoaren merkatuaren beharrei erreparatzen diete bakarrik. Beraz, irakasleek, irakasteko orduan, materialismotik urrundu eta giza beharrak aintzakotzat hartu behar dituzte. Horixe da, hain zuzen, pedagogia aurrerakoiarenmamia. Bai, horretan dago gakoa. Nire ustez, heziketak hausnarketa batera eraman behar gaitu, horrela gizakion arteko elkartasuna uztartzeko. Nagusitu den irakaskuntza teknizismoari estu lotuta dago. Nire ustez, eredu hori pedagogia aurrerakoiarengatik ordezkatu behar dugu. Horrek gizonezko zein emakumezkoak hezi ditu, elkartasunean, duintasunean...Ez dugu onartzen itxaropen eza edo etorkizun eza uztartzen dituen heziketa, hots, oraina betikotasunari lotzen duena. Nire ustez, guzti hori kontraesan bat da, paradoxa. Modernista edo postmodernista zarenean mekanizista zara. Ildo horretan, Marx ek zioen etorkizuna proletarien diktaduratik abiatuta eraikiko zela. Komunismoak zioen guztia guztiona izango zela. Hala ere, hori ere pentsamendu mekanizista zen. Nire ustez, mekanizista izateagatik pentsamendu modernoa ukatzen duen pentsamendu postmodernoak, beste mekanizismo batera jauzi egiten du. Azken hori bestea baino kaltegarriagoa da, itxaropena eta historia ukatzen baititu. Postmodernismoaren arabera, etorkizuna oraina bezalakoa izango da. Nik ez dut sinesten horretan, izan ere, nire ustez, gizakiok ez gara perfektoak, bukatugabeak gara. Horrek guztiak jakinmina piztu eta etorkizunari begirako egitasmo bat eraikitzea ahalbidetzen du. Helburua mundu hobeagoa eraikitzea da. Irakaskuntzak munduan eskuhartzeko eta gaizki dagoena eraldatzeko bidera garamatza. Nagusitu den irakaskuntza eredua oso arriskutsutzat jotzen duzue, utopia eta munduaren bilakaera baztertu, injustiziak sortu eta natura suntsitzen duelako, besteak beste. Krisialdia bizi al dute sozio kulturaren eta sozio heziketaren esparruek? Bai, zalantzarik gabe. Zerbait amaitzen denean krisialdia dator. Ezerk horrek ez badio errealitateri erantzuten, krisialdia jasaten ari den seinale. Hori bai, sarritan krisialdiaz hitz egiten dugunean apokalipsian pentsatzen dugu, eta hori ez da horrela. Krisiak aurrera egitera eramaten gaitu. Neoliberalismotik sortu den globalizazio ekonomikoa da krisialdiaren erruduna. Zein izandaitekeen konponbidea? Ezin dugu komunismoa indarrean jarri, ez dugulako bat egiten Sobietar Batasuneko soziokultura eta ekonomia ereduekin. Ezta sozialdemokraziarekin ere, pertsonak gehiegi babesten dituelako, eta guk asintenzialismoari zenbait akats ikusten diogu. Protekzionismoarekin bukatu behar dugu. Bakoitzak prebisioak egin, eta etorkizunari begira garatu behar da. Azkenik, kapitalismoak pertsonengan uzten du erantzunkizun guztia. Pedagogia postmodernoa bakarrik formakuntza tekniko profesionalean oinarritzen da. Ondorioz, irakaskuntzaren xedea ikasle lehiakorrak hezitzea da. Haurrek onenak izateko ikasten dute, eta ez besteenganako elkartasuna garatzeko. Nire ustez, horrek ez du formatzen, baldintzatzen baizik. Formatu hitzak esanahi zehatza du: pertsona bat bere eskubide eta eginbeharrei txukun eusteko haztea. Formakuntzaren zutabe garrantzitsuena etika da. Egungo pedagogia ereduek, ordea, giza etika etika ekonomikoarengatik ordezkatu dute. Finean, zein baloreri eutsi behar die irakaskuntzak? Itxaropena oso garrantzitsua da guretzat. Ez gara nihilistak, derrotistak. Egun hobeak iritsiko direlakoan gaude. Etnia, kultura eta sinesmen ezberdinekiko eta pertsonarenganako errespetoa bultzatzen dugu. Irakaskuntzan, etika behar beharrezkoa da, hau da, ez gara arraza, jenero eta klaseen ezberdintasunean oinarritzen den diskriminazioaren aldekoak. Horrez gain, gure ustez, munduko pertsona guztiek duintasunean bizi irauteko bitartekoak eduki behar dituzte. Mundu zabaleko pertsona guztiak elikatzeko adina janari dagoen arren, franko gosez hiltzen da. Beste balore batzuk ere jorratu beharko lirateke: tolerantzia, besteenganako elkartasuna, ikaslearenganako maitasuna, kontzientzia kritikoa, bereizketaren baztertzea, koheziketa, ikaslearen autonomia eta abar. Nolakoa da zure ametsetako eskola? Lehen harritzarrez eginiko hesiez inguraturik zeuden eskolak, eta haurrak hesi horien barruan bizi ziren. Haurrek ez zuten inolako harremanik hesi horietatik kanpoko munduarekin,izan ere, ziotenez, kanpoko mundua oso arriskutsua zen. Beraz, haurrak purutasunean hezi behar ziren, aurrerago kanpoko mundua aldatzen saia zitezen. Mende honetako 50. hamarkadara arte, eskola horrelakoxea izan da. Zorionez, pixkanaka hori aldatzen joan da. Edonola ere, oraindik, eskola gehienetan munduan eta gizartean gertatzen dena mahaigaineratu gabe uzten da. Hau da, hesi intelektualak oraindik hortxe dirau. Egun, ikasleek liburu bat hartu eta buruz ikasten dute, ikasitakoa ulertu gabe. Horrek ez du inolaz ere ezagutza hazten. Horixe da irakaskuntza "bankarioa". Eskola mota horrek ez du askatasunaren bidea hartzeko aukerarik ematen. Gainera zigorrak erabiltzen ditu eta haurrak beldurtu. Haurrak alaitasuna eta segurtasuna sentitu behar ditu. Hargatik, irakasteko metodoei dagokienean, bitarteko elektronikoen aldekoa naiz, horien bitartez ikasleek ikasteko prozesuan gozamena sentitzen baitute. Horrez gain, norberak bizitzan zer egin nahi duen, eta nahi duena egiteko zein aukerak dituen jakin behar du. Eskolak haurren eta gurasoen arteko elkarrizketa bideratu behar du. Aldez aurretiko inposaketa ez da batere ona. Nolakoak dira irakasleen eta ikasleen arteko harremanak? Gure eskoletako irakasleak eta ikasleak postmodernisten eskoletakoekin alderatuta, ezberdinak dira. Irakaslea eta ikaslea ez dira antagonikoak. Bata ez da bestea baino gehiago, ez da ezberdintasun hori ematen. Gainera, irakasleak ez dira autoritarioak. Hala ere, bere bizipenak direla eta, bere ezagutza dela eta, irakasleak autoritatea eduki behar du. Baita diziplina ere, irakasteko. Hala ere, gure eskoletako irakaskuntza ezin da gogorra izan, malgua baizik. Bestalde, irakasle aurrerakoiek baldintza batzuk bete behar dituzte: gaitasun profesionala, bihotzabaltasuna, konpromezua, askatasuna, elkarrizketarako prestutasuna, hezigaienganako maitasuna eta errespetua eta abar. Irakaslearen prestakuntza zientifikoak bat etorri behar du bere zuzentasun etikoarekin. Hezitzaileek zein hezigaiek ezin dute zorroztasunetikotik ihes egin. Ezkerretik eskuinera, Paulo Freire, Arantxa Ugartetxea eta Ana María Freire Araújo Zeri begiratu behar zaio ikasgaien antolakuntza osatzeko orduan? Ikaslea etorkizunean autonomoa izateko beharrezkoak diren ikasgaiak jorratu behar dira. Garrantzitsuena ikaslearen gaitasuna garatzea da, erabakiak hartzeko gai izan dadin. Dena dela, ezin ahaztu, irakaskuntza formakuntza tekniko, zientifiko eta profesionalaz gain, ametsez eta utopiaz baliatu behar dela. Irakaskuntzak hainbat diziplinetatik edan behar du: etika soziala, soziologia, artea, historia, geografia... Ikasgai horiek mundua ulertzen laguntzen dute. Behin, nire ikasleek beste irakasle batekin izandako esperientzia aipatu zidaten. Ikasleek jazotako gertakizun bati buruz galdetu zioten. Honako erantzuna jaso zuten: ez dugu horretaz hitz egingo temarioan sartzen ez delako. Behartu aditzaren sintaxia aztertzea dagokigu. Ikasgaiek tokian tokiko testuinguruari eta gugan eragina duenari lotu behar zaie. Dena dela, zientziak irakasten direnean, derrigorrez munduaren errealitateari eta horren beharrei erreparatu behar zaie. Esaterako, hemengo ikastetxeetan euskal identitatea jorratzeko euskal gaiez hitz egiten bada bakarrik, akats handi baten aurrean egongo ginateke. Beste erreferenteak behar dira: Euskal Herria, espainia eta frantziar estatuak, Europa eta mundua. Horiek guztiak kontutan hartuz ulertuko da hemen gertatutako zapalkuntza. Euskal eskolak munduari eta beste kulturetako ezagutzari zabaldu behar dizkio ateak, konparaketak egin ahal izateko. Irakasten ditugun edukiekin lan egiteko eran, gurekin ados ez dauden autoreak aipatzen ditugu. Ezin dugu autore baten kritika egin haren obra gainetik irakurrita. Irakaskuntzak munduari ezezik bestelako gaiei ere erreparatu behar die: hizkuntza, kultur identitatea eta nazioaren errealitatea, besteak beste. Euskal eskolari dagokionean, nola egokitu nazioaren errealitateari berez nazio izatea ukatzen badigute? Hemen arazo handia duzue. Argi dago zuek zuenidentitatea duzuela, baina Espainia eta Frantziari lotuta zaudete, eta beraz, lurralde horietako beste etnia eta kulturei. Euskal naziotasuna eskatzen duzue baina espainiar edo frantziar naziotasuna duzue. Arazo korapilotsua da, izan ere, populazioz Espainia eta Frantzia Euskal Herria baina askoz handiagoak dira. Hemen, Brasilen ez bezala, arazo etnikoa bat duzue. Erreparatu diezaiogun Brasilgo etnien adibideari. Han txuriak eta beltzak nahastuz joan dira. Hala ere, etnia talde batzuk, guztiz isolatuta bizi dira. Oso gutxi izan arren, horiek ez dute zibilizazioan sartu nahi, beren herrietan bizi nahi dute, oihanean. Brasilgo komunitatearekin harremanetan jartzean, beren ohiturak eta beren kultura zapaltzen ari dira. Edonola ere, portugaldar kolonizazioak tolerantzia handiagoa izan zuen talde etniko horiekiko, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herriarekin izan dutena baino. Beraz, Brasilen talde batzuk eta besteak ez dira hain ezberdinak sentitzen. Arazoa ezberdina da. Hango arazo nagusiena klaseen arteko ezberdintasuna da. Mutur batean aberatsak daude, horiek gutxi batzuk baino ez dira. Beste muturrean, berriz, populazioaren gehiengoa dago, txirotasunean bizi dena. Hori da gure arazo nagusiena. Irakaskuntzak nola heldu beharko lioke auziari gure kultur identitatea gordetzeko, gure hizkuntzak bizirik irauteko, eta finean, aurrera begira, euskal hiritartasunaren alde egiteko? Paulok zioen irakaskuntzak aldaketaren sortzaile izan behar zuela. Beraz, euskal irakaskuntzak euskal identitatea eta euskara izan behar ditu zutabetzat. Horiek gai sortzaileak dira. Haurrak txikitatik gai horien inguruan hezitzen baditugu, orduan beraiek euskaldunak espainiar eta frantziar estatuen eraikuntza historiko baldintzatuaren produktu direla jabetuko dira. Hemen, herriari galdetu gabe, Euskal Herria bi herrialde ezberdinen artean banatu zuten: Frantzia eta Espainia. Beraz, kontzientziatze lan horretan sakondu beharko litzateke, horixe baita euskal eskolaren gai sortzaile nagusia.Zer da identitatea? Dantza, musika, hizkuntza, izaera...guzti horiek osatzen dute identitatea, eta identitatea mundua irakurtzeko modu bat da. Ni brasildarra naiz, eta brasildarra izanik, modu batera irakurtzen dut mundua. Zu, berriz, euskalduna zara eta euskaldun erara irakurriko duzu mundua, euskalduna izatearen kontzientzia duzulako. Hori guztia dela, herriaren nahiari lotutako eskola publikoa antolatu beharko litzateke. Jakina, ezin ahantzi eskola publikoa zuzena izan dadin egindako lanean, gobernuek zeregin handia dutela. Zentzu horretan, argi dago gobernuek ezer gutxi egiten dutela eskola publikoaren alde. Beraz, udal guztiek lan ikaragarria egin behar dute eskola publikoa euskal identitatearen inguruan eraikitzeko, batik bat lehen hezkuntzan eta aurre eskolan. Eskola, hiritartasuna zehazteko eta hiritartasuna praktikan jartzeko gune garrantzitsuena da. Kontzientzia hartze hori gauzatzeko modua dela eta, ez al da askotan estatu zapaltzailearen aurkako jarrera ez egokia sortzen? Gai sortzailea euskal identitatea bera mantentzea izango litzateke, baina horrek ez du esan nahi espainiar eta frantziar estatuekiko gorrotoa bultzatu behar denik. Kontua da euskal identitateari estu lotutako indar sendoa lortzea. Horrek etorkizunari begira, euskal subirotasuna lortzeko aukera emango du. Baina, Paulok zioen bezala, bide egokia ez da zapaldua izatetik zapaltzailea izatera igarotzea. Gauzak horrela egiten badira sumisio batetik ateratzen zara bestea sumisiopean uzteko. Beraz, hori ez da bide egokia. Jarrera erreakzionario bat jorratzen baduzu, sekula ez duzu askatasuna ezagutuko, zapalkuntzak jarraituko duelako. Zapaltzaileak ez du ez identitaterik ez idealik. Bere jardunaren helburua bestea zapaltzea, itotzea da. Zapalduak daudenekin nago, edonola ere, ez dut ezeren izenean, bortizkeria onartzen, indarkeriak ukatu egiten baitu etika unibertsala deritzona. Euskara euskal identitatearen euskarri garrantzitsuenetakoa dugu. Hala ere, euskara gaztelera eta frantsesarekin alderatutabigarren mailako hizkuntza dugu oraindik. Zer egin? Ez dut euskal auzia azaletik baino ezagutzen. Edonola ere, argi dago euskal identitatea ezin dela diskriminaziotik abiatuta sortu. Beraz, euskararekiko maitasuna eta errespetua bultzatu behar dira. Euskara hizkuntza bat da, zuen hizkuntza, baina horrek ez du beste hizkuntzak baino gehiago ez gutxiago balio. Euskara euskal sentimendua adierazteko tresna ederra da. Zuen hizkuntzaren egoera ez normalduak zapalkuntzaren egoera historikoa azalaratzen du. Beraz, euskara ikasten hasten denak hizkuntz zapalkuntzaren kontzientzia eduki behar du. Kontzientzia horrek nagusi den botere soziolingistikoaren garapenaren aldeko aukera egitera eramango du ikaslea, haurra zein heldua izanik ere. Aurrerago hasierako helburu kontzientziatzailea motibazio elementu eragile bilakatuko da. Hego Euskal Herriko ikastolek eredu pedagogiko eraikitzailea hartu dute. Dekroly, Freinet, Piaget, Freire eta Kilpatrick pentsalarien ezagutzatik edan da heziketa moduak osatzeko orduan. Tolerantzia, bakea, justizia, berdintasuna, harreman naturalak...horren guztiaren aldeko irakaskuntza jarri da abian. Bide onetik al gabiltza? Helburu nagusia formakuntza etikoa bultzatzea da, ongizatea lortzeko. Ez dakit zehatz mehatz nolakoa den hemengo irakaskuntza. Dakidana da, herrialde garatuetako jende askok uste duela 3. Munduko pertsonak alperrak eta lapurrak direla, ez direla zintzoak. Beraz, hori ez da etikoa. Gutako asko bai garela horrelaxekoak, baina ez gara ontologikoki horrelakoak, zerbaitek horrelakoak izatera eraman gaitu. Zerk eraman gaituen horretara? Herrialde garatuek 3. munduekiko eragin duen zapalkuntzak. Nire ustez, oro har, herrialde garatuek krisialdi etikoa bizi dute, zeren eta indarrean dagoen eredu politiko ekonomiko soziala, demokrazia delakoa, ez da etikarekin kezkatzen. Etika pertsonen berdintasunean datza, sexua, arraza, klasea, sinesmenak, hitz egiten den hizkuntza... edozein izanik ere. Munduko herri guztiak errespetatu behar dira. Beraz,ezin dugu onartu Kosovon, Kuban, Granada uhartean edo Ertamerikako herrialde askotan gertatzen den zapalkuntza. Hori guztia onartzen duen irakaskuntza krisialdian dago. Xabier Garagorri Euskal Herriko Ikastolen elkarteko pedagogia burua, eta EHUko irakasleak diotenez, irakaskuntza gizartearen ispilua da. "Irakaskuntza gaixo badago, gizartea gaizki dabilen seinale". Dioenez, aldaketa politiko eta ekonomikoek eragin handia dute irakaskuntzaren bilakaeran. Dena dela, herrialde garatuetan oraindik bada, aldaketa hirugarren munduan eman behar dela uste duenik... Herrialde garatuetako herrialde aberatsenak biltzen direnean, 3. munduko herrialdeek ekonomia eta sozio kultura ereduak aldatu behar dituztela diote. 3. munduko herrialdeak, ordea, ezin aldatu dabiltza horretarako baldintza egokiak ez dituztelako.Aldaketa bien artean landu beharko litzateke. Inork ez du txirotasuna berez aukeratzen, hori inposatu egiten da. Zapaltzaileek zapaltzaileari inposatzen dio, hau da bera zapaltzetik aberasten denak. Eta zein da zapaltzailea? Herrialde garatuak eta beren eredu ekonomiko soziala, hots, kapitalismoa eta neoliberalismoa. Oraindik gogoan dut orain urte batzuk ikusi nuen dokumentala. Horretan, pentsalari suitzar batek Suitzako neutraltasun eza salatu zuen. Berak zioen suitzar gobernuak apartheid a diruz babesten zuela. Hauxe, lehen munduak hirugarren munduarekiko indarrean duen zapalkuntzaren adibide garbia da. Edonola ere, gero eta ugariagoak dira heziketa herrikoiaren eta 3. munduko garapenerako kooperazioaren alde egiten duten irakasleak eta giza taldeak. Hemen, urrutira jo gabe, GKE hainbatek eta bestelako kooperazio taldeek bide hori hartu dute. Baikorrak izan gaitezke? Gobernuek hezkuntzan, osasunean eta beste zenbait arlotan duten erantzunkizunari ez heltzeko GKEk erabiltzen ari dira. Hori oso arriskutsua izan liteke. GKEk laguntza handia ematen dute baina ez dute arazoarekin bukatzen. Momentuan momentuko laguntza, asistentzia, eskaintzen dute baina ez diote arazoarierrotik heltzen. Bestalde, badira mugimendu kritiko batzuk zeintzuk errotik egindako bilakaera nahi duten, eta bilakaerarik ezean nahiago dute ezer ez egin. Ekimen guzti horiek momentuan lagungarriak izan daitezke, baina momentuko laguntzak dira. Beraz, ez dut uste mota horretako laguntzak eraginkorrak direnik. GKEek jasotzen duten dirua arduradunen artean banatzen da, baina finean, gauza gutxi egiten da. Gainera, nire ustez, estatu batek bere gobernuari eskatu behar dio laguntza eta ez GKE bati. Aldaketak ez dira emango sistema asistenzialistei esker. Nire ustez, estatu demokratiko eta partehartzaile batek herriaren eskaerak entzun behar ditu. Hortik etor liteke aldakuntza eta ez momentuan momentuko laguntza horiek direla medio. Gainera, ez da ahaztu behar GKEak gobernuen babespean daudela. Zoritxarrez, oraindik ez ditugu asmatu irekiak, parte hartzaileak eta benetan demokratikoak diren gobernuak. Ana Maria Freire Araújoren argazkiak: Ainhoa Irazu Euskonews & Media 54.zbk (1999 / 11 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Agirreazkuenaga: "Ez zait egungo hezkuntz eredua gustatzen. Aurrera begira, derrigorrezko hezkuntzan, taldeak elebidunak izan beharko lirateke"

 

Irakurri

Joëlle Darricau, Christian Normand: "Euskal Herriko prehistoriarentzat toki garrantzitsu bat izan daiteke Hazparneko zentroa"

 

Irakurri

Carmelo Bernaola: "Txistua, dultzaina, esku-soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan irakatsi beharko"

 

Irakurri

Eduardo Txillida: "Bere sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz"

 

Irakurri

Blanca Gomez de Segura: "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko"

 

Irakurri