Ana Oregi. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordea: Azpiegitura handiek kritikak jasotzen dituzte, jakina, oso eragin handia daukatelako lurraldean, baina ez dira egitearren egiten

2006-01-27

BREA, Unai

Euskal Autonomia Erkidegoak ez du oso lurralde zabala, eta orografiaren erruz –edo orografiari esker- are gutxiago da erabilgarria. Lurralde antolamenduak badu bere garrantzia, beraz. Ana Oregi sailburuordearen hitzetan, “oso etekin handia lortu behar da egiten dugun guztitik”. Lurzorua agortu egiten da, agortzen denez, eta ezin da alferrik erabili. Ondoko elkarrizketan, Oregik lurralde antolamenduaren zereginez mintzatu zaigu, azken urtetako joerak zeintzuk diren azalduz.

Lurralde antolamenduaz ari gara, eta jendeak badaki gutxi gorabehera zer den hori, baina zertaz ari gara benetan? Ondo dakigu lurralde antolamendua zer den?

Uste dut baietz, badagoela halako kultura orokorra lurralde antolamenduaz. Gainera, gurea bezain txikia den eta jarduera eta biztanleria dentsitateak hain handiak dituen herrian, nahitaezkoa da lurralde ordenamenduaz hitz egitea, tradizioz hirigintza izan dena baino haratago. Hirigintza ondo ezagun dugu: udal bakoitzak ezarritako arauak, nola egin behar dira eraikinak… Xehetasun maila handiko kontuak, inondik ere. Baina badira urteak arau batzuk besteekin uztartzeko beharra sumatzen dela. Zer gertatzen da udal arteko mugetan, eta zer gertatzen da udal asko zeharkatzen duten azpiegiturekin. Horiek ondo txertatu behar dira lurraldean, ezin dira edonon eta edonola ipini. Horregatik, jaurlaritzak orain urte batzuk definitu zuen lurralde-estrategia bat, udal hesi horiek gaindituz.

Hala ere, hiritarrek lurralde antolamenduaz duten ikuspuntua zera da beharbada: non ipiniko dugu etxe bakoitza…

Bai, hala da batzutan, baina hori hirigintza da, eta niretzat argi dago desberdintasuna. Abiadura Handiko Trena, esaterako. Bistan da udal batek ezin dezakeela erabaki non egon behar duen geltokiak. Lurralde-estrategia bat egon behar da horretarako. Nola heldu lurraldeko leku bakoitzetik geltoki horretara, zeintzuk dira loturak, zer dakarkie horrek azpiegitura hartuko duten udalei… Eta zeintzuk dira udal bakoitzak eduki ditzakeen helburuak, zenbat haz daitekeen, nola… Hau da, parametro orokorrak definitu. Ez du logikoa ematen, esaterako, 30 etxe dauzkan Arabako herrixka batek 3.000 etxebizitzako hazkundea planteatzeak. Berez hirigintza-eskumena da, eta egin liteke, baina logikoa ematen du hala ez izateak, gauzak neurriz egin behar dira. Lurralde antolamenduak, beraz, parametro orokorrak ezartzen ditu, gehienezko hazkundeak… Gero, udaletxeak nahierara antolatuko du hura.

Udal guztiek hazi behar dute? Izan ere, ez da sekulako demografia-hazkunderik gurean…

Ez, demografia aldetik bere horretan gaude, ez aurrera eta ez atzera. Baina etxebizitza beharra dago, etxeak betetzeko moduak aldatu direlako. Lehen arruntak ziren hiru seme-alaba edo gehiago zeuzkaten familiak, baina une honetan, Euskadin, jaiotza-tasa 0,9 umekoa da emakumeko, oker ez banabil. Etxebizitza askotan bakarrik bizi den jendea dugu, edo bikote soilak, edo ume bakarra daukatenak… Banaketa-prozesu ugari ere badago, eta horrek etxebizitza eskaria handitzea sortzen du, biztanleria handitu gabe ere. Hala ere, hazkunde hori modu berean eman behar da lurralde osoan? Ez. Irizpide desberdinak daude. Gure kezka da -eta 1998ko lurralde antolamendu gidalerroetan ere hala jasota dago- zenbait eskualde ez ote diren hustuko. Izan ere, Euskadik badu hiri eta herri sare oparo bat. Horrek lurralde osora irisgarritasuna ziurtatzen du (mendi inguruak, landa inguruak…), eta gainera sare aberatsa da historia aldetik. Herri askok ez dute sekula edukiko leherketa demografiko handirik, baina nahikoa hazten utzi behar zaie jendearentzat erakargarriak izaten jarraituko badute. Ezin diegu hustutzen utzi, horrek -modu errazegian esanda- Euskadiko biztanleria guztia hiru edo bost gunetan pilatuta egotea eragingo lukeelako. Hiriburu batzuk edukiko ditugu, jakina, eta eskualde-buruak ere bai, baina horrez gain biztanle-dentsitate handia dugu, eta ez daukagu biztanlerik gabeko inguru handirik. Horrek aberastu egiten gaitu, eta bultzatu egin behar dugu.

Hala ere, EAEk 2.800.000 biztanle ditu gutxi gorabehera, eta horietatik milioi bat inguru Bilbo Handian bizi da, ez oso lurralde zabalean beraz. Hori arazoa da, edo beharrezkoa da Bilbo Handi bat egotea ere?

Hori aukera bat da. Bilbo autonomia erkidegoko burua da biztanleei dagokienez, eta horrek masa kritiko nahikoa ematen dio hainbat zerbitzu izateko, industria jakin bat izateko, portua… Hainbat gauza daude hor metatuta. Baina interesgarriena guretzat zera da, Bilbok ez dituela besteak jan. Donostiak eta Gasteizek badute beren izaera, eta nahikoa biztanle kopuru handia ere bai. Bilboren osagarri dira. Batzutan kritikatu egiten gaituzte horregatik, baina guk gustuko dugu euskal hiria kontzeptuaz hitz egitea. Horrek ez du esan nahi Euskadi zementuz estaliko dugunik; kontua ez da Euskadiko lurralde osoa hiria izatea, hiriak elkarren osagarri izango direla baizik. Eta gero, hiri eta herri txikiz betetako erdiko tarte horiei esker gure lurraldea hiri bakartzat har dezakegu.

Udal hazkundea kontrolatu egin behar dela esan duzu lehen. Baina batzuek biztanle asko ari dira galtzen edo irabazten azken urteetan. Halako adibideak txarrak dira?

Ez, txarrak ez dira, baina egokipena eskatzen dute. Udal batzuk modu esponentzialean hazi ziren industrializazio garaian, 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta gainera ez ziren behar bezala hazi. Herri asko datorkit burura: Barakaldo, Eibar, Elgoibar… Batzuk oso leku latzetan daude, orografia gogor batean, eta denbora laburrean biztanleria biderkatu zuten. Orain beste batzuk ari dira hazten, beste arrazoi batzurengatik, baina une hartan horiek hazi ziren, eta ez zitzaion hazkundeari behar bezala ekin, beharbada ezin izan zelako, hain azkar gertatu baitzen hura. Ez zitzaion arretarik eskaini azpiegiturei, gune askeei, ekipamenduei… Hala, leku batzutan oso hirigune nahasiak ditugu. Une honetan herri batzuek biztanleak galtzeak -eta hura gertatu zeneko herriak dira hain zuzen-, gauzak hobeto egiteko aukera ematen digu. Udalak oso jakitun dira horretaz, eta uste dut gizarteak berak ere ez lukeela onartuko, gaur egun, bizi-kalitatea bermatzen ez duen ekinbiderik. Udaletako hirigintza-egitasmo guztiak hona heltzen dira, eta planteamenduek kalitate handia daukatela ikusten ari gara. Inork ez du plangintzarik egiten ikastetxeekin, parkeekin, nagusientzako arreta-zentroekin… zer gertatuko den aurreikusi gabe.

Argi dago gaur egungo hirigintza ez dela garai bateko “hirigintzarik eza” baina, gauzek hobetzera egin arren, badugu orduko triskantza hura erabat konpontzerik?

Zaila da bai edo ez argi esatea, baina nik ezetz uste dut. Ez gara hutsetik abiatzen. Daukaguna daukagu, eta gauzak hobetuz joan behar dugu. Argi dago inoiz ez dugula hiri ideala lortuko. Horretarako, espazio hutsean hasi beharko ginateke berriro hiria eraikitzen, eta hala ere ez genuke lortuko, hirigintzaren historian hiri ideal eta perfektuak sortzeko egin diren ahaleginek porrot egin dutelako beti. Hiriaren helburua, azken batean, giza-harreman sarea osatzea da, eta hori garrantzitsuagoa da hiria polita ala itsusia izatea baino.

Hain zuzen ere, erakunde publikoek, oro har, hainbat kritika jaso dute azken urteotan, hiriak eta herriak kaleko bizitza eta jende arteko harremanak desagertzea eragin duen moduan diseinatzeagatik. Lohiriak, oso dentsitate txikiko auzuneak…

Hala da, bai. Guk oso herentzia ona jaso dugu Europatik, hiriak egiteko moduari dagokionez. Halako batean, baina, ahaztu egin zitzaigun hori, eta arkitekturako joera modernoen eraginez erabilera-guneak banatzeaz hitz egiten hasi zen. Ulertzekoa ere bada batzutan, oso industria astuna eta kutsakorra dagoenean esate baterako. Kontuak kontu, hiriak zonakatzen hasi ziren, zenbait lekutan oso modu agerikoan, erabilera-uztarketarik gabe. Eta uztarketa funtsezkoa da. Banaketaz, egunez hutsik dauden lohiriak sortzen ditugu, eta horrek arazoak sortzen ditu segurtasun aldetik, mugikortasun aldetik… Bestetik, askotan industria-gune esaten diegu berez zerbitzu-gune direnei. Hirian txertatuta egon litezke lasai asko, baina ez, parke teknologiko batetara eraman ditugu, lekutara. Horrek ondorio bera dakar: gauez oso arriskutsuak diren guneak, autoak etengabe hemendik hara… Aldi batez hiriak ondo egitea ahaztu zitzaigun, eta hori orain berriz etorri da, beste izen batez: garapen iraunkorra. Lehen esaten genuena esaten ari gara atzera: erabilerak nahastu behar direla, ez ditugula gauzak antolatu behar egun osoa autoz ibiltzera behartzen gaituen modu batean…

Oraintsu arte gertatu da hala?

Bai, dentsitate baxutan eraikitzeko joera indartsu bat egon da, oso baxutan zenbait kasutan. Joera horrek denbora luzez iraun du, eta batzutan borondate onez gainera, baina gauzak txarto ulertuta. Hau da, dentsitate baxuak ingurunearekin txertatzeko onak zirelakoan jokatu da. Oso politak dira Iparraldean ikusi ohi ditugun muino berdeak, han-hemen etxetxo zuriz zipriztinduta. Baina politagoa litzateke etxetxo horiek elkarren ondoan egotea, eta muino berdeek beren horretan jarraitzea, hainbeste auto ibili gabe batetik bestera. Hura izan zen pentsamoldea garai batean, eta orain, berriz, lehengora itzultzen ari gara. Azken urteetan eskualdeetako Lurralde Plan Partzialetan (LPP) gutxieneko dentsitateak ezarri dira; lehen gehienezkoak ezartzen ziren beti, gutxienekorik gabe. Orain, berriz, gutxieneko kopuruak ebatzi dira eta gehienekoak handitzea ere aztertzen gabiltza. Gaur egun, gehienezko kopurua estatuko legeak dauka ezarrita, eta hektareako 75 etxebizitza da. Hori, nire ustez, oso txikia da hiria egite aldera. Atseginak iruditzen zaizkigun hirietan, hau da, merkataritza daukaten hirietan, jendea oinez ibiltzen ikus daitekeen hirietan, hektareako 200 etxebizitza daude. Hain atsegina den Gasteizek hektareako 200 edo 250 etxebizitzako dentsitateak dauzka erdigunean. Baina estatuko legeak 75eko gailur hori ezarri zigun aspaldi, aurreko desarrollismoak egindako astakeriak konpondu behar zirelakoan. Orain administraziook konturatu egin gara hobe dela dentsitate handiagoak erabiltzea, geure lurraldea hobeto baliatzeko. Lurra ez baita agortezina, eta gure herriko zenbait lekutan oso agerikoa da hori. Gainera, ingurune asko gorde nahi ditugu: ingurune naturalak, ibai ertzak, parke naturalak… Hori kenduta oso eremu txikia geratzen zaigu asfaltoz estaltzeko moduan, eta ondo baliatu behar dugu.

Joera, oker ez banago, hazkundea zentrokidea izatea da…

Bai, hirigintzaren teoria bat da hori, ia leku guztietan ezartzen ari dena. Zentrokide diogunean, ez du esan nahi hiria tipula baten antzera hazi behar denik, erdigune baten inguruan. Zentrokidea da zentralitate guneetatik abiatuz, hau da, hiritarrei zerbitzu emateko gaitasuna daukaten guneetatik. Metro geltoki bat esaterako, edo tranbia geltoki bat. Etxebizitzaren prezioa ere horren araberakoa izaten da sarritan.

Baina gero eta gehiago erabiltzen dugu autoa, inaugurazio egunean bertan gainezka dauden errepideak egiten jarraitzen dugu…

Bai, egia da, beti behar dugu errai bat gehiago.

Eta hori lurralde antolamendu arazoa da, kultur arazoa, edo gauza biak aldi berean?

Biak, nik uste. Antolamendu arazoa bada, behintzat. Dena sakabanatuz, jendea autoa erabiltzera bultzatzera behartzen dugu, nola edo hala iritsi behar delako leku horietara. Eta horrek zerikusia du, baita ere, kulturarekin, gure pentsamoldearekin. Ez gaude etxean geldi. Gustuko dugu mugitzea, eta mugitzen segituko dugu gainera. Erakundeok lortu egin behar dugu autoa ez beste, beste garraiobide batzuk herritarrentzat erosoagoak izatea. Denok nahiago dugu geure autoan joan, hori oso barneratuta dago kultura indibidualista honetan. Beraz, erosoena bestea izan dadin saiatu behar gara, garraio onak eskainiz zein autoei oztopoak ipiniz. Arazoak dauzkaten zenbait lekutan -Londres, Oslo…- ekimenak izan dira horretarako, hirira sartzeko ordaindu beharra esaterako. Horrek arazo guztiak konpontzen ditu? Seguruenik ez. Baina pentsamolde aldaketa autoei oztopoak jartzearekin eta garraio publiko ona eskaintzearekin uztartu behar da.

Eta nola dago gure garraio publikoa?

Hobetzen ari da, baina asko dago egiteko. Bilboko Metroa oso adibide argia da. Ez dut pentsatu nahi zer izango litzatekeen Bilbo gaur egun Metroa egon ez balitz. Jakina, dirua eta denbora behar dira horrelakoak sortzeko; irtenbideak ez datoz egun batetik bestera. Aldiriko trenak hobetu behar dira, herri arteko loturak… Oraindik Bilbotik Gasteizera trenez ezin joatea ere! XIX. mendeko trenbide-sarea daukagu oraindik, konponketa txiki batzuekin…

Honaino ailegatuta, euskal Y-az berba egin behar dugu ezinbestean…

Nire ustez funtsezkoa da lurralde antolamendu ikuspuntutik. Trenbidea da jendea zein salgaiak eramateko modurik arrazionalena, logikoena, garbiena. Baina horretarako azpiegiturak sortu behar dira, ezin dugu jarraitu XIX. mendeko trenbidearekin!

Nolanahi ere, azpiegitura handi bat egingo dela iragartzen den bakoitzean, kritikak datoz…

Jakina. Azpiegitura handiek eragin itzela dute lurraldean, eragina paisaian eta eragin fisikoa. Tunel bat egiteko, adibidez, mendia apurtu behar da; lur eta haitz asko mugitu behar da, eta norabait eraman. Baina uste dut kalte horiek onurekin alderatu behar dira. Norbaiti bururatu zaiolako egiten dugu Abiadura Handiko Trena? Ez. Gehiegizko trafiko arazo bat daukagulako egiten dugu, eta helburu argia daukagu: gure lurraldean dabiltzan kamioi-ilara amaiezin horiek gutxitzea. Bestela, laugarren erraia beharko dugu errepidean, eta bostgarrena, eta seigarrena… Eta hala agortuko zaigu lurraldea. Eredu hori eutsi edo aldatu, horixe da erabakia. Ni neu behintzat aldatzearen alde nago, eta esan beharrik ez dago sail oso hau AHTaren alde dagoela, guztiz beharrezkoa dela uste dugu.

Herri txiki askok kosta ala kosta hazi nahi dute, bestela ez zaielako hainbat zerbitzu iristen. Ez daukate kutxazain automatikorik, ez daukate autobus geltokirik, ez diete zuntz optikoa ipini nahi…

Hazi egin behar dute, bai, baina neurriz. Ezin gara denak aldi berean hazi. Nork bere ahalmenaren arabera egin beharko du, eta horrek batzutan zerbitzuak sortzen ditu eta beste batzutan ez. Hala ere, baliteke herri batek zerbitzurik ez edukitzea, baina aldamenekoak bai. Beraz, bi herri horien arteko komunikazio egokia egotea lortu behar da. Lurraldea egituratu behar da biztanle guztiek zerbitzuez ondo gozatu ahal izateko moduan, baina ez derrigorrez norberaren udalerrian. Bizkaian, esaterako, oso ohikoak dira hiru baserrik osatutako nukleoak. Zer egin behar da hangoek zerbitzuak eduki ditzaten, 300 gehiago eraiki? Ez da hobe 300 horiek alboko herrian egotea, eta hiru baserri horiek herri horrekin lortzeko modu bat aurkitzea? Zaila da oreka lortzea, baina gure herrigune txikien izaerari ere eutsi behar diogu. Inori ez litzaioke gustatuko gune txikiak galtzea, dena izatea etangabeko hiria.

Eusko Ikaskuntzak berriki egin du bere XVI. Kongresua, garapen iraunkorrari buruz hain zuzen. Kongresuko lehendakaria, Nicolas Gaminde izan genuen Euskonewsen, eta esan zigun Euskadin oso txarto gaudela lurzoru kudeaketari dagokionez… Lurzorua kudeatzea zaila da. Ezin da lurra alperrik erabili, oso etekin handia atera behar zaio edozein kudeaketari. Pentsatzen dut Gaminde “desarrollismo” garaian egindako kudeaketaz ari zela gehienbat. Hori da daukagun herentzia. Bestalde, lurzoru kudeaketarako dauzkagun tresnak estatuak 1956an ezarri zizkigunak dira, eta ordudanik ez dira ia aldatu ere egin. Hiru modu dauzkagu lurzorua kudeatzeko: desjabetzea –legaren arabera azken aukera izan behar du horrek-, lankidetza eta konpentsazioa. Azken hori da gehien erabiltzen dena. Horrek oso garrantzi handia ematen die lur jabeei; administrazioak lanabes asko dauka epeak betearazteko eta beste gauza batzuetarako, baina hala ere legeak aukera asko ematen die jabeei, eurek nahi dutena egiteko. Ondorioz, leku askotan atzerapenak izan dira; jabeak badauka itxarotea, bere nahien arabera. Hala, lurraren prezioa handitu egiten da, espekulazioa dator, eta hor ditugu adibidez etxebizitzen prezioak. Arazo hau oso antzera ari da gertatzen Europa osoan, eta zaila da konpontzea. Lur jabetzaren egiturak ekarri gaitu honaino, ia lur guztia pribatua da eta. Ana Isabel Oregi Bastarrika

(Eibar, 1965) -Hirigintza-arkitektura ikasketak, Nafarroako Unibertsitateko Goi-Mailako Arkitektura Eskola Teknikoan. -Hirigintza-zuzenbidean diplomatua -Musika irakasle ikasketak, piano espezialitatea -Gasteizko udaletxeko funtzionarioa izan da hainbat urtez, hirigintzarekin zerikusia daukaten karguetan askotan -2000ko uztailean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko ordezkari izendatu zuten Araban. -2001eko uztailean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendari -2001eko irailean, Eusko Jaurlaritzako uren Zuzendari -Iazko uztailetik dauka gaur egungo kargua
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Anari. Kantaria: Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det

 

Irakurri

Tontxu Campos. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua: Oraingo Espainiako gobernuarekin, “talantea” dela-eta, aurrekoarekin baino hobeto konpontzen gara, baina Hezkuntzarako Lege Organikoaren bidez gure ahalmenak urratzen dituzte

 

Irakurri

Maddi Irigoyen. Zientzilari eta euskaltzalea Parisen: Gernika taldera, 68 urteetarik landa, hego Euskal Herriko gazte asko etorri ziren ; garai batean, hegoaldekoak iparraldekoak bezainbat ziren, ongi ginen Euskal Etxean

 

Irakurri

Harkaitz Cano. Idazlea: Irakurtzea eta idaztea ariketa berbera da

 

Irakurri

Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailburua: Ezin da giza eskubideen artean bereizketarik ezarri, denak defenditu behar dira

 

Irakurri