Anjeles Iztueta: "Euskal unibertsitate sistema Europan ezagutarazi behar dugu"

2003-06-05

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Anjeles Iztueta Anjeles Iztueta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua "Euskal unibertsitate sistema Europan ezagutarazi behar dugu" * Ismael Diaz de Mendibil Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila euskal unibertsitate sistemari buruzko lege bat prestatzen aritu da, hemendik gutxira Eusko Legebiltzarrean aztertu, eztabaidatu eta bozkatzeko. Aipaturiko lege honek bi helburu garbi ditu: unibertsitatea indartzea, eta esparru europarrean txertatzen laguntzea. Hau guztia xehetasunez azaldu digu Anjeles Iztueta sailburuak, berarekin izandako elkarrizketan. Zertan da Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legea? Orain bertan lege aurreproiektu bat da. Unibertsitate publikoak eta bi unibertsitate pribatuek bidali zizkiguten emendakin guztiak aztertu ditugu, eta baita ere eragileek eta pertsona ezberdinek helarazi zizkigutenak. Guztira, 150 emendakin inguru jaso ditugu, eta hauetako asko erantsi dizkiogu testuari. Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak aurreproiektuari onarpena ematen dionean, Eusko Legebiltzarrari pasako zaio, eta hor ponentzia bat eratuko da, emendakinak aztertu eta eztabaidatzeko. Nik uste ekainerako onartuta egongo dela. Beraz, datorren urtean sartuko da indarrean. Eta nolatan orain lege hau? Boloniako Adierazpen europarrak ezartzen du Europako unibertsitate guztiek parametro batzuk bete behar dituztela. Ikasketa planek eta irakaskuntzak, besteak beste, adierazpen horretan jasotakora egokitu beharra daukate. Gainera, euskal unibertsitate sistema Europan ezagutarazi behar dugu, eta, aldi berean, Europako unibertsitateak hemen ezagutzera eman. Horrek ikasle eta irakasleek mugikortasuna izatea eskatzen du. Horrek zer esan nahi du, euskal unibertsitariek aleman, frantses edo austriarrek ikasten dituzten ikasgai eta kontzeptu berdinak landuko dituztela? Helburua hori litzateke, baina ezin da egun batetik bestera lortu, besteak beste herrialde bakoitzak abiapuntu ezberdina daukalako. Hala ere,Europan dagoeneko ari da sortzen espazio unibertsitario berri hori. Boloniako Adierazpenak, esaterako, Europan ikerketak egiteko espazio bakar bat egon dadila aurreikusten du. Baina kontuan izan behar dugu gaur egungo errealitatea erabat ezberdina dela, zeren eta herrialde bakoitzean urte kopuru ezberdina behar da titulazio bat lortzeko, edukiak ere ezberdinak dira, etab. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak islatuko al du unibertsitate publiko eta pribatuen elkarbizitza? Bai. Garbi esaten du unibertsitate publiko bat eta bi pribatu dauzkagula. Azken hauek izango lirateke alde batetik Deustuko Unibertsitatea, Elizarena, eta Mondragon Unibertsitatea, talde kooperatibo batena. Gainera, kontuan izan behar dugu une jakin batean unibertsitate berri bat ere sar daitekeela sistema horretan. Erabaki hori hartzea, dena den, Legebiltzarrari dagokio. Beste alde batetik, legeak euskararen eta euskal kulturaren inguruan aritzen diren nazioarteko unibertsitateekin harremanetan egotea aurreikusten du, ezin baitugu ahaztu nolako lana egiten ari diren, besteak beste, Oxford, Reno, Nevada edo Frankfurteko unibertsitateak. Orain arte, unibertsitate publiko eta pribatua bi errealitate antagoniko bailiran agertu zaizkigu. Zein paper izango du aurrerantzean bietako bakoitzak? Euskal unibertsitate sisteman, Euskal Herriko Unibertsitateak du zentralitatea, unibertsitate publikoak, baina horrek ez du esan nahi eginahal guztiak unibertsitate publikoan bildu eta Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea bazterrean utziko ditugunik. Hauek ere zerbitzu bat eskaintzen diote euskal gizarteari, eta helburu estrategiko batzuk betetzen dituzten heinean, beren lekua izango dute euskal unibertsitate sisteman, eta fondo publikoak jasoko dituzte. Baliabide gehienak unibertsitate publikoari bideratuko zaizkio, bertan daudelako ikasle eta irakasle gehien, baina unibertsitate pribatuek ere zabalik izango dute atea. Bi errealitateak behar bezala uztartzen eta osatzen baldin baditugu, helburuak,fondoak eta arrakasta guztiontzat izango dira. Baina hori ez genuke Euskadin bakarrik egin beharko; Europako beste unibertsitate publiko eta pribatuekin ere gauza bera egin beharko genuke, besterik ez bada helburu horrekin ematen diren fondo publikoak jasotzeko. Curriculum akademiko bikain bat izateko, oraindik ere balio handiagoa al du unibertsitate pribatu baten tituluak publiko batekoak baino? Ez. Argi eta garbi, ez. Unibertsitate publikoak dagoeneko erakutsi du bere maila. Kalitatea ez dago unibertsitatea publikoa edo pribatua izatearekin lotuta. Batzuek kontrajarri egiten dituzte unibertsitate publikoaren eta pribatuen eskaintzak, baina kontua da elkarren osagarri direla, unibertsitate bakoitzak bere ezaugarriak dauzkan arren. Aurrerantzean nork erabakiko du ikasketa berriak non eta nola ezarriko diren? Aurrerantzean Unibertsitateen Euskal Kontseiluak koordinatuko ditu indarrak, eta berak hartuko ditu erabakiak. Oraingoz unibertsitate bakoitzak hartzen ditu bere erabakiak, baina hemendik gutxira Kontseiluak finkatuko du titulazioen mapa. Bere helburu nagusietako bat, lurraldeen artean oreka mantentzea izango da. Euskal unibertsitate sistemaren helburua ez da baliabide ekonomikoak elkarbanatzea bakarrik, baizik eta lehenik eta behin, eta euskal gizartearen onerako betiere, helburuak bateratu nahi ditu. Legeak eleaniztasuna ere aipatzen du, nahiz eta gure gizartean elebitasuna oraindik ez den erabatekoa. Noiz egongo da edozein ikasketako edozein ikasgai euskaraz zein gaztelaniaz ikasteko aukera? Hizkuntzaren normalkuntzarako politikarekin zerikusia daukaten alderdi guztietan pixkanaka eman behar dira pausoak. Etenik gabe, baina pixkanaka. Dagoeneko eman ditugu batzuk, baina bistan da gehiago eman behar ditugula. Ikasleen erdiak euskaraz egiten du selektibitatea. Beraz, errealitatea horrelakoa dela ikusirik, unibertsitate guztiek, eta are gehiago publikoek, erantzun egoki bat eman behar diote gizartearen eskariari. Eta pribatuek ere bai, fondo publikoak izatenjarraitu nahi badute. Baina ez kontseilariak agintzeagatik, baizik eta euskal gizarteak eskatzen duelako. Hemendik hamabost urtera, gaur egun ikasleen erdia dena ia %100 izango da. Kontuan izan behar da hiru urteko haurren %92 eredu euskaldunetan matrikulatzen dela. Eskaera horri erantzun bat eman behar diogu. Baina, hemendik aurrera, ez dugu euskara eta gaztelaniarengan bakarrik pentsatu behar. Gure xedea Europan integratuko den euskal unibertsitate sistema bat lortzea baldin bada, ingelesa, frantsesa edo alemana ere sartu behar ditugu gure irakaskuntzan. Horregatik hitz egiten du legeak eleaniztasunaz. Nolanahi ere, 25 urtetan bide erdia bakarrik egin baldin badugu elebitasunari dagokionez, beste hainbeste urte edo gehiago beharko ditugu eleaniztasunera iristeko. Bai, hala da, baina horrelako legeak ez dira bizpahiru urtetarako egiten, baizik eta hamar edo hamabost urtetarako, etorkizunari begira. Denborarekin, eskolak ingelesez, frantsesez edo alemanez emango dira. Unibertsitatera sartzen diren ikasleen artean, gero eta gehiago dira hirueledunak, euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzen dituztelako, eta hemendik hamar urte barru askoz ere gehiago izango dira. Beraz, panorama erabat ezberdina izango da. Elebitasunari dagokionez, egia da bide erdia bakarrik egin dugula. Horregatik, legeak aurreikusten du euskarak behingoz unibertsitateko hizkuntza izatera iritsi behar duela. Aldaketa positiboak egiteko bitartekoak jarri behar ditugu, eta euskara garatzen jarraitu. Ikasgaien arloan, adibidez, asko dago egiteko, arlo batzuetan besteetan baino gehiago. Atzera begiratuz gero, konturatzen gara azken 20 urteotan asko aurreratu dugula, baina orain datozen urteetan zer egin pentsatu behar dugu. Elebitasunari dagokionez, unibertsitate pribatuari, eta bereziki Deustukoari, bide luzea gelditzen zaio oraindik. Bai, besteei baino luzeagoa. Unibertsitate bakoitzak helburu errealistak izango ditu hizkuntzaren normalkuntza erdiesteko, ez baitira gauza bera Deustuko Unibertsitatea,Mondragon Unibertsitatea eta unibertsitate publikoa. Aipatu diguzun guztia garrantzitsua da oso, baina funtsezkoena falta zaigu: finantzaketa. Euskal unibertsitate sistemak baliabide publiko eta pribatuak izango ditu, baina legeak baliabide publikoak bakarrik arautzen ditu. Eta hiru printzipio finkatzen ditu: baliabide aski izatea, helburu batzuk izatea, eta erantzule izatea. Hau da, alde batetik, unibertsitateari egonkortasuna emango dioten baliabide ekonomikoak behar dira, behar adina; beste alde batetik, baliabide horiek helburu bat izan beharko dute; eta, hirugarren, erantzukizunez jardun beharko dugu, diru publikoa nola erabiltzen dugun kontrolatuz. Dena den, legeak ez ditu baliabide ekonomikoak bakarrik aipatzen; giza baliabideak ere arautzen eta hobetzen ditu, eta hemen, alderdirik azpimarragarriena, malgutasuna litzateke. Unibertsitatean, lehendabiziko aldiz, karrera funtzionarialaz gain, karrera kontraktuala ere egongo da. Horrela, unibertsitatetik kanpokoko pertsona bat denbora osorako edo partzialerako kontratatzeko aukera egongo da. Eta honek, gainera, unibertsitateen arteko mugikortasuna sustatuko du, bai irakaskuntzan, bai ikerketan. Beraz, labur esanda, etorkizunean kontratatzeko askoz ere aukera gehiago izango ditugu. Nahi izanez gero, ikastaro jakin baterako, Herbeheretako irakasle ospetsu bat kontratatu ahal izango da. Eta honek hobetu egingo ditu unibertsitateak enpresekin dituen harremanak, eta baita ere gizartearekin dituenak. Gizarte guztiek daukate unibertsitate onak izateko beharra. Herri batek ezin du aurrera egin unibertsitate sistema trinkorik ez baldin badu. Kalitatezko unibertsitaterik ez duten herrialdeak guztiz menpekotuta egoten dira. Legearen printzipioekin bukatzeko, kalitatea ere aipatu beharko. Bai, baina ez printzipio gisa bakarrik, baizik eta baita tresna bezala ere. Kalitatea hiru arlotan aplikatu behar da: kudeaketan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Kalitatearen eta Akreditazioaren Euskal Agentzia arduratuko da hiru arlo horietankalitatez jardungo dela aztertu eta ziurtatzeaz. Behar bezainbeste inbertitu al da azken urteotan? Bai. Azken 20 urteotan, adibidez, zientzia eta teknologian inbertsioa 20 aldiz handiagoa izatea lortu dugu. Baina gehiago inbertitu behar dugu. Gure helburua izango litzateke 2010. urtean EAEko barne produktu gordinaren %3 egitasmo zientifiko eta teknologikoetara bideratzea. Euskal unibertsitatearen finantzaketa Ameriketako Estatu Batuetako sistemarekin alderatuko bagenu, berehala jabetuko ginateke zerbait aldatu beharra daukagula. AEBetako unibertsitateek beren baliabide ekonomikoen heren bat matrikulen bidez lortzen dute, beste heren bat diru publikoaren bidez, eta azken herena, eta hau bai dela benetan azpimarragarria, enpresa pribatuek finantzatzen dute. Gure unibertsitateen aurrekontuaren %90, ordea, fondo publikoetatik dator. Esan beharrik ez, AEBetan matrikulak askoz ere garestiagoak direla. Beraz, gehiago ordaindu beharko dugu? Ez, ez dugu gehiago ordaindu beharko, baina fondo gehiago lortu beharko ditugu. Dauzkagun baliabideekin eraginkorragoak izaten ikasi behar dugu. Enpresa pribatuak erakarri behar dugu. Eta gure gizartearentzat estrategikoak edo lehentasunezkoak diren helburuak betetzen laguntzen badugu, fondo europarrak ere lortuko ditugu. Zenbaiten esanetan, lege honen bitartez handitu egingo da kontrol politikoa, eta autonomia unibertsitarioa, berriz, murriztu. Hori demagogia hutsa da. Legeak Europa mailan puntako sistema izateko asmoarekin arautzen du gure unibertsitate sistema. Eta fondo publikoez ari gara, beraz erantzukizunez jokatu beharra dago. Asko aldatuko al dira titulazioak? Aldaketa garrantzitsu batzuk izango ditugu datozen urteotan. Gizartea aldatzen doan heinean, lan merkatua ere aldatu egiten da, behar ezberdinak sortzen direlako. Titulazioen iraupena, edukia eta malgutasuna aldatu egingo dira. Gehiago irekiko dira, ez daitezen hain zurrunak izan. Anjeles Iztueta (Tolosa, 1954) Anjeles Iztueta 1954ko urriaren 16an jaio zen, Tolosan (Gipuzkoa).Ezkonduta dago eta hiru seme alaba ditu. 1977an Matematika Zientzien ikasketak amaitu zituen Valladolideko Unibertsitatean. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua euskal Administrazioaren, euskararen, Unibertsitatearen eta estatistikaren munduan murgilduta dabil, baina ez lanbidea hori duelako bakarrik, baizik eta baita gai hauekiko benetako grina sentitzen duelako ere. Argazkiak: Lehenengo biak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak utziak. Egilea: Mikel Arrazola. Ondorengoak, Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05 30 / 06 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

René Cassin: "Beti defendatu izan du ideal bera: Bakea azken bururaino"

 

Irakurri

Ramiro Larrañaga: "Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen"

 

Irakurri

Joaquín Achucarro: "Lanbide honen zirrara, hari-harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du"

 

Irakurri

Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

 

Irakurri

Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut".

 

Irakurri