Antonio Campos: "Ikastolak ez dira ikastetxeak soilik, atzean filosofia bat dute"

2001-07-06

IRAETA USABIAGA, Ainara

Elkarrizketa: Antonio Campos Antonio Campos, Ikastolen Konfederazioko lehendakaria "Ikastolak ez dira ikastetxeak soilik, atzean filosofia bat dute" * Ainara Iraeta Usabiaga Antonio Campos 1942an jaio zen Orion. 1980 urtetik Ikastolen Konfederazioko lehendakaria da. Hala ere, 1978an, Gipuzkoako Ikastolen Federazioarekin lehen harremanak izan zituen eta Jose Antonio Zaldua eta Inaxio Oliverirekin lan taldea osatu zuen. Azken honek kargua utzi zuenean, izendatu zuten lehendakari. 21 urte hauetan, ikastolek izan duten garapena eta jasan dituzten aldaketak bizitu ditu. Betidanik, herri mugimenduen aldeko gizona, ikastolak gizartearen proiektu direla sinestu eta defendatzen du. Zein da Ikastolen Konfederazioaren eginkizuna? Ikastolek sortu zirenetik, beste eskolek bere kabuz lortzen zutena edukitzeko zailtasun ugari izan zituzten. Horregatik, hasieratik, erronka eta traba ugari gainditzeko batu egin behar zirela oso garbi izan zuten. Konfederazioa beraz, Euskal Herriko ikastolen zerbitzuan dagoen eta laguntza bat eskaintzeko funtzioa duen elkartea da. Konfederazioa bost federazioz osatua dago: Iparralderako Seaska, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Ikastolen Federazioak. Bi arlotan zentratzen da Konfederazioaren laguntza: alde batetik, arlo ekonomikoan, argi baitago ikastolak ez liratekeela aurrera aterako gurasoen diru kuota batzuekin soilik: dirulaguntzak beharrezkoak dituzte. Talde bat elkartzen denean, laguntza horiek bideratzea askoz errazagoa izaten da eta hauxe litzateke Konfederazioaren bete beharra. Bestetik, laguntza pedagogikoaren arloan, heziketarekin lotura zuzena duten zerbitzuak behar dituzte ikastolek: testugintza, irakasleen prestakuntza, berrikuntzak... Batasuna ere beharrezkoa da honetarako. Partaidetza sozialik ba al dago Ikastolen Konfederazioan? Gaur egungo gizartearen dinamikak agintzen duen eta ezartzen dituen bete beharren ondorioz, gurasoek gero eta denbora libre gutxiago dute eta erabakiak langileen esku uzten dituzte. Zorionez,erakundean oso profesional onak ditugu, baina honek baditu bere arriskuak: gehiegi profesionalizatzea kaltegarria izan daiteke kasu honetan, haustura bat egon daitekeelako. Gure haurren heziketaren erantzukizuna ezin da eskolen esku gelditu, familiek eta gizarteak orokorrean ere, parte hartu behar dute. Gaur egun ordea, bakoitzaren eginkizunen muga ez dago oso argi. Bakoitza bere tokia bilatzen ari da. Zer gertatu zen Euskal Eskola Publikoaren legearekin? 1993 urtean, Euskal Eskola Publikoaren legea indarrean sartu zen eta erabaki zaila hartu behar izan zuten ikastolek; ordura arte bezala jarraitu, hau da, juridikoki pribatuak, baina zerbitzu publiko bat betez, edo bide publikoa hartu, administrazioa izanik ikastolen jabea. Bi jabetza motatako ikastolak sortu ziren. Zer ondorio izan zituen banaketak Ikastolen Konfederazioaren baitan? Ikastolen Konfederazioa haustura baten aurkakoa zen, azken finean, iragan eta ezaugarri berdinak baitzituzten. Ikastola askok jabetza publikora pasa behar izan zuten, nahi edo ez, arazo ekonomiko ugari zituztelako. Argitu beharra dut jabetza dela publikoa, pribatu bezala kontsideratzen direnek ere, betekizun soziala baitute eta jabetza berriz, ez da pribatua, gizartearena baizik, gurasoena. Gure ikastolak ez dira erakunde pribatuak, gizartearenak dira. 1995 urtean PARTAIDE sortu zen eta Euskal Autonomi Erkidegoan, eredu pribatuan geratu ziren ikastolen behar ekonomikoei erantzuteko helburua zuen. Ikastolen Konfederazioak ordea, Euskal Herriko ikastola guztien behar pedagogikoei eskeiniko zien arreta. Hauxe izan zen hasiera batean erakunde eta funtzio banaketa. Momentu honetan ordea, Konfederazioan, jabetza soziala duten ikastolak daude bakarrik, hau da, pribatu bezala ezagutzen direnak. Jabetza publikoko ikastolak poliki poliki bertatik atera ziren, jabetza aldatzean, gauza ugari aldatzen direlako. Zer zentzu du orduan gaur egun banaketa honek? Momentu honetan elkartze prozesuan gaude, uztarketa juridikoaren planteamendua izenaz ezagutzendena. Garai batean izan zen banaketa hori gainditzeko ahaleginean, egoera berri batera iristeko asmoz. Formulazio egokienaren bila gabiltza. Zeintzu izan dira Ikastolen Konfederazioaren lorpen nagusiak? Pedagogikoki ikastolak aintzindari izan dira hainbat eta hainbat alorretan. Ikastolak hasi zirenean, ez zen euskal testugintzarik, ez zegoen irakaskuntza euskaldunik, ez eta etorkizunean izan zitekeenaren itxaropenik ere ez: ez zegoen ez irakasle, ez testu,ez liburu... Ezertxo ere ez. Garaia iritsi zenean, testugintza kanpotik ekarri eta itzultzearen edota geure testugintza egitearen artean erabaki beharra zegoen, eta bigarrena aukeratu genuen. Ikastolen Konfederazioak gauzatu zuen lan hau eta gaur, testugintza erabat euskalduna dugu, maila handi batean, Konfederazioak sortua. Gaur egun, hemen sortzen den testugintza ez da ikastoletan bakarrik erabiltzen, euskal irakaskuntza ematen den toki guztietan baizik, publiko, pribatu... Testugintza hau beste lorpen handi batekin zuzenki erlazioan dago: irakasleen prestakuntzarekin hain zuzen ere. Metodologia berriak aplikatuz, liburuak argitaratzeaz gain, irakaslea irakasteko prestatu da. Lorturiko beste helburu bat, eleaniztasunarena izan da: egun, hainbesterako garrantzia hartzen ari den ideia hori, orain dela hamar urte hasi ginen ikastoletan garatzen. Garai hartan bazen bi lengoaien arteko oreka defendatzen zuen korronte bat, beti ere, hizkuntza indartsu eta ahul baten aurrean gaudela kontutan izan gabe. Kasu honetan, ezinezkoa da berdintasun orekatu bat lortzea, galtzaile argia euskara izango litzatekeelako. Egoera honen aurrean, gure planteamendua beste bat izan zen: haur euskaldunak ez zuen elebiduna izan behar, eleanitza baizik. Haurrak behar zituen jakin gutxienez 3 edo 4 mintzaira, eta hauen artean, euskara izan behar zen hizkuntza ama, hemengoa delako eta geurea delako. Hau ikastoletan sortutako ideia da, nahiz eta orain eskola guztietan zabaldu den. Ideia kanpora ateratzean, Konfederazioak eleaniztasunaren inguruansortutako testu eta metodologiak atzerrira atera eta ideiak oihartzun handia izan du. Baina ez hemen aplikatu dugun bitartean, kanpora atera dugunean baizik. 1998 urtean, Kalitatezko Sari bat jaso genuen, Hezkuntza Ministeritzako buru zen Esperanza Agirreren eskutik, Europako Parlamentuaren gomendioz. Oso pozgarria izan zen, gure lanaren onespena zelako, bertako irakasleentzat batez ere, besteak baino gutxiago ez zirela ikustea, eta jakitearen lasaitasuna. Askotan entzun izan da ikastolak 3. bidea zirela. Non kokatzen da ikastola gaur egun eta non kokatzea nahiko luke Ikastolen Konfederazioak? Aspalditik arrastaka daramagun zama da hau. Juridikoki bi eskola mota daude, publikoak eta pribatuak bezala ezagutzen ditugunak. Gu lege horren baitan, alor pribatuan gaude, baina ez gaude inola ere planteamendu honekin ados. Ikastola gizartearena izan behar dela uste dugu eta horren defentsan ari gara, lortu arte jarraitzeko asmoarekin. Ikastolari begirune bat zor zaio. Zerbitzu bat eskaintzen ari gara baina ez dugu jabetza publikorik onartzen, titularra gizartea izan behar delako, batez ere, gurasoak. Gure seme alaben heziketa dago jokoan, eta hori nork erabaki behar du, gobernuak? Gure ustez, gurasoek erabaki behar dute, gobernuaren neurriak eta dirulaguntzak etab. errespetatuz, baina kontrolak gizartearena izan behar du. Horregatik ikastola, berez, ez da euskaraz irakasten duen ikastetxea soilik, irakasteko formula ezberdina eta eskola ulertzeko ikuspuntu bat da. Ikastola beraz, ez da sistema juridiko honetan kabitzen? Ez, ez da kabitzen. Gure filosofian diruari etekin gehiago aterako genioke administrazioaren gestioaz baino. Enpresa munduan adibidez, gobernuak ez luke inoiz horrelakorik egingo; administrazioak laguntzak bideratzen ditu, bertako gizarte zoragarri honek erabaki dezan. Hauxe irakaskuntzan egiteko arazo izugarriak daude. Arazo guzti honek oinarri politiko bat al du? Hezkuntzaren mundua politizatu nahi da. Barruko jendea oso gustora dago ez dugu inongo arazorikizan, gurasoek egiten dugun guztia ezagutzen dutelako. Erasoak kanpotik datoz, guztiz planifikatua dagoen euskararen aurkako kanpaina baten barnean, ikastolari ere erasoaldi ugari egin zaizkio. Euskara desagertuko balitz beste zenbait arlo politikotan eragina izango lukeela pentsatzen dute batzuk. Euskara desagertuz gero, Euskal Herria ez litzake "euskal herri" izango behintzat, beste izen bat beharko luke. Guretzako garrantzitsuena gure gurasoak ados eta pozik egotea da baina eraso mediatiko honekin, kezkak sortzen zaizkigu, aita ama batzu beldurtuko direnaren kezka. Guk gure eskola defendatzen eta gidatzen dugu, gure haurren eskola eta haientzat hoberena nahi dugu dudarik gabe. Nolako egoera bizi du euskarak Nafarroa eta Iparraldean? Askoz egoera osasuntsuagoa du orain euskarak bi tokietan. Iparraldean urte askotan hizkuntzak indarra galdu ondoren, orain berreskuratzen ari da. Frantzia estatu indartsua da eta zailtasun ugari jartzen dizkio hizkuntzaren garapenari. Honen aurrean elkartasun ekonomikoa aplikatzen da, ez guk nahiko genukeen moduan, beti ere larritasun ekonomikoa ikastola guztietara iristen baita. Euskara orain indar handiarekin hazten ari da bai Iparraldean baita Nafarroan ere. Nafarroako gobernua ordea, guztiz aurkakoa da. Honen aurrean, horrelako hizkuntza zaharra galtzea bekatua litzatekeela pentsatzen dute nafartar ugarik. Horregatik bakarrik hizkuntzaren aldekoak dira eta ikasten dute; indar guztiak aprobetxatu behar dira. Argazkiak: Ainara Iraeta Usabiaga Euskonews & Media 130.zbk (2001 / 7 / 6 13) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Vicente Ameztoy: "Pintatzen dudan koadro bakoitzarekin nire burua txunditzen saiatzen naiz"

 

Irakurri

Amaia Ilarduya: "Nekazalturismoari esker, ezagutu ere egiten ez ditugun gauza asko ikus ditzakegu"

 

Irakurri

Alicia Castellanos: "Erbesteratu errepublikarrei esker onetsi zuten atzerrian mundu latinoamerikarra"

 

Irakurri

Mirentxu Purroy: "Kazetari baten lanabes nagusiak etika, zintzotasuna, eta jendeari iritzi propioa askatasunez hartzen lagunduko dion informazioa emateko gaitasuna dira"

 

Irakurri

Pedro Salaberri: "Nik nire koadroetan bizitzeko pintatzen dut; burua lasaitzeko lekuak dira, begiradaren bainuetxeak"

 

Irakurri