Antton Valverde. Musikaria: Xabier Lete eta biok osagarriak ginen

2011-06-10

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Kantua eta musika arteak dira, bakoitza bere aldetik. Bata eta bestea uztartzen direnean, emaitza sakonagoa, hunkigarriagoa, ederragoa gerta daiteke. Hori hala izan dadin ezinbesteko osagaia dugu kantu eta musikaren transmisorea. Kantu eta musika transmisorearen berezko dohainei gehitzen bazaie horren giza-sentsibilitatea, askoz emaitza hurbilagoa lortzen da. Entzulea interpretea ia-ia ukitzeraino iristen da. Eta publiko eta musikariaren arteko zubia intimoagoa bilakatzen da.

Enpresa eta arterako zaletasun handia zuen sendi batean jaioa zara. Euskalgintzan modu bereziz argitu zuen pertsonaia baten semea zaitugu... Errekrea ezazu, arren, zure haurtzaroa arte-giro haren inguruan...

Hasi beharko nuke esaten nire aita zenak sekulako eragina izan zuela gu anaia-arreba guztiongan. Pintore, arte gizon, idazle eta enpresa baten jabe eta zuzendaria zen nire aita, Antonio Valverde “Ayalde”. Enpresaren eraikinean bertan jaio nintzen; beraz, esan daiteke inprimatzeko makina baten azpian munduratu nintzela. Eta han bizi ginen eta horrek betirako markatu ninduen. Eta, jakina, artearekiko aitaren zaletasunak diziplina ugariko jende askorekin harremanak edukitzeko aukera eman zidan txiki-txikitatik.

Beste edozeinek egin zitzakeen ikasketak amaituta karrerari ekin nion Donostiako ESTEn. Baita bukatu ere. Eta ia-ia predestinatua nengoelako sendiaren enpresarako, han hasi nintzen beharrean. Lana izan da nire bizitzaren gauzarik inportanteena. Ez nintzen sekula musika eta kantagintza nire ogibidea egitera ausartuko. Lanean aritu izan naiz jubilatu arte eta bitartean artea ere garatu dut, enpresaren gaineko ardurak eskainitako aukera aprobetxatuz.

Aitaren bi profil haiek —industria grafikoaren jabe izatea eta arte— bide eman zuten enpresatik orduko artista asko eta asko igarotzera. Erretinan iltzatuta daukat oraindik ere Nestor Basterretxea, inprimatzeko plantxa baten gainean eta arkatz litografiko bat eskuan bere kartel bat diseinatzen ari; Jorge Oteiza mila aldiz pasatu zen bertatik; Bidasoa eskolako pintore guztiak ere bai, katalogoak egiten genizkielarik... Horrek nire arte zaletasunerako biziki markatu ninduen.

Baina ez zen hori sendiaren arte bide bakarra. Nire izeba bat, Maria Josefa Valverde, organo jolea genuen eta Jesus Guridiren ikaslerik maitatuena izan bide zen. Guridiren organo katedra izebak eskuratu zuen hark utzitakoan. Harremana estua zuen gurekin eta udetan gurera etortzen zenez gero musika giroz betetzen zen Donostiako gure etxea eta musikari asko ezagutu ahal izan nituen, besteak beste, Guridi, Aita Donostia eta Urteaga. Horrek ere eragina izan zuen nigan.

Garbi dago aitaren arte mundu haren xarmaz zipriztindu zinela. Baina noiz konturatu zinen zuk ere balio zenezakeela mundu artistikorako...

Musikarako dohainak banituela txikitatik jakin nuen, baina sekula ez nuen pentsatu horretara dedikatuko nintzela. Pianoa izan zen nire instrumentua baina lagun artean gitarra ere jotzera ausartzen nintzen. Suertatu zen Zeruko Argiatik eskatu ziotela nire aitari egutegi baterako argazkiak prestatzea eta beste batzuek artean Lurdes Iriondo eta Xabier Lete aukeratu zituen. Oiartzungo gure etxean erretratatu genituen eta aitak adierazi zien ni ere gitarra zalea nintzela eta haiek animatu ninduten kantatzera. Aitak ere gauza bera egin zuen eta horrela hasi nintzen. ESTEn amaitu ondoren gertatu zen hori, hogeita bost urterekin.

Zure lehen diskoa, argitaratu bezain laster entzuteko aukera izan nuen. Oteizaren gaineko zure Hutsa barneraino sartu zitzaidan. Hain garbi al zenuen ideia hori?

Garai batean Jorge Oteiza, uda partean ia egunero joaten zen Oiartzungo gure etxera, bere emaztearekin. Lanbretta batean egiten zuten bidaia. Noizik behin eztabaida luzeak izaten ziren bera eta nire aitaren artean. Sesioaren ardatza, gure herriaren baitan inportanteena zer zen defendatzean zetzan: historiaurrea —kromletxak eta abar— edo hizkuntza. Eta aitak poesia batean horixe islatu zuen, beraien arteko desadostasuna, hain zuzen, aitak —noski— hizkuntza defendatuz.

Nola eman zenuen diskorako saltoa?

Ordurako jendaurrean birritan edo agertu nintzen bakarrik. Baina hartu emana nuen Iñaki Beobiderekin, enpresatik sarritan igarotzen zen-eta. Eta hark esan zidan Bartzelonatik Edigsa disko etxeko Jauma Gratacós teknikoa zetorrela Urnietako La Salle ikastetxera, bertan Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Leteren disko batzuk grabatzera. Eta planteatu zidan, nahi izanez gero tartetxo bat egingo zidala, nik ere grabatzeko. Nik banituen kanta batzuk prestatuta eta biharamunean hantxe aurkeztu nintzen... eta hamar minutuko grabaketaren ondoren banuen nire lehen diskoa!

1969. urteko diskoaren azala.

Bakarka, Ez dok amairu, Oskarbi,... Urte luze eta ekarpen sendoa da eskaini duzuna oholtza gainean... Bidean hamaika lagun, hamaika oroitzapen, hamaika ilusio eta, zergatik ez, hamaika etsipen... Esperientzia polita...

Ez nintzen “Ez dok amairu”ko partaide izan, baina haiekin bai ibili nintzela hona eta hara kantuan. Oso esperientzia polita izan da, gertatu zaidan guztia. Ni, izatez, oso lotsatia naiz eta sarritan galdetzen diot nire buruari nola demonio ausartu nintzen jendaurrera ateratzen. Urduri jartzen nintzen... baina zerbait egin nahi nuen eta horiek guztiak gainditu beharra zegoen. Lasarten izan nuen lehen kantaldia, mendizale elkarte batean, lagun batek hara eraman ninduela. Bospasei kantu eskaini nituen, besteak beste Hutsa, baina frantsesez ere George Brassensen abestiren bat tartekatuz.

Euskara, euskal nortasunaren oinarritzat daukazu...

Nik ez du sekulan dudarik eduki. Nik uste dut hizkuntzak batzen gaituela eta euskarak egiten gaituela euskaldun. Espainolizatu nahi gaituztenek oso ondo egiten dute euskararen kontra jotzen dutenean. Ondo dakite zertan ari diren. Euskara galduko bagenu gure nortasunaren portzentaje handi bat galduko genuke.

Antonio Valverderen hitzak dira Hutsa poematik: Euskal sustraia, herri honen mamia non dago... Ez cromlech, ez dolmenetan... baizik bainan huts sakon ilunpetan estaltzera dihoakigun hizkuntza gurean...

Kontuan eduki behar dugu zein nolako garaiak ziren haiek euskararentzat. Benetan, ilunpetan estaltzera zihoan hizkuntza zen gurea. Egun egoera ez da berdina, noski. Orduan galtzera zihoala ematen zuen.

Euskara, iraganeko ondasun eder bezala —bertsolari zaharrak— baina baita etorkizunerako ezinbesteko legatu gisa, Lizardi, Lauxeta,... Euskal Herriak iraungo badu... Zergatik poeta horiek?

Oso egoera pertsonalak dira. Egia esan denek daukate nire aitarekin edo enpresarekin erlazioa. Lizardi, adibidez. Nire aita, gezurra badirudi ere, ez zen euskaraz hitz egiteko gai izan, ia berrogeita hamar urte bete zituen arte. Errenterian jaioa izan arren tutik ere ez zekien euskaraz. Gero erabaki zuen ikastea, eta Euskaltzaindikoa izatera heldu zen. Euskara ondo ikasteko, Brahamsen musika jartzen zuen magnetofoian eta haren gainetik poesiak irakurtzen zituen, batez ere Lizardirenak. Ni orduan 11 urteko mutikoa nintzen eta ordudanik dut Lizardi ezagun. Zenbat eta sakonago sartu Lizardiren poesian gero eta gehiago maite izan dut. Ene ustez, gure poeta lirikorik handiena dugu.

Lauaxetarekin gertatu zitzaidan, Joxean Artzeren “Isturitzetik Tolosan barru” libururako azala prestatzea nahiko konplikatua zela, eta gure enpresatik agertu zen zer nahi zuen adierazteko. Muntaketarako ekarri zituen argazkien arteko bat Lauaxetari zegokion, garai hartan pertsonaia madarikatua, ezkutukoa eta inork gutxik ezagutzen zuena. Fusilatua izan zela eta ezer gutxi gehiagorik genekien. Orduantxe izan nuen Lauaxetaren berri zehatzagoa, eta harenganako gogo bat piztu zen nigan. Handik gutxira Etor argitaletxeak liburu bat atera zuen Lauaxetaren poesiekin. Hura hartu eta mila aldiz irakurri nuen. Eta poemaren bat musika jartzen hasi nintzen, pianoz lagunduta. Horrela atera nuen 1978an Lauaxeta deitu nuen diskoa.

“Musikarako dohainak banituela txikitatik jakin nuen, baina sekula ez nuen pentsatu horretara dedikatuko nintzela”.

Dagoeneko, aurreko hitzekin, Xabier Lete sartu zaigu elkarrizketan. Noiz ezagutu zenuen?

Nik esango nuke gurea bat-bateko maitemina izan zela. Elkarren berri bagenuen, bera oiartzuarra baitzen eta guk Oiartzunen etxe bat genuenez sarritan ikusten nuen Xabier, Ollarriarre eta Goiaran arteko petrilean eserita, bere hausnarketetan bilduta. Artean hartu emanik ez genuen. Lehen komentatu dudan argazkien anekdota hura dela tarteko adiskidetu egin ginen eta behin kantatzera elkarrekin joan ginen. Xabierek Xenpelaren bertsoak kantatu zituen, eta jendea zoratu egin zen. Nik, berriz, Txirritaren bertso batzuk interpretatu nituen eta oso ongi atera zen. Jaialdi hura bukatu eta berehala bion artean zerbait egin behar zela pentsatu genuen. Eta kopla zaharrekin jaialdi bat eratzea otu zitzaigun. Horrela hasi zen gure arteko lankidetza. Eta Xabierek planteatu zidan, gu biak bakarrik aritu beharrean hirugarren bat ere gonbidatzeak emaitza aberastu egin zezakeela, eta Juan Mari Lekuonaz pentsatu genuen. Hark bertsoen hautaketa inork baino hobeto egin zezakeen. Eta kantatzeko, berriz, Julen Lekuona haren anaia gonbidatu genuen. Eta 1974an “Bertso zaharrak” diskoa atera genuen.

Nolako hirukotea! Valverde-Lekuona-Lete: Oiartzungo trinitatea?

Polita izan zen, bai.

Ez al da egia Xabier Letek bere hastapenetan, halako mingostasun epikoz transmititzen zuela bere mezua, gero —piskanaka— lirismorako bidea eginez, herritartasun kutsu malenkoniatsu batera igarotzeko? Behintzat, Ez dok Amairuko denboretan Xabierek oholtza gainetik ematen zuen irudia ez zetorren bat gero erakutsi zigunarekin...

Hasieran agian bai. Oso kritikoa zen garai hartan pil-pilean zeuden gai askorekin. Epikotasunak bazuen toki bere mezuan, bai. Baina Xabierek sortutako lanak, une bakoitzeko bere izpirituaren egoerari erantzuten dio. Xabieren traiektoria markatua dago, bere bizitzaren zenbait gertaerarekin. Hala ere, bada gai bat, bere lehenbiziko liburuarekin hasi eta azkenekoarekin bukatu arte, beti presente dagoena: heriotza. “Egunetik egunera orduen gurpilean” (1968) eta “Egunsentiaren esku izoztuak” (2008) bitartean, obra guztia heriotzari buruzko aipamenez dago zipriztindua. Kontuan eduki behar dugu Xabier 1985etik gaixo zegoela. Lurdesen heriotzak ere gogor astindu zuen.

Bikote sendoa osatu zenuten zuek biok. Gogo-erlazioa ere sakona bion artean...

Alde batetik elkar maite izan genuen, baina interesatuak ere baginen, bata bestearekin. Nik eman niezaiokeen musika laguntza interesatzen zitzaion eta nik behar nuen jendaurrean egoteko bera zen zuen plaza-gizona. Nahiko osagarriak ginen. Urte luzez horrela izan zen. Gero musikari gehiago hasi zen ateratzen. Eta topo egin zuen —ni eszenategietatik erdi erretiratua nengoela— Carlos Jimenezekin, eta berari enkargatzen genizkion nik konposa ezin nitzakeenak. Eta Carlosek profesionaltasun osoa erantzuten zuen.

“Poemekin kanta egitea ez da beti gauza samurra, batez ere poetak ez badu errimarako joera hartu idazterakoan”.

Antxon Valverde ez al da umilegia izan bere karrera artistikoan? Behintzat, duzun kalitatearekin, ez zara, diogun, komunikabideetako izarra izan. Agian, aitaren ezpalari jarraiki... enpresa gizona ere izan zarelako... Ez al duzu uste?

Nik uste dut zuzen zaudela, eszenategian gorputzak bigarren plano batean egotea eskatzen dit-eta. Xabier nire ondoan edukitzeak alde horretatik kalte apur bat ere egin dit, bere irudi erraldoiarekin. Baina ni konforme nengoen protagonismorik gabeko jarrera horretan. Ez dut sekula gizon publiko bihurtu nahi izan; alderantziz, zenbat eta ezkutuago hobe.

Ziur aski, enpresa gizona ere izateak ez zaitu oholtzaren gaineko protagonismoa irabaztera behartu...

Bai, horrela da. Horrek ere askotan atzera bultzatzen ninduen.

Zenbait jaialditan parte hartu duzu azken aldiotan, “revival” modukoak. Bide horretatik jarraitzeko asmorik ote?

Bai. Bestalde, Xabier hil zenetik zenbait tokitan omenezko ekitaldiak eratu dira eta deitu egin naute abesteko. Aurtengo Musika Hamabostaldian ere zerbait prestatzen ari da eta horra ere aterako naiz kantatzera.

Musika eta folklore ikertzaile ere zaitugu, zure alderdi ezkutua bada ere...

Musika ikasketak eginak nituelako, banuen abeslari askok ez zeukaten erraztasun bat: liburu zaharretatik irakurtzeko eta ikasteko ahalmena. Aita Donostia, Azkue, Bordes eta beste batzuen kantutegiak sakon ezagutzen ditut eta hori ongi etorri zait kantutegi horietan nire ikerketa lanak burutzeko.

Zure diskoetatik zein aukeratuko zenuke...

Horri erantzutea ez da bat ere erraza. Nik badakit jende askok Lauaxetaren diskoa duela gogokoen. Joxean Artzek, esaterako, esan dit maiz berriro baldintza hobeekin grabatu behar nuela. Nik ez dut hori egin nahi izan. Bakarkako nire lehen LP-a, 1975ean grabatua, Antton Valverde oso gogokoa dut —aitaren “Hura” poema agertzen da bertan— eta baita Lete, Lizardi, Gandiaga eta Artzeren poesiak ere bai. Poemekin kanta egitea ez da beti gauza samurra, batez ere poetak ez badu errimarako joera hartu idazterakoan. Eta Xabieren “Hitzez hitz”ekin nahiko kanta taxutua atera zitzaidan. Baliteke disko hori izatea gehien maite dudana.

“Ez nintzen sekula musika eta kantagintza nire ogibidea egitera ausartuko”.

Zer gertatu zaizu zailen, poesia bat aukeratzea ala horrentzako musika sortzea?

Bata bestearekin doa. Poesia batera egokitzen baduzu zure burua zerbait aterako zaizu. Askotan nahikoa izaten da, nota pare bat buruan edukitzea. Zailena testu egokia bilatzea da.

Zein doinuarekin geratuko zinatake...?

Agian, Lizardiren amonaren hiletarekin, “Bihotzean min dut”. Magnetofoi zahar bat neukan eta doinua grabatzeko saiatzen ari nintzen. Xabier Lete etorri zen etxera eta jarri nion eta entzun bezain laster eman zidan bere epaia: “Ondo zegok! Oso ona dek”.

Posible izango al litzateke, zure abestiren baten melodia zatiren bat pianoz jotzea? Partiturak hementxe dituzu...

Ez... Partiturak hemen daude lanean ari naizelako. Hiru alaba dauzkat eta bigarrena ezkonduta dago Francisco Herrero oso biolin jole onarekin. Eta hark bultzatuta, kontzertu bat prestatzen dugu urtearen bukaeran emateko, hementxe bertan, gure etxean. Sendi giroko kontzertua izaten da. Aurten Dvorak, piano eta biolinarekin joko dugu eta hori saiatzen ari naiz. Lauzpabost pieza motz izango dira. Azken kontzertua izan zen Beethovenen bi erromantza eta Brahmsen biolin kontzertuaren bigarren mugimendua.

Bere garaian Maria Josefa Valverdek zurekin eragina izan zuen bezala... Valverde artista gehiago al daude ateratzear?

Oholtza gainean... ez dut uste.Antton Valverde (Donostia, 1943) Euskal musikaria. Antton Valverde Donostiako ESTEn karrera bukatu eta familiaren enpresan hasi zen lanean, Gráficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik eta 60ko hamarkadan hasi zuen musika ibilbidea. Musika eta enpresa mundua ibili da batera. Hainbat disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren “Eskutari” diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Xabier Lete eta Julen Lekuonarekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin “Bertso zaharrak” (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera, “Txirritaren bertsoak” (Herri Gogoa, 1976). Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, “Antton Valverde” (Herri Gogoa, 1975), egina zuen. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: “Lauaxeta” (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxeten testuez gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta Joxean Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.1983an Xabier Lizardi poetari egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, “Urte giroak ene begian” diskoan (Elkar, 1986).Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte: “Larogeitamazazpi” (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, “Barberian”. 2007an lan berria argitaratu zuen, “Hamabi amodio kanta” (Elkar, 2007).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Guimón Ugartechea. Psikiatrian doktorea: Julián de Ajuriaguerra giza sufrimendu psikikoa ulertzen eta arintzen jardun zuen intelektuala izan zen

 

Irakurri

Sabin Salaberri. Musikaria: Jesus Guridi oso sentiberatasun bereziko gizona zen

 

Irakurri

Mikel Fernández Krutzaga. Ekoizlea eta soinu-ingeniaria: Musikaren egoera eutsiezina da gaur egun

 

Irakurri

Iñigo Bolinaga. Historialaria: Espainiako erregeek kontzientzia-arazoak izan zituzten Nafarroako erresumaren jabetza zela eta

 

Irakurri

Alex Fernández Muerza. Kazetaria: Kontsumitzaileok merkatu-joerak alda ditzakegu erosterako orduan hartzen ditugun erabakien bidez

 

Irakurri